argia.eus
INPRIMATU
Eten proiektuaREN Barruko KONTZERTUA
Piztu musika, eten genero indarkeria

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2013ko azaroaren 20a

Genero indarkeriaren arazoa ikusgarri egiteko, horretan diharduten taldeei babesa emateko eta gizarteko sektore ahalik eta zabalenak horren ardura har dezan, Itsaso Gutierrez Retolaza musikariak Eten proiektua sortu du. Horren bidez eta musika gailu nagusi duela, disko-bilduma eta kontzertu erraldoia antolatu ditu.  

Itsaso Gutierrez Retolaza tematia da oso, batik bat bere senak agintzen dion norabidean nabigatzea erabaki zuenetik, inori men egin gabe. Hala egin zuen musikari moduan, luzaroan beste hainbat proiektutako partaide izan ostean, bere kabuz ON taldea martxan jarrita: prozesu eta proiektuaren kontrol osoa eta burujabetza bereganatu batetik; eta gehien kezkatzen duten gaiei –emakumeek jasaten dituzten jazarpen, zailtasun eta oztopoak– diskurtso sendoa landu eta eraiki.

Izan ere, musikaren eta bere bizitzaren lema hartzearekin bat, are eta kontzienteagoa da emakumea dela eta horren alde egin nahi duela borroka. Hala, bere familian eta bere azalean bizi izandako jazarpen esperientziek garra piztuta eta genero indarkeriak gizartean iraunkortzearekin amorratuta, pauso bat harago eman nahi izan du. “Tratu txarren kontra lan egiten duten taldeei diru-laguntzak nabarmen jaitsi zaizkiela jakin nuenean, talde horiek finantzatzen laguntzeko eta kontzientziak pizteko nire esparruan zerbait egin behar nuela erabaki nuen, alegia musikaren bidez”, argitu du Donostiako musikariak.

Euskal kantuak tratu txarren kontra

Pentsatu eta egin. Hala sortu zen Eten proiektua. Azken urteetan euskaraz genero indarkeriari buruz idatzitako kantuak batzeari ekin zion eta disko-bilduma osatu du, azaroaren 25ean, Tratu Txarren Nazioarteko Egunean, aurkezteko. Diskoak 22 kantu batzen ditu eta sei eurotan dago salgai. “Salmentaren etekinak ekoizpen gastuak ordaintzeko dira, eta hortik aurrerakoak genero indarkeriaren kontra lan egiten duten taldeen artean banatzeko”.


Ekimen honen bidez, hiru helburu erdietsi nahi izan ditu Itsaso Gutierrezek: gure gizartean barneratuta daukagun arazo larri horri aurre egitea; gaiaren gaineko hausnarketa bultzatzea; eta kulturako zenbait artista borroka horretan inplikatzea, modu horretan, lehenbailehen ekidin beharreko arazoa hobeto gizarteratzeko.

Eten proiektuaren baitan, azaroaren 30ean kontzertua eskainiko da Durangoko Plateruena Kafe Antzokian. Bilduman parte hartu duten taldeetako batzuek eta orain arte gaiarekin lotutako kanturik ez duten arren ekimenarekin bat egin nahi duten beste talde askok hartuko dute parte emanaldian. Guztira hamazortzi talde izango dira agertokian, gustu eta estilo guztietakoak. Izan ere, gaiaren zabalkunderen eta kezkaren isla da ekimen bietan parte hartu duten taldeen aniztasuna.

Noiz: Azaroaren 30ean, 22:00etan.

Non: Durangon, Plateruena Kafe Antzokian.

Taldeak: Itxaro Borda + Ekhi Vegas / Amaia Zubiria / Anje Duhalde / Xabi Solano / Rafa Rueda / Soka! / Soharro / NX / Humus / Izate / Ero / Nekez / Niketz / Herri Oihua / Petti / Mursego / Ain_1 / ON.

Sarrera: 10 euro. Sarrera + CDa