argia.eus
INPRIMATU
Kubatarrak maisu behar gorriaren teknologietan
  • Kuban izan diren guztiek kontatu dituzte han herritarrek egunero behar dituzten tresnak sortu, konpondu eta bizirik atxikitzeko daukaten modu guretzat bitxia. Espiritu karibetarra dela, beharrak kitzikatzen duen irudimena, blokeo ekonomikoari aurre egin nahia... Ernesto Orozak esplikatu du Kubaren 50 urteotako historiaren baitan.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2013ko urriaren 30a
Lezumbalaberenjena erabiltzaileak Flickren laga duen 2012ko argazki honetan, Kubako Santa Clarako senar-emazteak etxe aurrean daukaten rikimbiliarekin. Rikimbili edo riquimbili deitzen zaio beste makina eta ibilgailuenatalez brikolatutako motoari.
Lezumbalaberenjena erabiltzaileak Flickren laga duen 2012ko argazki honetan, Kubako Santa Clarako senar-emazteak etxe aurrean daukaten rikimbiliarekin. Rikimbili edo riquimbili deitzen zaio beste makina eta ibilgailuenatalez brikolatutako motoari.
‘Do It Yourself’ (DIY) euskaraz “Zerorrek Egizu” baino hobeto esango genuke “Bakarrik Molda Zaitez”. Formulak ondo defini dezake Kubako herritarrek azken mende erdian biziraun nahian garatu duen soluzio parafernalia guztia, azkenean azpikultura bat osatzeraino iritsi dena.
 
Ernesto Oroza artista kubatar gazteak, uhartean adina Miamin bizi denak, azaldu du Motherboard kanalean “Cuba's DIY Inventions from 30 Years of Isolation” bideoan.  “Hona topatu berri dudan trastetxo hau”, dio hasieran. “Argindarrari lotuz gero, ordulariaren bateria ezin kargatuzkoa biziarazi dezake berriro. Sorrek usatzen dute, entzuteko tresnaren pila eten gabe kargatu beharra daukatelako”. Irudietan nabari da ez dela produktu komertziala, eskuz brikolatuta dagoela.
 
Honelako objektuek eragin diote  Orozari asmatzea desobediencia tecnológica kontzeptua. “Teknologiaren interpretatze berri bat dakarte, jendeak hainbeste daki teknologiaz eta ingeniaritzaz ezen manipulazioan gero eta urrunago baitoa, beti gauza berriak asmatuz”.  Teknologiarekiko intsumisioak bere baitan dauzka trasteen asmatzea, berrasmatzea, berrerabiltzea, konpontzea...
 
Kubara azken urteotan joan denak pentsa lezake Sobiet Batasuna desagertu ondoren uharteak bizi izan zuen aro latzaren ondorio dela dena, baina Orozak erakutsi du lehendik zetorrela. Leitu behar zaio  “Desobediencia Tecnológica. De la revolución al revolico” artikulua.
Fidel Castro agintera eraman zuen iraultzak Kuban yankiek zeuzkaten konpainiak nazionalizatu zituenean, korporazioek erretiran berekin eraman zituzten ingeniari kubatar gehienak. 1961ean Industriako ministro izendaturik, Ernesto Che Guevarak sustatu zuen ekonomia biziberritzeko kontsigna: “Trabajador, ya has demostrado tu capacidad construyendo piezas de repuesto. Ahora, construye tu propia maquinaria”. Urte bete lehenagotik tekniko iraultzaileek Comités de Piezas de Repuesto antolatua zuten. 1963an  sortu zuten Asociación Nacional de Innovadores y Racionalizadores. [Irakurleak barkatuko al digu izen eta formula polit horiek jatorrizko gaztelanian uztea].
 
Ez zegoen lan gutxi. “Hautsitako makinek ziruditen garai hartan aberriaren etsairik beldurgarrienak”, idatzi du Orozak. “Makinen pieza hondatuek sortutako hutsuneek paralizatzen zuten iraultzaren engranajea. Obreroek ekin zioten hutsuneok betetzeari eta hainbeste aldiz hainbeste urtetan egitearen poderioz makina haietako askok gaur jatorrizko pieza baino gehiago dauzkate obreroek beraiek sortuak”. Makinok sortu zituzten ingeniari yankiak Kubara joan balira ezagutu ere ez zituzten egingo, baina aitortu beharko zuten atal trakets eta zaratatsuagoz lehen bezain emankorrak zirela. 
 
Zaharra ez bota inoiz
1960tik aurrera atelierreko lanabesak bizirik atxikitzen ahalegintzen zen teknikaria etxeko beharrak ere izpiritu berarekin asetzen hasi zen, oso baliabide gutxirekin. AEBen enbargoari gehitu zitzaion, dio Orozak eta berretsiko lukete beste askok, sozialismo berriak eraiki burokraziaren efikaziarik eza.
 
1970ean Kuba krisian hondoratu zenean, hainbeste saiatutako obreroak ohartu ziren ez zutela lortu beren familien eguneroko bizimodua konpontzea. Orduantxe sortzen da, Orozaren aburuz, Kuban hain topikoa den pilaketa: “la acumulación”. Etxeko zoko guztietan klase guztietako traste eta gaiak metatzen dira, prozesu industrialek bizimodua konpontzen ez dutenez, eskulanaren bidez moldatu ahal izateko
 
 “Hay que resolver, compañero”.  Haizagailua izorratu bada, hura konpontzeko balio lezake xuxen jasotako beste mila tramankuluetakoren baten piezak. Kontserba potoa ez da jaurti behar, agian egun batean beharko da bilobari jostailua egiteko.
1980ko hamarkadan, Sobiet Batasunaren inguruan antolatutako merkatuari esker, Europatik eramandako tresneria ezagutu dute kubatarrek, denak berdinak: hozkailua Minsk markakoa, telebistak edo Caribe edo Krim, haizagailua Orbita, garbigailua Aurika... Industria komunistak arrazionalitate hori sustatzen zuen, monotonia ere dei dakioke. Horregatik Kubako etxe gehienetan oso antzeko produktuak eta atalak gorde dira. Horrek esplikatuko du beranduago telebista ikusteko beharrezko antenak faltako direnean, sasi-antenatzat hainbeste lekutan ikustea aluminiozko erretiluak, beti berdinak...
 
Acumulación egitea bera ez obeditze seinalea zen, sistemarekiko mesfidantzarena. 1990ean campo socialista delakoa hondoratzean, kubatarrek berriro frogatuko zuten zein garrantzizkoa zen etxean hainbeste traste zahar edukitzea, “bada ezpada ere”. Agintariek ebatzi zuten “bake garaiko Aldi Berezia” izango zela aurrerantzean eta 1993an legediaren barruko lehen zirritua zabaldu zieten beren kontura lan egin nahi zuten herritarrei.
 
Período Especial delakoan eman du jauzi handia kubatarren irudimenak. Lehen momentuko helburua izan bazen hondatutakoak konpontzea, gero eta gehiago produktu eta zerbitzu berriak osatuko dituzte horretarako diseinatuak izan ez diren trasteen atalekin. “Kubanoa ez dute beldurtzen Sony, Swatch edo NASA berak daukaten autoritateak”.
 
Hainbeste desegin eta berregitearen poderioz, Kubako herritarrak ez omen du ikusten objektu bat bere osotasun eta irudian, baizik eta edozein larrialditan erabili ditzakeen osagaien batuketatzat. Haizegailuaren oinarria hautsi bazaizu, gogoratuko duzu Alemania komunistatik aspaldi ekarritako telefono hark forma bera zuela, eta halako zokotan daukazula gordea.
 
 Krisia zenbat eta larriago, orduan eta sendoagoa izan da herritarren irudimena. Denetarako aurkitu dituzte ordezkoak, garraiotarako, jostailutarako, jakietan, janzkietan... Armadak berak lagundu zien herritarrei ahalegin horretan, El libro de la familia plazaratu zuen bertan bilduz aurretik zeuden liburuak bezala jendeek Armadari ezagutarazitako teknikak.
 
Raul Castrok ekonomia irekitzeari ekin eta atzerritik, batik bat Txinatik, produktu asko sartzen hasitakoen ere, kubatarrek atxiki dute beren DIY izpiritua. Agintariak batzuetan ahalegindu dira herritarrek modu ez estandarretan sortutako produktuak oztopatzen, ibilgailuak esate baterako. Baina legedia goxatu behar izan dute. Esate baterako, auto batek legez zirkulatzeko aski du bere osagaien %60 izatea berezkoak: kaleak cuarenta por cientoz beteta daude. XXI. mendeak ekarri digun krisi sistemikoan, berriro biziraunpenerako ereduak daude Kuban.