Esklaboek eraikitzen dute mundiala

  • Hiri ultramodernoak basamortuan? The Guardianek azaldu du mirariaren trikimailua: Qatar erresuma petrolioduneko ugazabek India, Nepal eta beste urrunetatik eramandako milaka langile esklabotzan darabilzkite 2022ko mundu mailako futbol kopa jokatzeko azpiegituren eraikuntzan. Egoera aldatu ezean, 4.000 obrerok galduko du bizia lanean.

Arabian Bussiness aldizkariaren gunetik hartu irudian, Nepaletik iritsitako langileak Qatarreko basamortuan eraikitzen ari diren Lusail hiri berriko obren artean. Nepal, India, Filipinak, Bangladesh, Pakistan... urrundik heldutako langileek mugiaraz
Arabian Bussiness aldizkariaren gunetik hartu irudian, Nepaletik iritsitako langileak Qatarreko basamortuan eraikitzen ari diren Lusail hiri berriko obren artean. Nepal, India, Filipinak, Bangladesh, Pakistan... urrundik heldutako langileek mugiarazten dute munduko herrialderik aberatsenetakoa den Qatarren ekonomia. Nazio Batuen Erakundeak plazaratzen duen Giza Garapenaren Indizean herrialde arabiarren artean buru dago Qatar. Ekialde Hurbileko geopolitikan berak hartu nahi du nagusitasuna, AEBen bazkide berezia, Libiakotik hasita Siriakoraino krisi guztietan esku hartuz, Al Jazeera katearekin mundu osoan eraginez. Aldiz, inperio ametsak dauzkan qatartarrak langile atzerritarrak darabiltza erakunde askok esklabotza eta lan bortxatutzat dauzkaten baldintza gogorretan: ordutegi luzeegiak, jornal txikiegiak, paperik gabe bahitu gisan erabiliak, jipoi eta tratu txarrak, segurtasunik eza...
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Dozenaka langile nepaldar hil dira aste gutxiko tartean Qatarren eta milaka gehiagok jasaten dituzte lan eta bizi baldintza penagarriak, Qatarrek 2022an mundu mailako futbol txapelketa bertan jokatu dadin eraikitzen dituen azpiegituretako lantegietan.

Hitzokin hasi du “Qatar’s World Cup slaves” kronika Pete Pattissonek The Guardian egunkarian. Futbolaren sehaska izan den Britainia Handian arrabots pixka bat zabaldu du albisteak. Goizero San Mames Barriako obren, Errealeko jokalariren baten zaintiratuaren edo Osasunaren azken larrialdiaren zalaparta artean gosaltzen dugunok arreta pittin bat jarri behar genioke.

Uda honetan ia egunero hil da langile bat Qatarreko xantierretan. Horietako asko gazteak eta ofizialki bihotzeko atakez. Pattisson kazetaria Qatarreko Doha hiriburuan ibili da mundu osoko sindikalistek salatutakoak egiak ote diren ikertzen. Arabiar Golkoko basamortuetan higatzen diren obreroen jaioterrian ere izan da, Nepalen. “Qatar: the migrant workers forced to work for no pay in World Cup host country” bideoz hornitu du idatzizko kronika.

Internetez eskuragai dagoen dokumentuan, 4 minutu gehi 24 segundo pasatakoan, kazetariak gauez iristen dira Nepaleko Dang distrituko herrixka batera, furgoneta zuri bati segika. Iritsita, gizonek deskargatuko dute zerraldoa, emakumeen nigar eta garraisien artean. Ganesh Bishwakarmaren gorpua beilatu behar dute.

16 urte besterik ez zuela joan zen Ganesh Qatarrera. Gutxieneko adina ez zeukanez, paper faltsuak egin zizkioten emigratu ahal izateko. Harentzako, Nepaleko beste laborari-seme askorentzako bezala, zerua izan behar zuen Qatarrek, sorterrian utzitako familiari laguntzeko balioko zion Eldorado modernoa. Sei asteren bueltan hilotz etxeratu dute.

Amaren ondoren aita mintzatu zaie kazetariei, galdutako semea ibai ertzean egur pila baten gainean erretzerakoan. “Gure semeak osasun ederra eduki du beti, eztul bat ere ez du egin. Zerk gaixoarazi du? Klimak? Beste zerbaitek? Galderok estutzen didate bihotza, gau eta egun”. Eta aurreraxeago: “Ez dakit nola pagatu ahal izango diedan egindako zorra. Dirua laga zigutenek ez digute zorra barkatuko”.

Herriz herri joaten dira kontratatzaileak atzerrirako gazte bila. Lana agintzen diete urrutian, baina kontratuaren eta bidaia egiteko gastuen truke dirutza eskatuz. 16 urteko Ganesh mutikoari 20 urte zeuzkala zioten paperak eta bidaia antolatu zion broker-arekin, Qatarren garbiketa atalean eskuratuko omen zion enpleguaren esperantzan, 150.000 rupiako zorra hartu zuen familiak bere gain. 1.111 euro derrigor itzuli beharrekoak, %36eko interesa eraginez urtean. 1.111 euroko zorra itzuli? Nepalen eraikuntzan ari den obreroak egunean 2-3 euro irabazten du, ostalaritzan ari denak 0,75 euro...

4.000 langile hil daitezke

Urtero Nepalek dauzkan 26,5 milioi biztanleetatik 400.000 doaz Himalaiatik urrun lan bila. Hareazko Qatarrera iritsiko dira horietatik 100.000z goiti.

1970ean 111.133 biztanle zeuzkan Qatarrek 2013an 1,9 milioi dauzka. Ezinezkoa da ugalketa hori alimaleko immigrazio bat gabe. Qatartarren %15 baizik ez da bertakoa eta hurbileko herrialde arabiarretatik iritsiak %13 gehiago. Gainerako guztiak, urrutikoak. Indiakoak (%24 ) bertakoak baino gehiago dira, Nepaletik iritsiak (%14) ere bai. Ondoren datoz Filipinetakoak, Bangladeshekoak eta beste.

Lurpean oraindik ugari daukaten petrolioari esker, basamortu idorra baizik ez zen Qatarren hiri modernoenetako eraikin eta bestelako azpiegiturak altxatu dituzte urteotan ekarritako etorkinek. Orain hango indar ekonomikoek eskuartean dauzkaten garapen proiektuen artean izar eta ikurra 2022an bertan jokatuko diren munduko futbol koparen instalazioak dira: estadioak, hotelak, errepideak...
Ondoko urteetan milioi bat etorkin hartuko ditu Qatarrek batzuen kalkuluetan. Prestaketa lanetan, agintariek ez badituzte eraikitzaileak eta hauen kontratistak arrastoan sartzen, 4.000 langiletaraino hil daiteke, Sindikatuen Nazioarteko Konfederazioak (ITUC ingelesezko sigletan, CSI gaztelaniazkoetan) salatu duenez.

Txirotasunetik ihesi nahian, Nepaletik lan bila atera nahi dutenek galdera gutxi egiten dute eta zor handiak hartzen beren gain. Golkoko edozein herrialde dolarrez usteldutan aurkituko dutena lehendik azaldua du hamaikatxok. Roy C. Raphael kazetariak “Slaves of Saudis: Terrorisation of foreign workers” liburuan kontatu du langile indiarren bizimodu mixerablia Saudi Arabian. Net Hurbil honek 2007an egin zion oihartzuna Dubaik orduan ezagutu zuen greba gogorrari: “‘Dubaibilonia’: langileak greban hiri futuristan”. Geroztik gauzak ez dira hobetu, hainbeste milioika jende dago biziraun nahian esklabotza onartu beste aukerarik...

The Guardianek aurkitu ditu Doha eta inguruetan hilabetetan kobratu ez duten langileak, nagusiek soldata gorderik. Kontratistek pasaporteak kentzea ohikoa da; ez pasaporterik eta ez bestelako identifikazio kartarik gabe, ezin dira kalera irten, are gutxiago beste enpresa batera jo lan eske, estralurtarrak baino ilegalago.

Lan baldintzarik gogorrenetara bortxaturik daude menditarrok, termometroak 50ºC gainditzen duen giroan. Kazetariak bildu ditu ura eta janaria ukatu zaienen lekukotasunak.

Bizilekutzat dauzkate Mendebaldean animalientzako onartuko ez liratekeen egoitzak. Gela batean dozenatik gora lagun batera, labezomorroz eta euliz betetako jantoki zikinak, izen hori merezi ez duten sukaldeak. Ez da harritzekoa baldintza horietan asko gaixotzea.

The Guardianek elkarrizketatu ditu dirurik eta paperik gabe, Qatarretik irten ezinean, Dohako enbaxadan babesturik, noiz etxeratuko zain dauden 30 nepaldar ere. Eskandalua suturik, Qatarreko mandatariek agindu dute esku hartuko dutela. Baina oraingoz Aidan McQwade Anti-Slavery Internationaleko zuzendariak esan duenez “kontua ez da gerta litekeela munduko kopa esklaboen lanean oinarritzea: dagoenekoz gertatzen ari da”.

2022 artean Qatarrek gastatuko ditu 100.000 milioi dolar baino gehiago eraikitzeko bederatzi futbol estadio berri, aireportu berria (Emirrarentzako terminal berezi eta guzti), autopista Bahrainekin lotzeko, abiadura handiko trena, metro sarea eta 29 hotel berri. Munduko koparen finala Lusail bataiatu den hiri osorik berrian jokatuko dute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Qatar
AEBek diote Israelek onartu duela “trantsizio proposamena”, baina Hamasek kritikatu du baldintzak aldatu dituztela

Hamasek salatu du talde islamistak aurretik onartutako akordio proposamenetan Israelgo lehen ministro Netanyahuk baldintza berriak jarri dituela. Iran su-etenaren alde agertu da, baina Israel “zigortzeko eskubidea” aipatu dute, uztailaren 31n Hamaseko buruzagi Ismail... [+]


2022-12-13 | Leire Artola Arin
Espetxeratu egin dute europarlamentuko presidenteordea, Qatarrek erosia zuelakoan

Ustelkeria leporatuta kartzelan daude Eva Kaili, europarlamentuko presidente ohi Pier Antonio Panzeri eta beste bi pertsona. Europarlamentuko presidenteorde sozialdemokrata erosi du Qatarko diktadurak, eta dirua eman dio Europar Batasunean haien irudia zuritu dezan, Belgikako... [+]


2022-11-23 | Euskal Irratiak
Patxi Vrignon Etxezaharreta kazetaria Qatarretik
“Munduko Kopa, oro har, ustela da”

Futbolaren erritmora biziko da Qatar ondoko asteetan. Lehen aldia da arabiar erresuma batek Mundial bat antolatzen duela, eta egia da polemika handia sortu zuela Qatar hautatua izan zelarik mundiala antolatzeko.


2022-11-22 | Jon Torner Zabala
Qatar 2022, eliteko kirolaren iparrorratza

Abian da gizonezkoen Munduko Futbol Txapelketa, Qatarren. Ustelkeria zantzuak, estadioak eta bestelako azpiegiturak eraikitzen aritu diren milaka obreroren heriotza, emakumeen eta LGTBI kolektiboaren kontrako jazarpena, ingurumen inpaktua, zentsura, futbol-egutegiaren... [+]


2022-09-30 | Jon Torner Zabala
Qatarreko Munduko Kopa: boikoterako deiak Frantziatik

Azaroaren 20an hasiko da 2022ko Munduko Futbol Txapelketa, Qatarren. ARGIAn hainbatetan hitz egin dugu kirol ekitaldi dizdiratsuenetako baten B aldeaz, dela giza eskubideen urraketa, ustelkeria, langileen heriotzak, ingurumen inpaktua... Horien guztien aurrean, geroz eta... [+]


2022-02-21 | Jon Torner Zabala
Qatar 2022
Sexu abusua salatu eta epaileek bera zigortu, futbol modernoaren paradisuan

Paola Schietekat mexikarrak, Qatarreko Munduko Futbol Koparen antolaketan lanean ziharduela (2021ean), salatu zuen gizon batek eraso egin ziola Qatarren. Bera zigortu zuten, ordea.


2021-02-24 | Jon Torner Zabala
Qatar 2022 Munduko Futbol Kopa: 6.500 langile hil dira instalazioak eraikitzen, baina ikuskizuna ez dadila eten

2022an Qatar-en egitekoa den Munduko Futbol Txapelketarako obretan 6.500 langile baino gehiago hil dira, The Guardian egunkariak azaleratu duenez. Alimaleko zifra horren ingurukoak jaso ditu Descifrando la Guerra twitter kontuak.


2018-06-19 | Axier Lopez
Munduko Kopak badu irabazlea

Estadio, taberna eta albistegietako orroak futbola ez den gainerako guztia estaltzen hasi dira, baita nazioarteko futbolarekin lotutako negozio ilun eta ustelak ere. 2015eko AEBetako fiskal nagusiaren hitzak ahanzturaren zingiran urperatu dira jada: “Futbolaren kupuletan... [+]


2017-12-27 | Jon Torner Zabala
Arabiar herrialde “aberatsak” eta kirola: komeni denean soilik kritika dezagun

Lehenbiziko albisteak Saudi Arabia du jo-puntuan: Anna Muzychuk xake jokalari ukrainarrak, 2016an munduko txapeldun izana bi modalitatetan, erabaki du Riad-eko torneoan ez parte hartzea, “printzipio” kontuengatik.


Biolentzia, bakea bezalatsu, zerbaiten ondorioa da

Kataluniako erasoen ostean, batasun abstrakturako eta –inork ezagutzen ez dituen– Mendebaldeko baloreen defentsarako deiek estali nahi izan dute jihadismo globalari buruzko eztabaida. Sakoneko azterketa saihestu nahian, testuingururik gabeko kontakizun apolitiko eta... [+]


“Qatar ez da Disneylandia, hemen ezin dituzue irudiak hartu”

FIFAko zuzendaritzan 17 urte zeramatzan Joseph Blatterrek dimititu egin du ustelkeria kasu batzuez zipriztinduta omen baitago. Maiatzaren 27an FIFAren zuzendaritzako zazpi kide atxilotu zituen Suizako poliziak.


Eguneraketa berriak daude