argia.eus
INPRIMATU
Ganadua bailiran tratatuak

Juan Mari Arregi 2013ko urriaren 08a

Hemen, Europan, urtetako borrokaz lortutako ongizatea mantentzea exijitzen eta eskatzen dugun bitartean –eta bidezkoa eta beharrezkoa da hori–, 842 milioi pertsona –planetako zortzi biztanletik bat– gosez eta gaitzez hiltzen ari dira. Milioika lagun horietatik ez gutxik, biziraun nahian, euren burua itsasora jaurtitzen dute, bizitza arriskuan jarrita ere. Kapitalismoak euren herrian ukatzen dien eguneroko ogi bila doaz, baina aldi berean kapitalismoak herri horiek esplotatzen ditu, Afrikan, Asian eta Hego Amerikan dauden natur baliabideetatik etekin handiak atereaz. Milaka immigrante, gehienetan oso gazteak, Europan euren paradisu berezia bilatzera derrigortzen dituzte… Eta saiakera horretan askok bizitza galtzen dute. Horietako zenbait herioan jasotzen dituzte, baina gehienak ez. Europako itsasoak milaka immigranteren hilerri anonimo bilakatu dira. Joan den ostegunean, Italiako Lampedusa irlan, 300dik gora lagunek bizia galdu zuten eta 500 inguru afrikar zeramatzan itsasontzitik 155 baino ez dituzte bizirik atera. Itsasontziak su hartu zuen eta ondoren hondoratu.

Beste batzuk immigrante trafikanteek berek botatzen dituzte itsasora. Horixe da Siziliako hegoaldeko kostan joan den astean aurkitu zituzten 13 eritrearren hilotzen kasua. Herri hartako alkatea ziur da trafikanteek “itsasora jaurti zituztela, ganadua balira bezala”.

Guk, “pribilegiatu” europarrok, murrizketa larriak jasan ditugun arren –eta logikoa da horien kontra borrokan segitzea–, ezin dugu giza errealitate hori ahantzi, eta odolustea gelditzeko modu solidarioak bilatu behar ditugu, herri haietan gose eta gaixotasunik izan ez dadin. Kapitalismoaren kontra borrokatu behar dugu, Afrikan, Asian eta Hego Amerikan milioika lagunek jasaten duten esplotazioaren kontra.