argia.eus
INPRIMATU
Herrira
Ustezko tentakuluak eta Estatuaren tentazioak
  • Herriraren kontrako operazioak iragandako garai bateko irudiak ekarri dizkio askori gogora. Haatik, ETAk jardun armatua utzi zuela bi urte igaro direnean, ezinezkoa da pentsatzea bide horretan atzerapausorik gertatuko denik; Espainiako Gobernuak barne iritzia asetzeko egindako mugimendua dirudi gehiago.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2013ko urriaren 16a
Atxiloketak egin eta egoitzak miatzeko operazio zabala jarri zuen martxan guardia zibilak. Irudian, Hernaniko egoitzan.
Atxiloketak egin eta egoitzak miatzeko operazio zabala jarri zuen martxan guardia zibilak. Irudian, Hernaniko egoitzan.Argazki Press / J.C. R.

Guardia zibilek berriz ere Euskal Herriko herri eta hiriburuetako plazak hartu, egoitzak miatu eta dozena eta erdi lagun atxilo hartzea ez da seinale ona. Herriraren kontrako sarekadak duela bost, hamar edo hamabost urteko operazio polizialen osagarri asko izan ditu. Hala ere, koiuntura erabat ezberdina da, eta garai berriotan, Espainiako Estatuak gero eta gaitzago du halako triskantzak egitea; hori esan diote milaka lagunek egunotan.

Presoen oinarrizko eskubideen aldeko mugimenduak duen indarra azalera irten da berriz ere, sektore politiko zehatz batzuetatik harago dagoen eskaera orokorra dela agerian geratu da. Baina, nagusiki, herritarren eskubideen urraketa moduan ikusi da Herriraren kontrako sarekada eta parametro horietan mugitu da hari emandako erantzuna. Ez da ideia batzuen kontra egin, ideia horiek defendatzeko eskubidearen kontra baizik eta horrek, beste faktore batzuen artean, aktibatu du jendea.

Irailaren 30ean guardia zibilak Herrira mugimenduaren egoitzetan sartu eta berehala, eragile sozial eta sindikal ugarik egin zuten bat operazioa salatzeko. Zenbait sigla eta politikariren jarrera deigarria izan da, Jesus Egigurenek bere blogean idatzitako post gogorra adibidez –sarekada “astakeria politiko eta judiziala” zela zioen–, edo estatu mailako sindikatuek izandako jarrera kritikoa.

EAJk bi eskurekin jokatu du auzi honetan, eskuinez ezker abertzalearen teilatuan jarri du pilota, ezkerrez EH Bildurekin salaketa adierazpena hitzartu du Eusko Legebiltzarrean. Asko izan dira distantziakidetasun hori kritikatu dutenak. EAJk azaldu du “atzeraldi kezkagarria” dela gertatutakoa, baina bi aldetara begiratuz, ETAren azken agiria aitzaki hartuta.

Haatik, ETAk jardun armatua utzi eta bi urtera, ezinezkoa da pentsatzea alde horretatik inboluziorik egongo denik, ezta ezker abertzaleak estrategiaz aldatuko duenik ere (ikusi 50. orrialdean Xabier Letonaren analisia).

Leize mediatikoari bazka

Euskal jendarteak ez du atzerapausorik nahi, ez du Garzónen garaietara itzuli nahi, entornoaren entornoa mintzagai zen urteetara. Egunkariaren eta Udalbiltzaren kontrako epaiketetan gainditutzat eman ziren tesi horiek, orduko absoluzioek erabat desmuntatu zuten ustezko peritu polizialek sortutako ipuina.

Baina badirudi estatu aparatuek berriz ere bide hori egiteko tentazioa izan dutela, oraingoan “tentakulu” hitza erabilita. Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak bere autoan aipatzen du Herrira ETAk presoak kontrolatzeko plataforma dela, eta legez kanpoko taldeen ondorengo izatearen delitu klasikoa abiapuntutzat hartuta, kontakizun fantastikoa osatzen du. Espainiako Barne ministroaren diskurtsoa literatura pixka batez blaitzeko zuku paregabea.

Honakoa izan liteke Parot doktrina bertan behera uzteko Estrasburgok emango lukeen balizko aldeko epaiaren aurrean egindako operazioa, gogor plantak, Ines del Río askatu behar izanez gero, ez dadin errepikatu Josu Uribetxeberria askatu zutenean jasotako kanibalismo polikoa –Rajoyk barne eraso gogorrak jaso zituen kritikoengandik–. Baina arriskutsuegia da oraindik erabaki gabe dauden epaiez hitz egitea. Bestalde, litekeena da arrazoi bat baino gehiago izatea sarekadaren atzean. Gauza bat garbi dago, PPren gobernuak oraingoz badu nahikoa leize mediatiko eskuindarrari jatena emateko.

Beste auzi bat zabalik Auzitegi Nazionalean

Herrira ezagutzen duenak badaki –poliziek ere bai, noski– mugimendu irekia eta gardena dela, eta preso politikoen eskubideen aldeko eskaera zehatz batzuk defendatu izan dituela, besterik ez. Eloy Velascok aske utzi ditu 18 atxilotuak horietako lau fidantzapean. Eta hemen ez da ezer pasa.

Baina bai, pasa da. Atxilotuak zeuden bitartean senide eta lagunengan ezinegona sortu dute; libre utzi eta gero pertsona horiei mugitzeko baldintzak jarri dizkiete –hamabostero aurkeztu behar dute poliziaren aurrean, ezin dira Espainiako Estatutik irten…– eta muga politikoak ere bai –ezin dute presoen eskubideen aldeko ekintzetan parte hartu–; Herrira mugimenduaren jarduna bi urtez geldiarazi eta egoitzak itxi dituzte…

Beste afera bat zabalik geratu da Auzitegi Nazionalean, eta ez da sekretua Estatuak egoera politikoan eragiteko instrumentu gisa erabiltzen dituela auziok. Laster Segiko eta Herriko Tabernetako auziperatuak epaituko dituzte, batzuk ia 12 urtez espainiar justiziaren linboan sufriarazten eduki eta gero. Zenbat denbora igaroko dute Herrirakoek?