Datu estatistikoek –ia beti hotzak eta anonimoak– errealitate sakonak ikustarazten dituzte askotan, zeinak politika batzuekiko ditugun jarrerak birplanteatzen lagundu beharko liguketen. Joan den astean, Hego Euskal Herriko langabeziaz datu batzuk ezagutu ditugu, EAEko Lanbidek eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eskainiak. Horiek aztertuz ondoriozta dezakegu langabeziak, prekarietateak, soldata baxuek, pentsio murritzek, eta ondorioz, desberdintasunek, emakume aurpegia dutela. Ipar Euskal Herriko datuak eskura ez ditugun arren, ez dirudi gainerakotik asko aldenduko direnik. Emakume aurpegi gehiegi.
Iraileko langabeziaren zifra orokorra 226.893 pertsonakoa izan da, hau da, biztanleria aktiboaren %17,4. Araban (%20,3), Bizkaian (%19,1) eta Gipuzkoan (%16,2) emakumezkoen langabeziaren batez bestekoa %18,3koa da, gizonezkoena baino hiru puntu gehiago. Nafarroan langabeziaren %52 emakumeei dagokie. Soldatei dagokienez, emakumeek gizonek baino %30 soldata baxuagoa jasotzen dute. Desberdintasun hori are handiagoa da pentsioetan, %40ra ere irits daiteke eta. Azkenik, kontratazioetan ere diferentzia handia dago emakume eta gizonen artean. Irailean emakumeek kontratu gehiago lortu dituzte –33.426 kontratu, gizonek lorturiko 30.349 kontraturen aldean–, baina horien erdiak baino gehiago partzialak dira, kalitatez kaskarrak eta lanaldi laburrekoak. Sinaturiko kontratuen %57k 29 egun baino gutxiago iraun zuen.
Testuinguru honetan, emakumeentzako diskriminazio positiboa bultzatzen duten politikak behar ditugu, emakume eta gizonen artean berdintasuna lortu nahi badugu behintzat. Ekonomian, lanean eta jendartean politika berriak behar ditugu emakumearen alde. Eta arlo guztietan praktikara eraman behar dira. Horrela baino ez dugu lortuko aurpegi bakarra izatea: pertsonarena.