Urtean behineko hilerriranzko txangoa egingo dute familia askok aste honetan. Horietako zenbatek utziko dituzte umeak lagun edo senideren baten etxean, heriotzarekiko harremanaz babesteko asmo onez? Ez jakin, ez baitago horri buruzko estatistikarik, jakina. Haien beharrik ere ez dago, erraz ohartzen baikara gure jendarteak begien bistatik, eta batik bat umeenetik, ezkutatu duela heriotza.
XXI. mendeko mendebaldar helduok deseroso bizi ditugu heriotzarekikoak, are tabu bihurtzeraino, eta horrek isla du haurrei ematen diegun heziketan, nola familietan hala ikastetxeetan. Batez ere bigarren eremu horretan dauden gabeziak azaleratu zituen Idoia Sara nafarrak, iaz argitaratutako Heriotzaren trataera eskolan (herioaz mintzo) lanean. Karrera amaierako proiektu gisa ondu zuen Sarak azterketa, HUHEZI eskolan pedagogia ikasketak burutzeko, hain zuzen.
Gertakari latz batek bultzatu zuen Idoia Sara heriotzari arreta eskaintzera. Ikasketak amaitzear zegoela, bikotekidea hil zitzaion bat-batean. Horrek ikusarazi zion hezkuntza sistemak era horretako egoerak kudeatzeko duen ezintasuna: alaben ikastetxeko irakasleak berarekin harremanean jarri ziren, aholku eske, haurrekin nola jokatu behar zuten ez zekitela eta.
Prestakuntza falta
Orobat, heriotzaren pedagogia ez da kontuan hartzen irakaskuntzan. Sarak ondorioztatu duenez, gaiari buruzko bibliografia zabala dago, irakasleek uste dute eskolan landu beharreko esparrua dela, eta ikasleek txiki-txikitatik agertzen dute interesa. Orduan, zerk eragiten du ikasgeletan hain gutxitan aipatzea heriotza, eta –sarri– hain modu desegokian?
Irakasleak, beste edonor bezala, ez daude prestaturik heriotzari buruz hitz egiteko, horra Sararen erantzuna. Bederatzi irakasleri egindako galdeketatik ondorioztatu zuenez, heriotza hurbil egokitzean baizik ez da berba egiten gaiaz eskolan, eta halakoetan agerian geratzen dira hezitzaileen baliabide falta eta horrek eragindako segurtasun eza. Aipatzekoa da galdeketaren beraren aurrean batzuek izandako jarrera: “Baten batek ez zela eroso sentitzen aipatu zigun, eta bi pertsonak ez zuten idatziz eman, ahoz baizik, barrukoak mugitzen zitzaizkielako”. Sararen esanetan nabarmena da heriotzaz hitz egitea ez dagoela normalizatuta, ezta hezkuntza arloko profesionalengan ere. “Horregatik begitantzen zait formazioa dela bidea”, dio.
Sararen galderei erantzun zieten irakasleek ere heziketa beharra aipatu zuten. “Askok ez dute inoiz formaziorik jaso, osasun zentroetan doluari buruz banatzen dituzten esku-orriak besterik ez dituzte ezagutzen”. Gutxi batzuek hartua zuten Iruñeko Irakasleentzako Laguntza Zentroak antolatutako hamabi orduko ikastaroa, gehienbat dolu prozesuan oinarritutakoa baina heriotzaren pedagogia azaletik baizik aipatzen ez duena.
Umeak babestu nahian, kontrakoa lortu
“Ongizatearen jendartean heriotza ekar dezakeen guztia (gaixotasuna, zahartzaroa…) ezkutuan mantentzen dugu”, dio Idoia Sarak. Heriotza prozesuak, gehienetan, ospitaleetan gertatzen dira, etxetik eta haurren bistatik urrun. Sararen azterketan, besteak beste, Iosu Cabodevilla psikologo nafarrak Dolua haurrengan liburuan emandako ideia hau aipatzen da: “Helduok pentsatu ohi dugu, oker pentsatu ere, haurrak babeste aldera, emozionalki ahulak direlako, heriotzak erakar dezakeen sufrimendutik aldendu behar ditugula”.
Babestu nahi horrek aurkako efektua izaten du, ordea. Goiz edo berandu, hurbileko norbaiten heriotza egokituko zaie ume gehienei, eta une horri aurre egiteko baliabideak ukatzen badizkiegu nekez garatu ahal izango dute dolu egoerarako estrategia egokia.
Ikasgelan heriotza normaltasunez lantzea nahi luke Sarak, hilkortasunaren kontzientzia txikitatik garatzeko. Bizpahiru urte dutenetik umeek badute heriotzaren berri, haren esanahia erabat ez ulertu arren, gutxienez 10 urte bete arte. Izan ere, ez dira jabetzen ez dagoela heriotzatik itzultzerik; are gutxiago, txikienen kasuan, eurak ere hilko direla.
Ipuina, heriotzaz jarduteko tresna egokia
Heriotza curriculumean txertatu behar dela argi du Idoia Sarak, baina ez du hain garbi ikusten nola. “Unitate didaktikoak sortu? Hamabost egunez gaia aztertu eta gero beste batera pasa? Hori baino gehiago da. Nolabaiteko sentiberatasuna, ikuspegi orokor bat... Zehar-lerroa izan behar du heriotzak, baina ez da hain erraza curriculumaren zurruntasunean horretarako tokia aurkitzea”.
Proposamen zehatza egiten du, hala ere: ipuinak erabiltzea. “Ipuinen bidez emozionalki korapilatsuak diren egoerei heldu diezaiekegu”. Ipuinek enpatia garatzeko aukera ematen dute, eta aldi berean gai labainak distantziatik bizitzea errazten diote umeari.
Txabi Arnal EHUko irakasleak haur literaturan heriotzari eskainitako tratamendua aztertu zuen bere doktorego tesian. Bellaterra Journal of Teaching & Learning Language & Literature aldizkariari emandako elkarrizketan, idazle eta ikertzaile arabarrak zioen umeentzako literaturak oso gutxitan aipatzen duela heriotza. “Ez dago tristurarako lekurik. Arrakastaren jendartean bizi gara eta heriotza porrot modura hartzen dugu, horregatik baztertzen da”.
Arnalek argiak eta itzalak atzeman ditu behatutako obretan. Gaiaren zenbait alderdi oso era egokian lantzen direla dio, baina beste batzuetan gabezi nabarmenak daudela. “Aztertu ditudan lanen ohiko ezaugarria da heriotzaren alde leunena besterik ez erakustea. Gaixotasun sendaezinak, suizidioa, eutanasia... ia erabat kanpo daude. Hilotzaren deskripzioa eta denboraren edo gaixotasunaren ondorioz gorputzean gertatzen diren aldaketak ere lantzeko deserosoak dira”.
Gakoa, zintzotasuna
Heriotza zahartzaroarekin lotzen dute txikienek. Komeni da haur txikiei azaltzea gazte izanda ere badagoela hiltzerik?, galdetu diogu Idoia Sarari. Hona arrapostua: “Gordin baino, zintzo esplikatu behar zaizkie gauzak, norberak sentitzen dituen bezala, baina galdetzen ez badute ez dut uste horretan gehiegi tematu behar denik, ezinegon handia sortzen die eta”.
Hala eta guzti ere, ume txikienei zenbait gauza argi utzi behar zaiela uste du Sarak. Esate baterako, hil berri den pertsona ez dugula berriro ikusiko, edo ez dakigula non dagoen. Haurrek maiz izaten dute hizpide hildakoaren kokapen fisikoa (zerua, infernua, hilerria…). “Ohituta daude ‘zeruan dago’ entzutera, eta orduan galdetzen dute: ‘zeruan, baina non? Nik zerura begiratzen dut eta ez dut inor ikusten’. Garbi esan behar zaie zer gertatu zaion pertsona horri, eta orain gure oroitzapenetan dagoela. Hortik haratago, zeruan ote dagoen, izar bihurtu den... Umeek fantasia eraikiko dute baina azkarrak dira eta badakite bereizten zer den benetakoa eta zer ez”.
Sinesmen aniztasuna lagungarri
Familia bakoitzaren sinesmenek eragina izan dezakete heriotzaren hezkuntzan. Idoia Sararen galdetegiari erantzun zion irakasleetako batek honela zioen: “Gaur egun kultura ezberdinetako ikasleak ditugu ikasgeletan. Guztiei leku utzi beharko diegu, eta aniztasun horri probetxua atera. Niri behintzat, heriotza baten aurrean lagungarria suertatu zitzaidan”.
Ifrentzua litzateke familia batek trabak jarri nahi izatea irakaslearen lanari, eskolan azaltzen diren iritziak eta familia horren sinesmenak bat ez datozenean. Edo, besterik gabe, gerta daiteke gurasoek ezustekoa hartzea eta irakaslearengana galdezka joatea, umeak azaldu dielako egun horretan heriotzaz mintzatu direla eskolan. “Azalduz gero, berehala ikusten dute beharra. Nik jarrera aldaketa nabaritu diet, holakorik egokitu zaidanean”. Jendarte osoak jarrera aldatzeko, berriz, luzeago itxaron beharko da. Ea eternitate bat ez den.