argia.eus
INPRIMATU
Esther Vivas / Prozesu Konstituziogilearen bultzagilea
"Sekulako aukera dugu orden sozial berria eraikitzeko"
  • Kapitalismoaren aurkako Ezkerra ekimeneko zerrenda buru izan zen 2009ko Europako Legebiltzarreko hauteskundeetan. 1975ean jaioa, ekokazetaria da, ikerlaria eta mugimendu sozial ugaritako aktibista. Teresa Forcades eta Arcadi Oliveresekin batera, Prozesu Konstituziogilearen bultzagileetakoa. Arrakasta handia izan duen Sense por (Beldur barik) liburua idatzi berri du Forcadesekin.

Xabier Letona Biteri @xletona 2013ko azaroaren 21a
"Orain inoiz baino argiago erakutsi behar da independentziaren bidea eta diskurtso soziala uztarturik doazela eta horretan sinesten dugunok hauteskundeei begira ere bildu egin behar dugula".

Nola ikusten duzu orain arte independentzia prozesuak egin duen ibilbidea?

Mugimendu independentistak Kataluniako gizartearen gehiengoa ordezkatzen du eta gizartearen borondate demokratikoa islatzea da bere ezaugarririk garrantzitsuena. CiUk independentismoz mozorrotu du bere murrizketa politika gogorra, baina Masek sekulako zartakoa hartu zuen iazko hauteskundeetan. Gai sozialek indarra hartu dute Kataluniako mugimendu soberanistan. Mugimendu soberanistak presio egiten dio CiUri independentziaren bidean, baina aho biko harremana mantentzen du berarekin eta lidergoa eskaintzen dio Masi, eta nire ikuspegitik hori ez da egokia, balizko Katalunia independente hori betiko klase nagusien menpe geratuko litzatekeelako.

CiUk eta Masek egin al dezakete atzera edo jadanik berandu da horretarako?

Mobilizazio handiak horrela jarraitzen badu, CiU eta Mas independentziaren alde egitera behartuta daude. Madrilgo jarrerak ere ez dio ezer laguntzen, PP erakusten ari den jarrerarekin handik ez baitu ezer duinik jasotzeko aukerarik. Alderdi interesengatik CiUk berak ere bultzatu izan du kale mobilizazioa, eta orain olatu horretan harrapatua dago.

Prest ikusten al duzu Kataluniako gizartea aurreikusten den egoera nahasirako?

Espainiak ez du erakutsi Kataluniako egoneza handiari aurre egiteko inongo borondaterik. Alderdi soberanista handiek krisiarekiko irtenbide gisa erakusten dute independentzia, baina uste dut Troika eta Europako Batasunaren menpe legokeen balizko Katalunia independente batek ez lukeela ezertarako balioko. Katalunia ohiko 400 familien esku gera dadin ez da halako prozesurik behar.

Eta uste duzu mugimendu sozialak nahiko indar duela prozesu soberanistan eragiteko?

Uste dut baietz. Batetik, azken bi urteetako Diadetako mobilizazioek erakutsi dute mugimendu sozialek neurri batean gaina hartu dietela alderdiei. Aldarrikapen nazionalak eta sozialak banaezinak dira eta Prozesu Konstituziogilea ere logika horren barruan ulertzen da.

Prozesu Konstituziogilean aipatzen da Kataluniako Legebiltzarreko hurrengo hauteskundeetarako ezkerreko plataforma zabala antolatu nahi dela. ERC, ICV edo CUPekoek ez al dute mesfidantzaz begiratzen zuen ekimena?

Hurrengo hauteskundeetan aurkezteko tresna berri bat sortzea baino, bere helburua ezkerreko indarrak bilduko dituen tresna politiko-soziala sortzea da, gune horretatik Katalunian beti boterean egon direnei desafio egin ahal izateko. Oro har, zuk aipatu dituzun indar politikoek jarrera egokia erakutsi dute Prozesu Konstituziogilearen aurrean, baina bai, hasieran mesfidantzak sortu zituen. Guk argi dugu oso gaitza dela gizartea instituzioetatik aldatzea, hori kaletik egiten dela uste dugu, borroka sozialetik eta desobedientziatik. Apirilean abiatu zen prozesua eta harrezkeroztik 110 batzar sortu dira hainbat herritan. Hori guztia antolatzen ari gara orain, eta oinarria kalean dela uste badugu ere, argi dugu beti boterean izan diren horiei instituzioetan ere lehia egin behar diegula.

Orain arte arrakasta handia izaten ari da.

Gizartean sumindurak gora egin arren, agintzen dutenek eurenarekin jarraitzen dute. M15aren ondoren, gero eta gehiago ikusten da mobilizazioa ezinbestekoa dela, baina baita ere alternatiba politikoak plazaratzeko gai izan behar dugula. Teresa Forcades moja benediktinoa eta Arcadi Oliveres ekonomilari eta aktibista sozialak plazaratu dute ekimena eta horrek ere sinesgarritasun handia eman dio.

Erakarri ditzake orain arte prozesu soberanista mesfidantzaz ikusi duten sektoreak?

Independentista izan gabe, hurbildu zaigun jende askok ikusten du apurketa demokratikoa egiteko aukera askoz handiagoak daudela prozesu independentista honetan beste edozein esparrutan baino. Gure erronka da auzune handietan bizi eta nazio arazoa lehentasunezko gisa ikusten ez duen jendea erakartzea. Erakutsi behar diegu independentzia prozesu hau sekulako aukera izan daitekeela orden sozial berri bat eraikitzeko.

Inkesten arabera, datozen hauteskundeetan ERCk aurre har diezaioke CiUri.

ERCk inkestetan gora egiten badu, hori batez ere da independentziarekiko CiUk baino sinesgarritasun handiagoa duelako. Ciutadansek ere sendo egiten du aurrera eta PPk nabarmen behera. Ciutadansek batzen ditu bere diskurtsoan espainolismo gogorra eta PPren murrizketen aurkako diskurtsoa. Horregatik, orain inoiz baino argiago erakutsi behar da independentziaren bidea eta diskurtso soziala uztarturik doazela eta horretan sinesten dugunok hauteskundeei begira ere bildu egin behar dugula. ERCk gaur egun ez du alternatiba hori eskaintzen, besteak beste, ikusten dugulako nola laguntzen duen CiU gobernuan eta nola ematen dion sostengua beste hainbat gaietan ere.