argia.eus
INPRIMATU
Lekeitioko zine bilera
Euskal zinemaren hitzordua
  • Aurten ere, aurretik ikusi gabeko film ugari eta beste jaialdi batzuetan estreinatutako edo saritutako hainbat lan eskainiko dituzte Lekeition. Euskal ekoizpenen bilgune, merezi duen euskarazko lanik ez dio ihes egiten euskara hutsezko zinemaldi bakarrari.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2013ko azaroaren 21a

Martxelo Rubio, Iker Galarza, Nagore Aranburu, Anartz Zuazua, Ramon Agirre, Ainara Gurrutxaga, Pedro Otaegi… Euskal Herriko aurpegi famatuak pantaila handian ikusiko ditugu hilaren 24tik 30era bitartean, Lekeitioko 36. Euskal Zine Bileran. Kamera atzean ere, Mireia Gabilondo, Asier Altuna, Koldo Almandoz edota Iñaki Beraetxe moduko izen ezagunak aurkituko ditugu gidari. Baita makina bat aktore eta zuzendari amateur ere. Azken finean, aurten euskaraz filmatu denaren errepasoa egiteko aukera ederra da Bilera. Guztira, 50 ikus-entzunezkotik gora proiektatuko dituzte eta Ikusgarri areto kanpoan ere jarraitu ahal izango dira emanaldiak, pantaila jarriko baitute bertan.

Eta zer da aurten euskaraz filmatu dena? Esaterako, Amaren eskuak, Mireia Gabilondok zuzendutako eta Ainara Gurrutxagak protagonizatutako luzea, Karmele Jaioren liburuan oinarritua. Ama eta alabaren arteko harremanaz, zaintzaz, familia eta lana uztartzeko borrokaz eta norbere burua aurkitzeaz mintzo den film horrek inauguratuko du jaialdia. Donostiako Zinemaldian ikusi ahal izan genuen Asier Altunaren Zela Trovke ere emango dute. Antzinako melodia eslovakiarra jo eta kantatzen duen Holandako orkestra –eta bertako kide den Maite Larburu hernaniarra– du abiapuntu Zela Trovkek. Heriotzaz hitz egiten duten abestiak eta irrintzi bat tarteko, kritikaren txaloak jaso ditu Altunaren lanak. Donostiako Zinemaldian izan zen baita ere Lekeitiora ekarriko duten Hotzanak, for your own safety, animazioarekin esperimentatzen duen Izibene Oñederraren obra originala. Maila oneko animaziogintzaren erakusgarri dira, halaber, hainbat sari lortu dituzten Beerbug (Ander Mendiarena) eta Martina (Urko Mauditena).

Errealitatearekin eta fikzioarekin jolastuz, benetako laguntasuna eta konpromisoa du ardatz Kote Camachoren Elkartea film laburrak; 1942ko Stalingradora eta gerra garaira garamatza Jose Lopez Fonsecaren Niet pelikulak; langile baten eguneroko grisa islatzen du Koldo Almandozen Deus et machina-k; zaharraren gainbehera eta haurraren jakin-mina aurrez aurre paratzen ditu Pello Gutierrezen Abuztua-k; maitasun hondatua, zapaldua gordinki jorratzen du Pablo Vijanderen Albaitari-k; haurtzaroko ametsetan murgiltzen da Asier Urbietaren Arconada

Dokumentalak ere ez dira faltako. Hala nola, hizkuntzaren mugez diharduen Hesiak gainditzen (Txatxilipurdi elkarteak egina); amonengandik bilobenganako kultur transmisioa hari nagusi duen 81 amama (Izaro Gonzalez Ieregi); sukaldaritza eta zinema uztartzen dituen Sormenaren bide ezkutuak (Lara Izagirre); Erriberan euskaraz bizitzeko ahaleginak kontatzen dituen Badira Bagara (Itxaso Frau); downhill kirol modalitatea azaltzen duen Downhilla Euskal Herrian (Lander Odiaga Arizmendiarreta) edota musika eta dantzaz bakarrik ez, bizitzeko modu baten filosofiaz ere ari den Aiko taldea: dantza plazara.

Beste hamaika proiekzio ere izango dira ikusgai, goiz eta arratsalde, inoiz baino pelikula gehiago eskainiko baitituzte. Horien artean, Napoka Iria, nik ere bideoklipa, David Zabala Erezumak egina eta euskarazko zinemagintza laguntzeko duela hiru urte sortu zuten Benito Ansola bekaren irabazlea.

Antzarraren bila
52 filmek hartuko dute parte Antzarra eskuratzeko lehian: profesionalak sarituko dira alde batetik (19 guztira) eta amateurrak bestetik (24). Lehen aldiz, gainera, zuzendari hasiberrientzat ere izango da garaikurrik: bederatzi lan lehiatuko dira Gazte 22 sailean. “Lehiaketaz gain, zinegile profesionalak zein amateurrak batu eta elkarren artean sinergiak sortzeko esparrua izan behar du Euskal Zine Bilerak”, diote antolatzaileek. Hala, umeentzako emanaldiak eta zinemari buruzko mahai-inguruak ere prestatu dituzte, besteak beste.

Izan ere, zinemalditik harago Bilera da Lekeitiokoa, “euskal zinemaren arnasgunea”, Xabier Arrate Burguillo herriko Euskara zinegotzi eta lantaldeko kidearen hitzetan. “Euskal zinema bera, egileak eta zaleak elkarrekin harremanetan jarri eta elkarrengandik elikatzeko lekua da, sortzen jarraitu ahal izateko portua. Aurten bereziki zabala eta oso maila handikoa izan da erantzuna, eta horrekin batera solasaldirako eta hausnarketarako tarteak eskainiko dira”.

Arratek azpimarratu digunez, “Euskal Herrian ibilbide gero eta sendoagoa egiten ari den zinemarako garrantzitsua da lan hori aitortzea eta euskal kulturari egiten dion ekarpenaz jabetzea”, eta horixe du helburu Lekeitioko urteroko hitzorduak.