argia.eus
INPRIMATU
Trebiñori begira

Oihane Perea 2021eko ekainaren 30a
Gure mapari begiratuta
barrua jartzen zait sutan
nola Araba erdian egon
ta Burgos duen lekutan.
Demokraziak bere aurpegia
erakusten du batzutan:
Gehiengoaren etorkizuna
gutxi batzuen eskutan….
Eta Trebiño hor geratu da
lau jauntxoren sudur puntan.
 
Gure aitona bertan jaio zen
egin behar dut aitortza
sustraietatik entzun dezaket
trebiñoarren ahotsa.
Araban bizi eta daukate
mugetan izen arrotza
nahiz batzuk duten mingain luzea
eta oso esku motza
oraindik ere taupaka dago
Trebiño, gure bihotza!
 
Gasteiztik irten Mendialdera
basoz jazten da paisaia:
herri txikiak, herri xumeak
jende jator ta alaia
begiradetan nabaritzen da
min egiten duen gaia
denek dakite badela behingoz
betearazteko garaia
trebiñoarren borondatea
eta Arabaren nahia!