Hala du izenburu Kropotkin printze errusiar anarkistaren liburu famatu batek. Darwinek eta bereziki haren epigono Huxley eta Spencerrek azpimarratzen zuten ezen bizimodua ateratzeko borroka zela nagusi espezien bilakaeran eta hautespen naturalean, eta ez elkarri emandako laguntza; eta Kropotkinek, berriz, alderantziz, borrokarena ukatu gabe, elkarri laguntzearen garrantzia azpimarratu zuen.
Darwinek Hego Amerikan, bereziki Galapagos uharteetan aztertutako espezietatik atera zuen bere ondorio nagusia, eta Kropotkinek, berriz, Siberian eta Mantxurian egindako behaketetatik: naturan gertatzen ziren hondamendiei –elurte izugarriak– eta espezie etsaiei aurre egiteko –Darwinen lana oso aintzakotzat zuen; iruditzen zitzaion alde txarretik garatu zutela bere epigonoek– taldean bizitzea eta elkarri laguntzea giltzarri zirela espezieak bizirik irauteko, eta gizakion kasuan ere berdin, elkarri laguntzea ezinbesteko, borrokaren egitekoa ukatu gabe.
Honezkero irakurle batek baino gehiagok pentsatu du bere artean: Darwinek eta haren jarraitzaileek zuten arrazoi gizakioi dagokigunez, ez, Kropotkinek; etxe-kaleratzeak, lan-kaleratzeak eta normalizazio politikorako ditugun zailtasunak eta mendeku-goseak hobeki esplikatzen dira bizitza lehia eta borroka dela azalduta, lanpostua lortzeko eta atxikitzeko borroka, neskalaguna edo mutil-laguna lortzeko eta atxikitzekoa, eta askatasun politikoa eta kulturala –euskararen garapena eta normalizazioa– lortzekoa, eta elkarri laguntzeak, elkartasunak eta konpromiso politiko-kulturalak leku gutxiago dutela.
Badu, halere, beste liburu famatu bat Kropotkinek: Ogiaren konkista izenekoa. Hor, besteak beste, denontzako ongizatea proposatzen du. Gizadia aberatsa da, eta aberastasunak langile eta asmatzaileen belaunaldiek sortu dituzte teknologia sortuz eta hobetuz, eta horrela lurra bizitzeko egokiago bilakatuz. Kontua da, dakigun bezala, aberastasunok gaizki banatuta daudela, gutxi batzuen eskuetan. Zer egin behar da? Edozein eratako gobernuak deuseztatu, eta elkarrekiko laguntzan eta kooperazioan oinarrituriko gizarte bat lortu, estatu erakunderik gabeko gizartea.
Zaila da egun ezertan sendo sinestea, baina zein gustura irakurtzen diren egun ere duela ehun eta gehiago urte idatzitako liburuok. Gure baitan leku bat egitea merezi duen autore bat da, elkar-laguntzak eta kooperazioak merezi duten bezala.