Langile nekaezinik ez dagoela esango nuke nik baina, inurriengatik zenbait bertsok eta kantak ere hala dio. Nekaezina, ordea, nola liteke? Edo dioen adina lan ez du egiten edo markatik kanpokoa da. Extra esaten zaion horietakoa. Halere, nik uste, bakoitzak motxilan daramagun zamak baino gehiago nekatzen gaituela, ustez zuzen ari eta zaplaztekoa jasotzeak; neke psikologikoak. Ulertezin zaigunak!
Gure gizartean bi motatako langileak gaudela esango nuke –gehiago ere egon litezke baina, batzuei ez dakit zuzena den langile deitzea; besteei buruz hitz egiteko ezagutza nahiz tarte urria daukat–, batzuk ari direnik ere nabaritzen ez dugun horiek, baina etengabe jardunean bizi direnak eta, bestetzuk, haiek bezain langileak baina denok ikusteko eran ari direnak; hauen lana nabarmen geratzen da eta egileak ere bai.
Egoera normalean, elkar elikatzen dute bi langile mota hauek baina argi izan behar dute beharrezkoa dela elkarrekiko enpatia eta osagarri izaera hori edo proiektuak porroterako bidea har dezakeela. Esaterako, euli handiak inurrien bidean edo inurritegi gainean lur hartzen badu, hauen patxada edo ibilia oztopatzeaz gain, nola lurreratzean hala aireratzean sortzen duen ziri(n)molak, ibilbidea eta zamak ez ezik inurriak eta inurritegia ere hankaz gora bota ditzake, hauengan sortzen duen haserreak, euli handiaren lan nabarmen eta ikusgarria desitxuratzen duelarik.
Ezinegona eta dezepzioa, berriz, gerta daiteke inurriek euli handiari bere eltxarrak sor ditzan, arrautzak non jarri adostu eta lantzen dioten gunea albora utzi eta bere nahierara jarduten duenean. Batik bat, bi aldeetakoek uste dutenean arrautza horiek erruteko habiarik hoberena bakoitzak dioena dela, benetan gertatzen dena honako hau denean: bi habiak elkarren osagarri (eta beharrezko!) direla, otordurako mahaia ezinbesteko gai guztiekin hornitu nahi badugu.
Berez, ikuspegirik osoena, hegan, goitiko bista ezagutuz bizi den euli handiarena da. Hark du argazki osoa egiteko aukerarik hoberena, nire ustez, baina horrek ez du esan nahi beti asmatzen duenik edo inurriek ere errealitatearen argazkirik ez dutenik. Inurri hegalariak ere badirela kontuan izanik, noski!
Sentiberatasun handiz jokatzeko esaten ari zaigu sena; hau eskatzen, bereziki: zain dezagula elkar, nola aktiboki eragin/eragiten dugunak hala egoera saihetsagotik bizitzen ari/aritu direnak, guztion borondate onean sinetsiz, zubiak eraikitzeko gogo-gaitasuna oinarri, balizko porrota irakaspen bihurtzeko.