argia.eus
INPRIMATU
Inkomunikazioa baliatu eta komunikazioa sortu

Ainhoa Mariezkurrena Etxabe 2013ko urriaren 30a
Komunikazioa/inkomunikazioa. Arriaga Antzokiak, Ttanttaka teatroak eta Kukai Dantza Konpainiak sortutako ikuskizunaren nondik norakoa islatzen du izenburuak berak. Hamaika erpin gehitu dizkiote komunikazioaz ulertzen den kontzeptu karratuari. Hitz edo hizkuntza desberdinen nahasketaren bidez hainbat egoera irreal irudikatu dituzte, baina elkar ulertzeko lengoaia aurkitu dute: dantza.
 
Kukai Dantza Konpainiak eta Ttanttaka teatroak elkarrekin egiten duten laugarren lana da honoko hau. Musika, dantza eta antzerkia uztartzen ditu oraingoan ere. Mireia Gabilondo aktoreak egin ditu zuzendari lanak eta Jon Maia dantzariak zuzendu dizkie oinak. 
 
Dantza inkomunikazioarekin lotu ohi da, ezin komunikatzearekin. Mito hori irauli nahi duen mugimenduez beterik dago ikuskizuna. Partaide bakoitzak bere esparruan lortu nahi duen askatasuna eta publikora iristeko nahia nabarmentzen da. Eta bereziki pertsona ezezagunen artean elkar ulertzerik badagoela, nola edo hala. Aipaturiko inkomunikazio horri lehen silaba kentzeko gogoz igotzen dira oholtzara, aire freskoz, sentimenduz eta askatasunez beteriko edabea gosaldu balute bezala. 
 
Aldarrikapenez beteriko emanaldia da, beraz; mezu eta detaile txikiz osaturikoa. Ikusle bakoitzak bere modura ulertuko du, jaso dituen izpi horien arabera. Euskal Herrian ezagunak ez diren hainbat hizkuntzen arteko mazedonia jango du publikoak. Ulertzeko zailtasunek harremana zaildu eta arreta galtzea ekar badezake ere, ezezagunena litzatekeen lengoaia ulertzen hasiko da: dantzarena. Mugimenduez adierazteko nahia garrasika azaltzen dute, bereziki Kukai Dantza Konpainiak. Ikuskizuna, hortaz, gorputz espresioa da, gorputzen kontakizuna.
 
Laboaren musika eta isiltasuna
“Komunikazio-inkomunikazioaren begietatik so egin ohi zuen Mikel Laboak eta inspirazio iturri horiek irekitako leihoetan ipini dugu begirada”, idatzi dute aurkezpen liburuxkan. Laboaren musika usaintzeko aukera eskaintzen dute, beraz. Baina, hala ere, isiltasunak hartzen du protagonismoa. Dantzaren lengoaia indartsua ulertzeko beste argudio bat litzateke hori. Partaideen gorputz atalek jarri dizkiote musika notak isiltasunari: pausoek, txaloek, txistuek, gonek, arnasak, asmoek, begiradek… 
 
Era berean, eskusoinuak eta perkusioak girotu dute eszenatokia hainbatetan. Euskal doinu ezagunetatik tangoaren doinu dotoreetarainoko aukera zabaltzen da. Musika zuzenean egina da. Une batzuetan ahotsak ere entzuten dira, antzerkia baitago tartean. Ttanttaka teatroak hartzen du esparru horretan protagonismoa. Miren Gaztañagak eta Aitor Beltranek irudikatzen dituzten pertsonaiek begiak gehiago zabaltzea lortu dute, umorea ere tarteko dutela.
 
Musika mundua oinarri, zer modu hoberik eskusoinuarekin alderatutako metafora batekin amaitzea baino. “Ezkerreko eskuak bihotzeko taupadak adierazten ditu. Hauspoak arnasa. Eta eskuineko eskuak esperantza”. Hala zioten Aitor Beltranen azkeneko hitzek.