argia.eus
INPRIMATU
Alternatiba

2013ko urriaren 30a
Seguru asko Gernikara urriko azken astelehenean jende gehiago hurbilduko da, baina ez da berdina izango. Urriaren 6an Baionako hitzordura emandako erantzuna ederra izan zen. Ederra benetan. Egun berean, Barakaldoko BECen ospatu zen Biocultura-rekin lehiatu behar zuten Bizi talde ekologistakoek, eta ez zuten kale egin: 10.000 lagun, 50 hitzaldi, eta 200 talde inguru batu ginen, bide berriak jorratzera. Gernikan eta Barakaldon zoritxarrez bezeroak dira nagusi, Baionan aldiz, aktibistak eta ekimen alternatiboak. 
 
Ipar Euskal Herriko mugimendu ekologistak berriz ere “savoir faire” eta heldutasuna erakutsi dizkigu. Erronka globalak –aldaketa klimatikoa zein eredu energetikoaren eraldakuntza– eta lokalak –AHT, fracking, zero zaborrak– loturik daudela eta batera erantzun behar zaiela ongi plazaratu dute halaber. Are gehiago, protesta antolatzea ez dela nahikoa, hori ezinbestekoa bada ere, alternatibak ere landu behar direla. Gure ezetzak, kapitalismoak inposatzen dituen eredu sostengaezinari ezetz esatea bezain garrantzizkoa dela, eredu kontrajarriak, solidarioak eta herrikoiak landu eta martxan jartzea, alor guztietan. 
 
Alternatiba eguna, ziur nago, hemendik aurrera erreferentzia politiko nabarmena izango da Frantziako Estatuan ezkerrarentzat, egin duten lana eta lortu diren emaitzak eredugarriak izan baitira. Ez nago hain ziur lorpen hori Hego Euskal Herrian antzerakoa izango denik. Maleruski, gure kultura politikoan ez da normala kausa komun baten aurrean –aldaketa klimatikoa, kasu– hainbeste jende desberdin biltzea, sigla eta jatorrien gainetik. Hori ez da denbora txikian lortzen, hori lan sendo eta luzearen emaitza da.
 
Bestalde, Hego Euskal Herrian dema gogorrra dugu. Aspalditik, kanpaina eta helburu ekologistak estatuaren arrazoi krudelarekin erantzun baitira, Lemoiz, Leitzaran, Itoitz edo AHTren kasuetan ikusi dugun  moduan. Laster, Madrilen “tartalari”en aurkako epaiketak izango dira, euskal ekologisten aurkako errepresio eroaren seinale. Logika hori apurtzea eta kriminalizazioaren bidea oztopatzea dugu euskal ekologisten aspaldiko zama astuna. Horretarako ere, eragile sozio-politiko askorekin aliantzak bildu behar dira, baina ondo dakigunez ezetzarekin soilik ez dira alternatiba zabalak sortzen. 
 
Baiona Ttipiko karriketan bezala, Alternatiba egunak Euskal Herriko beste herri eta hirietan errepikatzea, bestelako mundu posible horren aldeko urrats sendoa litzateke. Hala bedi!