Modan dago konpost egitea. Ingurumenaz kezkatutako familia aitzindarietatik eta ortu ekologikoa lantzen duten baratzezainetatik askoz haratago, milaka familiak ekin diote hondakin organikoak berrerabiltzeko dagoen era merke, errez eta garbienari. Gipuzkoan eta Nafarroako Sakanan hondakinen kudeaketaren osagai funtsezkoa bilakatu da konpost egite autogestionatua.
Herri “normaletatik”, hots, hondakinen hamarretik zazpi edo zortzi zabor nahasitan zabortegietara eta errauste plantetara bidaltzen dituztenetatik iritsitako bisitariek haluzinatu behar dute Gipuzkoako eta Nafarroako zenbait kaletan aurkitutako etxolekin eta hesiz inguratuta konpost-ontziz betetako guneekin. Etxeetako zaborrak pilatuta kalean utzi? Udalak baimenduta? Zer diozu, udalak sustatu eta hobariz sarituak? Eta gero hortik lur gozoa ateratzen dutela?
Kazetari honi 2009an, bere herritarren artean konpostatzea sustatzeko erakusketan ari zela, adineko gizon zahar bat haserretu zitzaion prozesua esplikatzean: “Zuk esan behar didazu hau [organikoa] bota eta geroago hau [konposta] ateratzen dela? Tontotzat naukazu, ala? Zoaz por-kulo hartzera?” eta alde egin zuen gaztelaniaz marmarka.
Ezjakintasuna ez da desagertu bost urteotan. Are okerragoa, herritarren gidari izan nahi duten hautetsi eta politikoen ahotan oraindik entzuten dira astakeria galantak konpostatzea den prozesu arruntaren gainean: zikina dela, txerri-tokia, higiene arazoak, arratoiak… Urte luzez jendearen buruetan itsatsitako fobiak eta aurreiritziak ez dira bi egunetan ezabatzen. Baina aipatu purrustada entzun zuen herri horretan bertan, Gipuzkoako Hernanin (19.000 biztanle) oraintxe bertan lau parke publikotan birziklatzen dituzte beren organikoak 70 familiak, ziento pare bat gehiagok dauka izena emana, udalak urtea bukatzerako gune berriak antolatuko ditu eta, horiei gehiturik nork bere baratzean edo lorategian egiten dutenak, 2014. urtean 1.000 familia baino gehiagok egingo du konposta. Hormigoi eta asfalto tartean bizi diren 7.000 familiatatik 1.000 konpostatzen, ez bada hori iraultza…
Usurbil Zero Zaborreko militantea den Joxe Mari Irazustaren laguntzarekin osatu ditugu Gipuzkoako estatistikak, oraindik mankomunitate guztiek ez baitituzte datuak elkarrekin eskaintzen. 2010ean Gipuzkoa osoan 6.003 familiak egiten zuten konposta. Zifra horrek biltzen zituen mankomunitateek birziklatzea sustatzeko egin kanpainetan ontzia eta bestelako tresnak jaso eta ikastarora azaldu zirenak, kontabilitate guztietatik kanpo geratuz beren kontura tresnak erosi edo brikolatu dituztenak. 2010eko zifra hura arras aldatu da denbora gutxian: 6.003 familia haiek hiru urte eta erdian, 2013ko abuztuan, 11.563 izatera iritsi dira. Urtea amaitzerako 12.000koa ondo gainditua izanen da.
Kendurik Nafarroako Baztan-Bidasoa bailara eta Sakanaldea, aurrerago aipatuko duguna, ez da inon ikusi horrelako aurerakadarik. Zer gertatu da berezia Gipuzkoan eta Nafarroako bi eskualde horietan Durangaldean edo Amikuzen gertatu ez dena? Gaikako bilketa orokortuan hasi direla herri batzuk, gehiago hastear, eta denetan zabortegiak eta errauste plantak behar dituen betiko kudeaketa hobe batez ordezkatu nahia.
Gipuzkoako errausketaren kontrako borrokak eta Sakanako Olatzagutiako zementu fabrikan hondakinak erretzearen aurka piztuak, kontrako protesta soila izatea gaindituta alternatiba eraikitzea ekarri dute. Kontraesan eta gorabehera handi askorekin, ez gara hemen luzatuko ARGIAko irakurleak ondo ezagutzen duen hondakinen inguruko gatazkaz. Liskarrak liskar, Atez Atekoaren eta etorkizunerako izen hori gabe aztertzen ari diren beste bilketa sistema berrien oinarrietan dago bilketa orokorra eta pertsonalizatua izatea. Honi esker, udalek eta mankomunitateek saritu ditzakete organikoarekin konposta egiten dutenak.
Pertsonalizatuak ez diren sistemetan, edukiontzizkoetan, gizarteak zigortu egiten du ondo ari dena eta axolagabea saritu, denei tasa bera ordainaraziz. Sistema berriak herritar guztiak behartzeaz gain bereizketa xuxen egitera, zebra-bideak errespetatzera bezalatsu, posible egiten du bereiztea nork egiten duen konposta etxean. Eta ahalegina saritzea. Saritu?
Dudarik gabe, etxeko hondakinen %40 hori era autogestionatuan berrerabiltzen duenak gizarteari aurrezten dizkio bilketako gastuak, garraioak sortutako kutsadurak eta organikoaren tratamendu industriala. Ordainetan, sari eta guzti ere administrazioari komeni zaio ahalik eta familia gehienak funtzionatzea modu autonomoan, eta badaki ziur koste horiek aurreztuko dituela bilketa pertsonalizatua delako. Ororen buru, Atez Atekoa ezarri duten herrietan, eztabaida eta prozesuak haste hutsarekin biderkatu egiten dira etxeko baratze edo soropilean konpost-ontzia jartzen duten familien kopuruak.
Gipuzkoako eta Sakanako aldaketa handian auzolanean egindako konpostatzea da gakoetako bat. Munduko beste leku askotan ezagutzen den jarduera hau Euskal Herrian Usurbilek estreinatu zuen 2011ko azaroan. Irati Sarasuak astekari honetan bertan kontatu zuenez, sei familiak ekin zioten konpostatzeari udalak lagatako lurzoru txiki batean. Laster izan ziren 19 eta Sarasuak kronika idatzi zuenerako, sei hilabetera, 65 ari ziren Usurbilen. 2013ko irailean 143 ari dira. 6.107 biztanle dituen herri batean (2.200 familia baino gehiago ez) 650 familiak auzo- edo auto-konposta egiteak esan nahi du herritarren laurdena baino gehiago ari dela bere organikoa kudeatzen. Arrakasta itzela.
Nabarmentzeko beste herri bat Oñati da. 2010ean konposta egiten zuten 183 familia bi urte eta erdian pasatu dira 886 izatera. Hemen ere Atez Atekoaren ezartzeak jokatu du orain auto-konposta deitzen den familiakakoa ugaritzean eta auzo-konposta egiteko guneek eduki duten arrakastan. Oñatin bilketa berria 2013ko uztailean abiatu zenerako 211 familia ari ziren auzo-konpostean eta itxaron zerrenda ase ezinik zebilen udala, Atez Atekoa eta auzo-konpost guneak eraikitzea dena batean egin nahiz.
Aipatu herriok eta Atez Atekoan hasi direnek hobearazi dituzte nork bere mankomunitateko zifrak ere. Donostialdea hartzen duen San Marko 2010ean 2.617 familia edukitzetik 2013an 3.563ra iritsi da. Urola-Kosta 227tik 456ra. Urola Erdia 400etik 733ra. Debagoiena 790etik 2173ra. Goierriko hondakinak biltzen dituen Sasieta 620tik 1.151ra. Tolosaldea 568tik 2.424ra. Gaikako bilketa orokorrean bezala herritarren konpostatzean ere “azken-putz” ageri dira Debabarrena eta Txingudi mankomunitateak, askoz emaitza kaxkarragoekin.
Kopuru horietan bildu dira, esan dugunez, nork bere aldetik konposta egiten dutenak eta auzolanean ari direnak. Auzo-konposta den fenomeno berrian parte hartzen hasi direnak aipatzea merezi du, Gipuzkoa bezalako gune oso hiritartuan jarduera hori zabaltzeko bide ia bakarra baita.
Gero eta herri gehiagotan ezarri da aukera berria. San Markoren eremuan (292 familia auzo-konpostean), Donostian bertan 66 familia ari dira jarduera horretan, Lasarte-Orian 15. Urola-Kostan 173. Denen buru hainbeste zalaparta ezagutu duen Zumaia, 117 familia auzo-konpostean jarrita. Urola erdian (220) badira Azpeitian (57) eta Azkoitian (19), baina tarte handiz doazkie aurretik askoz txikiagoak diren Zestoa (81) eta Aizarnazabal (63).
Debagoiena (505) eta Tolosaldea (593) ari dira auzo-konpostean txapeldun. Debagoienako herri guztiek dauzkate auzo-konpost guneak. Tolosaldeko askok ere bai, Tolosan bertan 167 familia, Ibarran 32, Amasa-Villabonan 30, Zizurkilen 41… Tolosaldeko zenbait herri txiki Orendainek hasitako Zero Zabor herrien bidean doanez, horiek aurreraxeago aipatuko ditugu. Gauza bera Goierriko herriak zerbitzatzen dituen Sasieta mankomunitateari dagokionez: honen estatistikak (44 familia besterik ez auzo-konpostean) kontuz hartu behar dira, bere herri txiki asko Orendaingoaren bidetik hasita daudelako.
Debabarrenean Mutrikun (17 familia) ez beste inon ez dira ari auzo-konpostean. Txingudiko Irun eta Hondarribian bezala. Bi eskualdeok dira Gipuzkoan gaikako bilketan Espainiaren pareko kopuruetan estankaturik geratu direnak.
2012ko azaroan Tolosaldeko Orendain bihurtu zen Gipuzkoako lehenbiziko Zero Zabor herri txikia. Katalunian bezala Europako eta munduko herri txiki askotan egiten denari jarraituz, Atez Atekoan ari direnen emaitzak hobetzeko, gaikako bilketa orokortzeaz gain hondakin organiko guztia herritik atera gabe berrerabiltzeari ekin zioten orendaindarrek. Familia gehienek daukatenez lur muturren bat, nork bere sukaldekoa bere gisan konpostatzen du eta kaxkoko batzuek gehi herriko biltokiak sortzen dituztenak auzolanean. Atal berezi batean aipatzen dugu Orendainek antolatutako txerrien bidezko birziklatze berezia, Ttip eta Ttup urdeek bermatzen dutena.
Orendainekin batera hogeita hamar herri gehiago dira Zero Zabor herri bihurtzekotan Gipuzkoan, 15 Tolosaldean bertan. Prentsak orain artean zabaldu du ofizialki sistema horretan ari direla Orexa, Elduain, Altzo eta Leintz Gatzaga. Gainerakoak prozesuaren zein ataletan dauden jakiteko pista ederra auto- eta auzo-konpostgileen kopuruek eskaintzen dute. 446 biztanle dituen Adunan 121 familiak egiten du konposta batera edo bestera, 951 biztanleko Amezketan 300 familiak, 659 biztanleko Lizartzan 115ek…
Zero Zabor herri txikiok biztanlez urriak izanagatik Gipuzkoaren eremuaren zati zabala hartzen dute. Eta beren ahotsa sentiarazten hasi dira hondakinen inguruko eztabaidan. Zehazki Tolosaldean mankomunitatean proposatu dute, eta lortu, udal bakoitzak zaborren kudeaketagatik ordaindu beharreko tasaren irizpideak aldatzea.
Ez da logikoa tratamendu garestia eskatzen duen zabor asko (%70-%80) sortzen duen udalerri batek eta azken errefusa %15era edo gutxiagora murriztea lortu duenak berdin ordaintzea zerbitzua. Familietako konposta sustatzen dutenei udal askok aitortzen dieten bezala beren lana eta ordain-agiritik deskontatzen gizarteari aurrezten diotena, gauza bera egingo du Tolosaldeko mankomunitateak bere udalekin. Esan gabe doa honek asko zentratuko duela balkoietako plastiko urdinen burrunbak ezkutatzen duen hondakinei buruzko disputa: “Polluter pays”, kutsatzen duenak paga bitza gastuak eta kalteak.
Nafarroa izana da noizbait, LARRUN batean Alfonso del Val hondakinetan adituak kontatu zuenez, konpost aferetan Euskal Herriko nagusi. 1980ko hamarkada hasieran zen hori, Iruñerriko zenbait auzunetan gaikako bilketa oso aurreratua egon zenean. Urte luzeko itzalaldiaren ostean, Irati Sarasua kazetariak 2011n aipatu zuen nor bere etxean egiten zutenez gain, auzo-konpostean ari zirela Egues, Oteitza, Labio, Badoztain, Subitza eta Olatz Nagusiako familia andana bat. Geroztik ARGIAren kontabilitatean Baztango konpost-guneetan 70 familia ari dira auzolanean eta Malerrekakoetan 32.
Sakana da, hala ere, Nafarroak eta ziurrenik Euskal Herriak azken urteotan hondakinen kudeaketan ezagutu duen fenomeno nabarmenena. Krisi ekonomikoaz gain Espainiak eta Iruñeko gobernuak berak hain zigorturik daukaten eskualde honetan 2013ko udan, bi hilabetetan, Uharte Arakil, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Iturmendi, Urdiain eta Olaztik gaikako bilketa %76,30raino eraman dute. Baina adierazgarriena da bilketa sistema berrian auto- eta auzo-konpostari eman dioten protagonismoa.
Sakanako mankomunitatearen zifretan, 4.225 familia ari dira konpostgintzan. Eskualdeak 20.768 biztanle dauzkala kontutan izanik, oker handirik gabe esan daiteke sakandarren erdiak baino gehiagok bere hondakin organikoak etxetik edo karrikatik urrutiratu gabe berrerabiltzen dituela.
Proportzioa asko desitxuratzen duen datua: Altsasu (7.691 biztanle) eta Irurtzun (2.302) herriek ez dute orain arte hasi nahi izan sistema berrian. Bietan auzo-konpostean ari diren familiak denetara 89 dira. Gainerako 10.775 sakandarren artean 4.136 familiak egiten du konposta batera edo bestera. Marka kaxkarragoekin ematen dira urrezko dominak.
Kopuruaz gain kalitatez ere garrantzia duten osagaiak oparitu dizkio Sakanak Euskal Herriak bizi duen hondakinen inguruko eztabaidari. Bat hasieran bitxia dirudiena: Atez Atekoa versus organikoarentzako edukiontzi marroia disputa Sakanako arduradunek tenkatu dute argudiatuz “auzo-konposta dela edukiontzi marroia”. Hau da, herritarrak aukera dezake: edo astean hirutan ataritik kendu diezaiotela hondakin organikoa, edo karrikan paratutako konpost-etxolan nahi duenean berak lagatzeko, neke gutxirekin eta hobari baten sariz.
Oharkabean argudio hau ari da funtzionatzen Atez Atekoa ezarritako herri giputz askotan ere, kalean ontzen ari den txerri-janari beldurra galdutakoan auzo-konpostak dena baitu abantaila: ordutegi libreagoa, didaktikoa izatea, hobariagatik merkeagoa…
Sakanak euskal gizarteari ekarri dion beste berrikuntza konposta ontzeko etxolena da. Frantziako La Rochelle inguruan herritarren konposta –“Compost Citoyenne”– modan jarri duen Saint Philbert de Bouaine herriko sisteman ikasita, sakandarrek bertako diseinatzaile eta tailerrak jarri dituzte tresneriak antolatzen, eta horietako bat da konpost-etxola zurezkoa, edozein zerrategitan eskura daitekeen zurez era estandarrean erraz eta merke eraikitzeko modukoa, Gipuzkoan hedatzen ari dena orain arte usatzen ziren plastikozko ontzi handien ordainetan. Probatu dutenek goraipatzen dituzte txabolatxo hauen (familia kopuru ezberdinak babestu ditzakeen neurri ezberdinetakoak daude) estetika “gureagoa”, kabiera handiagoa, erabiltzeko erraztasuna eta beste hainbat abantaila.
Neurri handiagoan Gipuzkoa bezala, Sakana izan daiteke Euskal Herriak hondakinen kudeaketan bizi duen bidegurutzearen ispilu txikia. Bertan biltzen dira energia eta zerbitzuen multinazionalekin elkar harturik agintari politikoek bultzatzen duten errausketa, haren kontrako mugimendua, kudeaketa sistema alternatibo aitzindari bat abian jartzea, honen kontra sututako erreakzioak, agintari eta politikari batzuen epe laburreko kalkuluen inguruko katramilak… Ez da kasualitatea batean bezala bestean hainbeste herritar eta familia hasi izana konposta egiten.
Gaikako bilketa orokortu batek herritarraren ohiturak aldatzea eskatzen du, horren barruan hondakinei beldurra galtzea. Utikan txerri janarekiko fobiak! “Hauek XIX. mendera bihurtu nahi gaituzte atzera” iragarpena, hain errepikatua izan arren, azaldu da egia ez zela: sukaldeko zaborrak bereizteak konplikaziorik ez duela ikasitakoan, herritar asko jabetu da ataritik administrazioak eraman eta nonbait eraldatzen duen organikoa berak ere bihur dezakeela konpost baratzean edo karrikako ontzi handi batean, errez, eroso eta gainera udalaren deskontu bat gozatuz.
Horregatik ari dira ugaritzen antzeko adibideak herri eta hiri guztietan. Aspaldi hasi ziren eskola askotako irakasle eta ikasleen artean jangelako soberakinak konpostatzen, Gernikako Seber Altube ikastolakoek egin bideo politak erakusten duen bezala. Orain klase guztietako herritarrek egiten dute, baita instituzioek horrengatik saririk ematen ez badie ere. Ikusi dira ale hunkigarriak, Bizkaiko Larrabetzun auzoko bizilagunen hondarrak bilduz ari diren kaleko baratzezainena bezala, bideo xarmanta hau ere. Eta milaka herritar anonimo, lurrari kendua lurrari berreskuratzen ahalegintzen direnak. Iraultza eder bat delakoan gure haurrei uztea guk hartu duguna baino lurzoru pittin bat emankorragoa.
Hondakin organikoari zerbaitengatik esaten zitzaion duela gutxi arte txerri-jana. Zenbait herritan hori berriro txerrien edo oiloen bazkatzat erabiltzen hasi dira. Orendaingo udalak Ttip eta Ttup txerriak ezarri ditu itxitura batean, herriko elkarteko kideek beren otorduen soberakinez alhatu ditzaten. Oiloen erabilera, berriz, Iruñerriko Noaindik hasi da zabaltzen, ingurumen gaiez okupatzen den enpresa batek sustaturik.
Logika osoa du organikoa abereei emateak. Aziendak dauzkaten baserritarrek oraindik hala baliatzen dituzte jakien soberakinak, txerriei bezala behiei, asto edo zamariei eta batik bat oiloei emanez. Duela urte gutxi etxez etxe esne partiketan ibiltzen ziren laborariek eraman ohi zuten txerri-jana baserrira itzultzean.
Familia baten hondakinen %40a den organikoa horrela berrerabiltzekotan, espezien artean hautatzen hasita, dakitenen ustean soluzio erradikalena hegaztiek eskaintzen dute, emandako guztia linpio uzten baitute; “dena jaten dutela” esan ohi den txerriak berak moko finagokoak dira, zer esanik ez behiak eta zamariak. Oilotegian, ordea, beste inork nahi ez duen platano azalaren arrastorik ere ez dute utziko.
Ohiko konposta egiten duten herritarrek landarea elikatuko duen lurra aberasteko gaia sortzen dute. Aldiz, animaliei organikoa askan eskaintzen dietenek konposta-lurra-landarea urratsak jauzi batez gainditu eta zuzenean bihurtzen dituzte proteina, izan haragi edo arrautza. Haragiaren kasuan, norberak etxean darabilenean sistema, honek ez dio arazorik sortuko okela aprobetxatzeko, ez bada animalia hiltzeko trantzea. Baina organikoa animaliei kudeaketa publikoan ematen zaienean, Orendaingo Ttip eta Ttupen kasuan adibidez, oraingoz ezingo da okela hori zirkuitu komertzialean sartu, behi eroen istilutik landa oso zorrotz daude higiene arauak munduan… salbu eta granja industrialentzako, horiei baimentzen baitzaie gero era masiboan komertzializatzen diren aziendak edozein zerrikeriaz alhatzea.
Horretan ere oiloak irabazle. Iruñerriko Noaingo kasuak erakutsi duenez, arrautzek ez dute horrelako buruhausterik ematen. Auzolanean konposta egiteko aukerarekin batera oilategi bateko hegaztiak organikoz elikatzekoa ere eskaini die herritarrei udalak. Familiok instituzioei aurrezten diete astero beren hondakinen %40 bildu eta tratatzea, eta trukean udalak arrautzak oparitzen dizkie kanpainan parte hartzen dutenei. Dena da abantaila: proteina (haragia eta arrautzak) eta zizareek konpost bihurtuko duten zirina.
“Konpostatzea = soberakinak lur bihurtzea”, horra definizio hiperlaburra. Laburregia ote? Naturak landare eta abereki oro bihurtzen du konpost, horretarako behar duen denbora hartuta. Naturari lan egiten uztea da kontua, edo lan eginaraztea.
Milaka urtez beren azienden simaurrak pilatu eta irauliz konpost bihurtu dituzten nekazariek damaigute gakoa: uztartu behar dira hondakin lehor eta bustiak, nitrogenoa, ura, oxigenoa eta karbonoa. Ez da beste konplikaziorik. Horixe egiten saiatzen dira era industrialean udalak, mankomunitateak eta hondakin kopuru handiak kudeatzen dituzten enpresak; horretan ari dira bakarka edo auzolanean etxeko “txerri-janak” lur-mutur batean birziklatzen dituzten familiak.
Mendebaldeko familien etxeetan sortzen diren hondakinen %40 edo gehiago organiko bustia da, urez eta nitrogenoz lepo: barazki hondar, lekale, haragi, arrain, fruitu… Baserrietako simaurrak azienden gorotza nahasirik daraman moduan garoa edo lastoa, hiriko konpost-ontziak “egituratzailea” behar du. Gai iharrak: orbelak, lastoa, zuhaitz adar birrinduak, kimaketa hondarrak... Sukaldetik konpost-ontzira eramandako gai hezeak ondo nahasi behar dira egituratzaile horiekin.
Horretan datza sekretua konposta ondo, usainik eta xomorrorik gabe egiteko. Adituek esango dizute egokiena dela lorategietan inausitako abarrez egindakoa: masari arnasa hartzea baimentzen dio, karbono-nitrogeno oreka ona bermatzen, ura xukatzen. Lehenik ontzian pilatutako hondakin metatxoa hartzitu egingo da, berotu, patogenoak bezala haziak eta beste akabatuz, konpostatze prozesua abiaraziz. Geroago onddoek eragingo diote eta aski denbora utziz gero zizareek.
Udalerriek konpost-ontziak banatu aurreko ikastaro laburretan erraz ikasten dira xehetasunak. Askotan udalek eskaintzen diete familiei beren ontzietarako beharrezko egituratzaile edo inaurkina, hasierako akats arrunta baita lehor gutxiegi eranstea sukaldeko hondakinari. Konplikazio gehiago ez da, denborarekin bakterioek, onddoek eta zizareek eraldatzen dute organiko oro
Etxeetako barazki edo soropiletan bezala auzolanean sortutako konpost berria non erabilirik ez da falta. Ongarri oso ona da, loregintzarako bezala orturako, lurrari egitura hobetzen dio, hezetasuna atxikitzen laguntzen, higadura gutxitzen, lurreko flora eta fauna ugaritzean patogenoen aurkako landareen erresistentzia handitzen.
Zakurraren edo katuaren gorotzak arriskutsuak direla gaixotasunengatik? Horiek aparteko pila batean lagata –konpost arruntari baino segurtasun epe luzeagoa emateko– inaurkinez ondo nahasturik, denbora kontua baizik ez da eduki ditzaketen xomorroak edo arrautzak desegitea. Zer besterik hasi dira egiten araztegi handi batzuk, hiritarrek sortutako gorotzak depuratu ostean konpostatzera bidaltzen dituztenean?
Alfonso del Val hondakinetan adituak La basura puede ser un tesoro artikuluan gogorarazten du Pío Baroja idazle eusko-madrildarraren pasarte bat, La lucha por la vida trilogiako La buscatik hartua. Horretan, dio Del Valek, Custodio izeneko traperoa ehun urtez aurreratzen zaio gaur hondakinen gaikako bilketan eta aprobetxatzean oinarritutako sistema deitzen diogunari. Paperak, oihalak, hezurrak, boteilak eta bestelako ontziak, denak bereizirik eramaten omen zituen Custodiok zein bere birziklatze –orduan ez zen hitz horren berririk– lekura. Ogi, barazki hosto eta fruitu hondarrak jasotzen ziren oilo eta zerriendako. Baina Custodioren kezka urrunago zihoan, Barojaren istorioan. “Bere ofizioaren eraginez, traperoa kezkatzen zuen Madrilek alferrik galtzen uzten zuen ongarriak. Esan ohi zion Manueli:
- Jabetzen al zara zenbat diru balio duen Madrildik irteten den zabor horrek guztiak?
- Ni, ez.
- Atera itzazu kontuak. Hirurogei xentimo arrobako, ea zenbat arroba bilduko litzatekeen urtean. Zabaldu hori inguruko zelaietan, eraman Manzanares eta Lozoya ibaietako urak haietara eta bertan ikusiko dituzu amai ezinezko baratzak”.
1904an argitaratutako La Buscan Custodiok esanaren oso antzekoa berretsi du 2013ko udan Janez Potocnik Europar Batasunako ingurumen komisarioak: energiaren urritzeak kezkatzen duen mundua XXI. mendean helduko dela fosforoa murrizten ikustera ere. Gizakiok eta jaten ditugun animaliak elikatzeko hain beharrezko dugun fosforoa ekoizten duten meategiak beren gorenera (peack phosphorus) helduak izango dira. Aldiz, betirako adina fosforo berriztagarri eskueran daukagu baldin eta konpostatzen baditugu gizakion eta gure azienden hondakin organikoak oro.
Ezetz esan zuten 2002an. Herrian ez zutela onartuko 60 hektareatako zabortegirik egitea. 2.700 biztanle dauzka Frantziako Vendée departamenduan Saint-Philbert-de-Bouaine herriak, Ar-Naoned (Nantes) inguruan. Eskualde mailako zabortegiari uko egin eta bi urtera, 2002an, konpost eremua jarri zuten martxan Saint-Philberten. 2.500 metro karratuko terrenoa egokitu zuten herritarren sukaldeetako hondakinak konpostatzeko, eta horrekin batera ahalik eta jende gehienak parte hartzeko kanpainari ekin zioten. Bultzagileek herritar guztiekin hitz egin zuten: familia, ostatu, komertzio… Lau urte geroago, herritarren %80k hartzen zuen parte konpostaketan.
ARGIAk “Auzolanean zaborrik ez eta konpost hobea” artikuluan 2007ko abenduan eman zuen Saint Philbertekoaren berri. Honela esplikatu zuen espiritua Jean-Pierre Morisseau zinegotziak: “Politikariek soluzio tekniko eta automatizatuak baizik ez dituzte ikusten, bereizketa mekaniko-biologikoa eta beste. Baina hain zuzen alderantzizkoa egin behar da: gizakietan inbertitu, erabiltzailea bihurtu protagonista”.
Saint Philbert herria dago geroztik Frantzian hedatu den Compost Citoyen mugimenduaren muinean. Euskal Herrian gai hau furian jarri baino lehenagotik, herriko etxeen laguntzarekin auzolanean konpostatzen ari ziren Rennesen, Ar-Naoneden, Parisen bertan... Compost Citoyenek Frantziako 70 pertsonalitate eta elkarte koordinatzen ditu.
Mundu osoan ari dira hedatzen eta indartzen antzeko sareak. Community Compost Network izenez talde eta sare andana aurki daiteke Britainia Handian, Amerikako Estatu Batuetan eta Kanadan. Estatu Espainiarrean Composta en Red elkarteak lau hizkuntzatan aldarrikatzen du dela “Komunitatean Konposta egitearen aldeko Entitateen Estatuko Sarea”.
Gabonen erroa kristaua dela jakinda ere, erreferentzia katolikorik ez duten kantuak abestea erabakia du (edo eztabaida horretan dihardu) gero eta ikastetxe gehiagok, eskolaren printzipioetako bat laikotasuna dela oinarri hartuta.
Sortu berri duten organoaren eginkizun nagusien artean daude, besteak beste, diskriminazioaren aurkako politikak sortzea, migratzaileen eta gutxiengo etnikoen elkarteen parte hartzea sustatzea, Nafarroako arrazakeriaren egoera globala aztertzea, eta Arrazakeriaren eta... [+]
Alemaniatik etorritako goi kargu batek eman die 655 langileei enpresaren itxieraren berria, ohar bat "hoztasunez" irakurrita, eta langileei “lehiakortasun falta” egotzi die. Langileek presazko bilera eskatu diote BSHko operazio arduradun Pepe Justeri, eta... [+]
“Jaurlaritzak esateko zeukan dena esanda dago txosten horretan” adierazi du asteartean Maria Ubarretxena bozeramaileak, Jaurlaritzak 2019an egindako txostenari erreferentzia eginez. Txosten horretan egiten den kontakizuna “faltsua eta interesatua”... [+]
Atentatua astearte goizean izan da, Kieveko auzitegi batek Kirillovi Ukrainako tropen aurka arma kimiko debekatuak erabiltzea leporatu eta hurrengo egunean. 300 gramo TNTko karga zuen lehergailuak, eta Errusiak jazotakoa argitzeko ikerketa bat jarri du abian.
Palestinatik aberriratu eta urtebetera, Espainiako Gobernuak jakinarazi du familien harrera programa ez duela gehiago finantzatuko eta aterpetxe eta hostaletako egonaldia abenduaren 31n etengo diela. Urtarriletik aurrera Gasteizko Udalak Gazako bost familien ostatuaren gastuak... [+]
Hego Koreako presidente Yoon Suk Yeol-ek abenduaren 3ko arratsean gerra-legea ezarriz sutu zuen krisi politikoa itzaltzetik oso urruti dago oraindik. Nahiko argi badago ere kolpea sustatu zutenak ez direla irabazten ari. Oraingoz.
Bilboko ikastolako ikasle eta ikasle ohien talde batek zentroko irakasle baten partetik jasandako sexu abusuak zerrendatu ditu, eta komunikatu baten bidez salatu du ikastetxeak gizona babestu duela. Gertakariak azalera atera direnean ikastolak “beren burua zuritu besterik... [+]
Urriaren 19an, Xiberoko Batzorde Sindikalak bozketa egin eta adostu zuen lurraldea "babesteko zaila den eremu gisa" (ZBD) izendatzeko eskaera abiatzea, otsoaren "arriskuari" aurre egitea helburu. Artaldeei eraso egin ez badie ere, artzainek otsoari tiro... [+]
Eusko Jaurlaritzaren esku geratu dira beste bi eskumen: Itsasertzaren Antolaketa eta Kudeaketa, eta Zinematografia eta Ikus-entzunezko Jarduera. Astelehenean bildu da Transferentzien Batzorde Mistoa, Madrilen, eta han adostu dute bi eskumen horiek EAEra eskualdatzea.
220km/h baino abiadura handiagoko haize-boladek astindu dute Frantziako kolonia den Mayotte uhartea. Funtsezko azpiegiturak suntsitu, eta irlaren zati handi bat inkomunikaturik utzi du; biktimen zenbaketa zaildu du horrek. “Premiazko neurriak” hartuko dituela iragarri... [+]