argia.eus
INPRIMATU
“Aiurri” hedabideak hilabeteko etenaldian

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2021eko ekainaren 30a
Urriaren 21ean hasi eta azaroaren 20ra bitartean geldirik egongo dira Aiurri astekaria, hamabostekaria eta webgunea. Aiurrik webgunean adierazi duenez, estuasun ekonomiko larriak eraginda hartu dute erabakia. Gipuzkoako Aduna, Andoain, Asteasu, Larraul, Urnieta, Villabona eta Zizurkil herrietan banatzen dira astekaria eta hamabostekaria. Hedabideak kudeatzen dituen Manuel Larramendi Kultur Bazkunak adierazi duenez, aurreko urteetako joera negatiboa izan da eta 2013. urtea galerarik gabe amaitu ahal izateko beste irtenbiderik ez dute aurkitu: hiru hedabideen ekoizpenean hilabeteko etena egitea, eta langile batzuei lana etetea eta beste batzuei Enplegu Erregulazio Espedientea ezartzea.
 
Jon Unanue Manuel Larramendi Kultur Bazkunako lehendakariak egoera horretara iristeko arrazoiak azaldu ditu webgunean: “Arrazoi nagusia zein den asmatzen ez da zaila: modu batera edo bestera bizitzen ari garen krisialdi ekonomiko gaizto honek min ikaragarria egin digu azken urteetan eta, oso bereziki, aurten, 2013an. Batetik, eskualdeko udal batzuen diru-laguntza jaisten ikusi dugu, nabarmen Amasa-Villabonako Udalarena, eta horren atzean ez dago hutsik krisialdi ekonomikoa, baita Tolosaldean komunikabideen artean azken urteetan bizi dugun lehia gaiztoa: Aiztondoko udalek Aiurri diruz laguntzeaz gain euskarazko beste hedabide batzuk ere diruz lagundu dituzte, paperean, esate baterako, Tolosaldeko Hitza delakoa ere, eta Aiztondon ez dago lekurik bi argitalpeni eusteko”.