argia.eus
INPRIMATU
Lurreratze pista kapitalismoarentzat

Juan Mari Arregi 2013ko urriaren 30a
Banco Santanderreko Emilio Botín gisako bankariek, enpresari handiek, Espainiako Gobernuko bozeramaileek, baita Gasteiz eta Iruñekoek ere, nolabaiteko bozkarioa erakutsi dute Espainiako Estatuaren egoera ekonomikoa dela-eta. Diotenez, ekonomia berreskuratzen ari da, “tunelaren beste aldeko argia” ikus omen liteke. “Espainian dirua alde guztietatik sartzen ari da” eta Espainiak “etxeko lanak egin ditu”. Espainiak “erakargarritasuna du”. 
 
Azken esaldia FCCko kontseilari delegatuak esan du, Bill Gates-ek akzioak erosi dituela baieztatutakoan. Microssoft-eko fundatzailea FCCren bigarren akziodun handiena da, eraikuntzan aritzen den multinazional madrildarreko kapitalaren %6 alegia. Gatesen erosketa-maukak baieztatzen du Botínek New Yorken esana: “Atzerriko diru asko ari da sartzen Espainian”.
 
Zergatik ari da sartzen hainbeste diru? Zergatik du Espainiako burtsak halako arrakasta? Euren bozgorailuek garbi diote: “Espainiak etxeko lanak egin dituelako”. Bai, Espainiako Estatua lurreratze pista paregabea bilakatu da kapitalismoarentzat, Espainiako Gobernuak eta bere gobernu sukurtsalek “etxeko lanak” egin dituztelako: elkarteen gaineko zerga gehiago murriztu; ingeniaria fiskalaren bidez iruzurra erraztu; soldaten kostua gutxitu; kaleratzeak merkatu; laguntza sozialei eta osasungintzari guraizeak sartu; erretiro adina atzeratu… Ez da harritzekoa, beraz, lekuotatik kapitalismoa berriz ere lasai asko ibiltzea. Lurreratze pista prest du negozioa egiten segitzeko. Espekulatzen segitzeko. Ezer gutxi inporta die ia sei milioi langabetu egoteak!