argia.eus
INPRIMATU
Lubaki berriak

Xabier Mendiguren Elizegi @xme64 2013ko urriaren 03a

Gauza jakina da zein bidegabea den geneen banaketa: bata eder eta segail egiten dute, bestea itsusi eta baldar; hau harroa, hura apala; harakoa argia, honakoa ergela. Loteria hori ez dakit arbitrarioagoa edo logikoagoa den dohainak familia batean pilatzen direnean: Muguruza anaia irundarrek, denek dute musikarako talentua; Etxeberria neba-arreba zarauztarrek, berriz, literaturarako esku ona; kasurik deigarriena, baina, Tolosako Ubedatarrena iruditzen zait, diziplina askotarako sentiberatasuna bildu baitute etxe berean. Joni eta Imanol anaia bikiak izango dira beharbada ezagunenak, Bide Ertzean taldeagatik; Garbiñe arreba zaharrena diseinuan nahiz idazketan nabarmendu da; hain ezaguna izan gabe, Joxik bere bidea egin zuen musikan, eta Xabi argazkilari trebea da, garai batean fotomatoiekin esperimentuak egiten zituena.

Udazken honetako nobedade pare batek eman didate artikulurako aitzakia: Bide Ertzean-ek 77 atera berri du, batasun tematikoa duen diskoa: Sebas Goikoetxea beren osaba urte horretan hil zuen guardia zibilak, Ezkio-Itsason errepide-kontrol batean Nikolas Mendizabal zaldibiarrarekin batera; ETA pm-ko kideak biak. Gertaerak nola izan ziren, inoiz ez da argitu. Orduko giroa, sentsazioak, irudiak eta sentipenak jaso dituzte Imak eta Jonik kantetan, eta abestien taxuera ederra bezain azpimarratzekoa da diskoa bera kontzepzio eta objektu gisa: barruko disenua, argazkiak, testu lagungarriak...

Garbiñek, berriz, lehendik kronika eta saiakerak idatzi ostean, narrazioari ekin dio, Hobe isilik nobelarekin, eta hemen ere familia izan du inspirazio-iturri: Altsasuko aitona anarkista, gerra galdu eta gero Frantzian betiko desagertu zena, hemen familia utzita. Bide Ertzeanen Non dira oroitu behar, baina Garbiñek atzera utzi du oinarri dokumentala, fikzioaren eremuan sartzeko: hartara, kasu partikularra gainditzeaz gainera, beste hainbat gairi buruzko gogoeta egiteko aprobetxatu du.

Bi sorkarien kasuetan, historiatik zer jaso eta nola transmititu da kezka nagusietako bat, eta horrekin lotuta nola egin gure gatazken “kontakizuna”. 36ko kontuak sarri aletu direla irudi lezake, baina oraindik ez da agortu gaia ikuspegi original bat ematen asmatuz gero; gure beste gerra hurbilagoa, berriz, oraintxe ari da historia bihurtzen, eta historiografia nahiz artea izango dira, hortaz, lubaki berriak.