argia.eus
INPRIMATU
Viatge a Ítaca: bide luzea eta malkarra
  • Kataluniako alderdi gehienek hango etorkizun politikoari buruzko erreferenduma egin nahi dute. ‘Erabakitzeko eskubidea’ esan diote horri. Itxuraz, herritar gehienek eusten diote eskaera horri. Badirudi azken urteetan sendo handitu dela indepedentziaren aldekoen kopurua; eta horien arteko askok lasterka egin nahi du independentziarako bidea. Berehala egin nahi dute erreferenduma; eta berehala iritsi nahi dute, inolako ihesbiderik gabe, abertzaleek izaten ohi duten ametsetako Itakara: estatu independente izatera.

Alberto López Basaguren 2021eko uztailaren 27a

Espainiako sistema politikoak, oro har, kontra egin dio eskaera horri arrazoibide bakarrarekin: legezkotasun printzipioarekin. Konstituzioaren kontrakoa omen da halako erreferenduma eta Konstituzioaren kontrakoa, baita ere, Kataluniako independentzia. Beraz, ez legoke gehiago eztabaidatzekorik.

Hargatik, auzia ez da batzuek eta besteek nahiko luketen bezain gardena.

Auzia ez da ahitzen legezkotasun printzipioaren magalean. Baina nekez egingo da legez kanpo zilegitasun eta sinesgarritasun juridiko eta politikoa izan nahi duen erreferendumik. Demokrazia liberaletan –eta, gogoko izan edo ez, hori dugu eremu eta eredu– legezkotasun printzipioa da oinarrizko printzipiorik oinarrizkoena: gainerako printzipioen muga da. Ez dago printzipio demokratikoak legezkotasun printzipiotik kanpo ekar dezakeen ondoriorik. Hori izan da Quebeceko nahiz Eskoziako kasuetan erabat garden ezarri den printzipioa.

Eta independentzia bereziki eskuragaitza da. Alde batetik, nazioarteko zuzenbideak ez du onartzen independentziarako eskubiderik egoera kolonialetatik kanpo eta, muturreko salbuespen gisan, remedial secession –beraz, giza eskubideak eta eskubide politikoak era gordinean urratzen diren– kasuetatik kanpo. Azken bide hau, hala ere, bereziki zaila da, Kosovoko kasua erakusten ari den gisan. Eta mendebaleko Europan nekez onartuko da halakorik eredu geopolitikoa aldatzen ez den bitartean.

Bestalde, demokrazia liberal guztietan Estatu barreneko lurralde baten banakuntza Konstituzioaren kontrakoa da. Sistema federala izan edo ez. Ameriketako Estatu Batuetako gerra zibila dugu adibiderik argiena.

Hala ere, garaiak aurrera joan dira. Kanadako eta Erresuma Batuko kasuek erakusten dute “mendebaleko” konstituzio-antolamenduetan eredu berri bat osatzen eta jorratzen ari dela. Baina zer neurriraino aldatu da eredua?

Kanadako Auzitegi Gorenak eredu berria zabaldu zuen 1998ko Adierazpenean, hausnartu behar izan zuenean Quebecek estatu independente gisa eratzeko omen zuen eskubideaz. Eta argi ezarri zuen Federazio barreneko ezein lurraldek ez duela independente izateko inolako eskubiderik. Ez dago, beraz, inondik ere, “erabakitzeko eskubide”rik.

Baina horrek ez du esan nahi auzia horretan amaitzen denik. Zer egin sistema demokratiko batean lurralde bateko herritar gehienek, argi eta garbi, lurralde horren independentzia nahi baldin badute?

Lurralde baten independentziak Konstituzioaren eraberritzea eskatzen du, nahitaez, independentziari atea espresuki zabaldu behar baitzaio. Bide horretan, sistema demokratiko batean, lurralde bateko herritar gehien-gehienek (a “clear” majority as a qualitative evaluation) argi eta garbi erakusten badute haien lurraldea estatu independente bihurtzeko nahia, printzipio demokratikoak eskatzen du, ezinbestez, nahi horri jaramon egitea. Legezkotasun printzipioak zilegitasun demokratikoa izan behar baitu oinarri.

Konstituzioaren eraberritzeak borondate ugariren adostasuna eskatzen du, hala ere. Horretarako, negoziazio politikoari atea zabaltzeko beharkizuna dute alde guztiek. Honetan datza Kanadako Auzitegiaren berrikuntzarik nabarmenena. Negoziazioan alde bakoitzak haren helburuaren zilegitasun demokratikoa izango du jokoan. Konstituzioaren oinarrian kokatzen diren printzipioek eskatzen dutenaren arabera jokatu beharko dute batzuk eta besteok horri eutsi nahi badiote.

Baina hau politikaren eremua da. Inork ez du bermaturik haren helburua lortuko duenik. Eta irtenbiderik gabeko bidea izan daiteke. Sistema politikoak haren gaitasunaren neurria erakutsiko du bide horretan. Eta, baita ere, nazioarteko mailan duen harrera eta sinesgarritasuna. Arlo honetan Espainiak arazo berezia du ez baitio aukerarik ematen ere Kataluniako herriari haren nahi politikoa zuzenean adierazteko. Eta hau saihestu ezineko azaroa bihurtu daiteke, Quebeceko eta Eskoziako adibideen aurrean.

Edonola ere, munduan gertatu dena ikusita, ondorioa ezinbestekoa da: independentziarako bidea erabat luzea, malkarra, lausoa, arriskuz betea eta inolako segurtasunik gabekoa da. Baina hori da Konstantin Kavafisen poema liluragarriak erakutsi ziguna; gutako gehienok, lehenbizikoz, Lluis Llachen bertsioaren bidez ezagutu izan genuen poema. Ataka honetan berriro entzun beharko genuke, arretaz, kanta zoragarria; bereziki, Kataluniako independentzia berehala eskuratu nahi dutenek.

* Alberto López Basaguren Konstituzio Zuzenbidearen irakaslea da EHUn.