argia.eus
INPRIMATU
Gizon festa

Itxaro Borda 2013ko urriaren 11

Ez dut zalantzan jarriko Alkain, Galartza, Plazaola eta Euzkitzeren dohain anitza ETB1ko ikuslegoa irriz lehertarazteko orduan, beraien Kontrako eztarritik emankizunarekin. Duda izipirik ez dago. Txalotzekoa da. Gainera gustatzen zait, txantxak zenbaitetan lodixkak suertatu arren, gure hizkuntzan berean entretenitu nazaten eta Artikoko haizez hanpatu nire izpiritu bete erraza kitzika diezadaten. Publiko nahikoa ona naiz.

Hogeita hamar minutuz, zaga-zaga, lau mutiko airos eta gotor, barreak nondik nora zulatuko duen asmatzen jarraitzea aski neketsua dela erantsi behar dut ordea. Bereziki pantailan emazterik ez delako agertzen. Ez ote da antzezle emerik aurkitzen herri honetan, duela lau hamarkada  Zuberoako pastoraletan bezala gizonezkoak emaztez transbeztitzera behartu gabe?  Ala, gizonezkoek genero bien eremua arraileriaz berdinduz, giz-arte total(itario) baten ametsa dauka euskal munduak emakumea invisibile eginez.

Egoeraren aldatu ezinak nau harritzen.

Euskal Herriko kultura alorreko gizon-festa endogamikoa Carla Bruni Miarritzen abesten entzutea bezain ringard dela deritzot jadanik.