argia.eus
INPRIMATU
Aurten ez da giro
Jakoba Errekondo 2013ko urriaren 15a
Babarrun uzta
Babarrun uzta

Klimak eta eguraldiak nahiko hizpide jarri dute aurten. Negua epeletik joan zela, udaberria urasetuta etorri, uda berandu eta motza... Eta ondorioz gerezi gutxi, intxaurra eta hurra eskas, sagarra urri eta atzera... Baratzezaleek dute udaraero hizpide. Aurten entzun ditudanekin Euskaldunon tomateak entziklopedia idazteko adina material bazen.

Babarruna aldiz aspaldiko txukun eta berdinen etorri dela esan dezaket. Gure herriko erriberetan, behintzat. Jeneralean babarrun sailean bi edo hiru bildualdi egiten dira, lekak heldu ahala jasotzeko. Eta batetik besterako tartean euriak zeresan handia du. Aurten, baina, gauzak bestela etorri dira. Hona argazki adierazgarria. Babarrun uzta osoa, pardan behetik gorainoko leka guztiak bateratsu heldu dira. Alde ederra, bildualdi bakarra! Lorea berandu eman eta denak batera etorri...