argia.eus
INPRIMATU
Herrira
Estatuaren formula zaharrak vs. herritarren zilegitasun berria
  • Atxiloketak, salbuespen neurri judizialak eta Ertzaintzaren kargak albiste izan diren aste baten ondoren garai berriei buruz hitz egiteak txiste tankera har dezake baina, Herriraren kontrako polizia-operazioak ekarri duen erantzun soziala kontuan hartuz gero, gutxien-gutxienez errepresio politiko-judizialaren aurkako jarreran ziklo aldaketaren zantzuak antzematen dira.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2013ko urriaren 08a
Hernanin jende ugari bildu zen Guardia Zibilak eta Ertzaintzak muntatutako operazioaren aurrean.
Hernanin jende ugari bildu zen Guardia Zibilak eta Ertzaintzak muntatutako operazioaren aurrean.Argazki Press / J.C. R.

“Eta orain zertara dator hau?”, taberna eta lantoki askotan entzun da esaldia. Atzerrian bizi den lagun batek galdetzen zuen, atxiloketen kontra sarean argitaratzen ari zen iruzkin-sorta ikusirik, ea Egunkariaren itxierak eragin erreakzioaren mailakoa izango ote zen oraingoa. Seguruenik ez. Eta halere, ordukoarekin konpara liteke, geroz eta argiago zedarritzen ari baitira herritarrak noraino onartzeko prest dauden –eta operazio hau ez dela inondik inora muga horien barruan sartzen–.

Hurrengo pantaila

ETAren menpekotzat joz egunkari, herri mugimendu, alderdi edo elkarte, zernahi, jazartzeko estrategiak hasieratik eragin zuen euskal gizartearen zati handi baten erantzuna, baina beste askok onartu edo, gutxienez, pasibotasunez jokatu dute arrabola polizial-judizialaren gehiegikerien aurrean.

Gatazka armatuaren dinamikak laguntzen zuen: Espainiako Auzitegi Nazionalaren atzaparkada bakoitzeko telebistak ETAren hilketa batekin erantzuten zuenean, diskurtso hegemonikoak gatazkaren biktima batzuk erakutsi eta besteak ezkutatzen zituenean, askok injustizia ikusi arren publikoki posizionatzeari uko egin zioten, beren burua “terroristen” bandoan kokatzea saihestu nahian edo.

2013an gaude ordea, ETAk bi urte daramatza geldirik, behin betiko desagertzeko Espainiako Gobernuaren urratsen zain erantzunik gabe. Bideojoko bati buruz ariko bagina, esango genuke ETAk erabateko menia iragarri zuenean pantaila bat pasa zuela euskal gizarteak. Eta hurrengo pantailak lege diskurtsibo berriak dauzka. Indarkeria bat desagertzeak besteak ikusgarriago egin ditu, hitz askoren esanahia kolokan jarri da –biolentzia, bakea...–; eta zenbait agente politiko ez daude eroso egoera berrian, leku segurua aurkitu ezinda.
 

Molde berriak

Testuinguru horretan, errepresioaren kontrako mugimendua astiro baina gelditu gabe borroka moldeak berritzen ari da. Ohiko formulek –Bilboko manifestazio jendetsua bezalakoek, adibidez– elementu zentral izaten jarraitzen dute, baina bestelako ekimenak agertzen hasi dira. Adibidez, polizia-operazioaren epizentroan, Hernanin, 24 orduko “irekialdia” antolatu zuten joan den ostiralean M15 edo Occupy mugimenduak gogora ekartzen zituen programazio sozio-kultural parte hartzaile eta espontaneoarekin.

Euskal Herrian garai berriak hasi direla kantatzen hasteak gustu txarreko broma eman dezake Espainiako Estatuak formula zaharminduak errepikatzen dituela ikusita. Baina herritar askok horrelako ekinbide polizialen kontra protestatzeko zilegitasun berritua sentitzen dutela ez ikustea ere, begia kamutsegi edukitzea litzateke. Ikusi behar ea erantzun puntualetatik jabekuntza prozesu sakonagoak etorriko ote diren.