argia.eus
INPRIMATU
Diru publikoa zaintzea eta gardentasuna

Juan Mari Arregi 2013ko azaroaren 20a

Epsilonen porrota “errudun” gisa izendatu du epaileak joan den astean. Kudeatzaile nagusia, Joan Villadeprat administratzaile bakarra, erantzule egin du. Gasteizko epaitegi batek zorrek eragindako kaltetuei 900.000 euro ordaintzera zigortu du eta hiru urtez enpresari katalanak ezingo ditu besteren ondasunak administratu edo besteren ordezkari lanak egin. Enpresak 1 Formulan lehiatu nahi zuen eta Espainiako eta Gasteizko Gobernuaren diru-laguntzak jaso zituen, Ibarretxeren eta EAJren garaian. Hainbat aurrezki kutxek kredituak eman zizkion, zorra 37 milioi eurotik gorakoa zela ere. Egun hauetan jakin dugu Fagor Elektratresnak kooperatibak milioika euroko laguntzak jaso zituela Lópezen eta Urkulluren Gobernu garaian, zorra 800 milioi eurotik gorakoa zenean. Ez dira laguntzak jaso eta porrot egin duten enpresa bakarrak. Hiriko, Jubernor eta abar, “ezkutatu” diren milaka milioi euro diru publikoaren izebergaren punta baino ez dira. Ardura politikorik ez al dago?

Horrek guztiak zalantzan jartzen ditu enpresa eta egitasmo batzuei erakundeek ematen dizkieten laguntzak. Nola liteke Ibarretxek plan estrategikoan Epsilon “egitasmo nazional” moduan hartzea, merkatuak ez bazuen onartzen? Nola uler daiteke erakunde publikoek horrenbeste diruz lagundu eta sustatutako Hiriko egitasmoa erortzea? Nola azaldu Fagorrek aurrerabiderik gabeko zorra bazuen berriki milioika eurotako laguntza publikoak lortzea? Diru publikoa gehiago zaindu beharko litzateke, gehiago begiratu zein egitasmo aurkezten diren eta aurrera segitzeko zenbaterainoko bermea duten. Bestalde, laguntzak gardentasunez azaldu behar dira. Diru publikoa ez da gobernuko alderdiarena, eta laguntxoei ematekoa. Herritarrei zerbitzatzeko da, enplegua sortzeko, mantentzeko, eta gizarte zerbitzuak hobetzeko.