Egungo teknologiarekin espazioa kolonizatzea oso zaila izango da gizakiarentzat, gure gorputza grabitatearekin bizitzeko eginda baitago.
Joan den mendean sateliteak espazioratzen hasi zirenetik, milaka animalia bidali izan dira saiakerak egiteko asmoz. 1991ko ekainean, Columbia satelitean, 2.478 marmoka bidali zituzten, polipo eran. Animalia horiek hainbat oinarrizko mugimendu egiten dute grabitateari esker, eta haren faltak nola eragingo zien aztertu nahi zuten zientzialariek.
Marmokak jaio, hazi eta ugaldu egin ziren espazioan, eta urte batzuk geroago 60.000 ale ekarri zituzten espaziotik Lurrera. Espazioan jaiotakoak ongi bizi izan ziren espazioan izan ziren bitartean, baina lurreratzean anormaltasun ugari izan zituzten grabitatearen eraginez. Zientzialariak ez dira ausartu marmokei gertatutakoa gizakiari estrapolatzen, baina oso litekeena da guri gauza bera gertatzea egoera horretan jarriz gero. Zailtasun handia izango litzateke espazioaren kolonizazio bidean.