Errezildarren ateraldiak liburua aurkeztu dute aurten, zeinak errezildarren hainbat pasarte xelebre, bertso eta kontu biltzen baitituen, Gipuzkoako herri hori oso berezia dela agerian utziz. Jarraian aurkezten den txango zoragarri honetan Errezilgo txokorik ezagunenak –Hernio gailurra kasu– eta ezezagunenak bisitatuko ditugu.
Bistan da Hernio mendia dela Errezilgo tontorrik berezien eta esanguratsuena. Gipuzkoako txoko gehienetatik ikus daiteke Hernio, eta ia urteko egun guztietan hango eta hemengo txangozaleak erakartzen ditu. Iraileko igandeetan bereziki, egun horietan erromeria ospatzen baita Zelatungo igarobidean.
Errezilgo elizaren atarian gaudela, burua jaso eta Hernioko gurutzea –gurutzeak esan beharko genuke– bistaratuko dugu urrunean, ia 800 metro gorago. Isurialde malkartsua da, zinez, hegoaldekoa. Iparraldekoa ez da gutxiago.
Hernioko gailurra izanda ere paraje hauetako bisitatuena, ez da gailur bakarra. Oraingoan proposatzen den txangoan ere igo genezake, hala nahi izanez gero, baina Zelatungo lepoaren bestaldeko eremuari emango diogu protagonismoa, Akategi edo Gazumeko gailurra buru. Hernio mendiguneko eremu ahaztua da, Gipuzkoako zokogune ahaztua.
Errezilgo Etumeta auzoan hasi eta bukatuko dugu ezohiko txango hau. Bertara autoz igotzea gomendatzen dugu, nahiz eta Azpeititik –Arauntza eta Sañuko gailurrak igo ostean–, Urola ibaiaren ertzean dagoen Lasao auzotik, edo Aizarnatik ere iritsi daitekeen bertara, txangoa pixka bat luzatuz. Etumetako Benta zaharraren parean hasiko dugu txangoa. Han, kondairak dioenez, Loiolako Inaziok atseden hartu zuen behin Erromatik etxera zetorrela. Etumeta auzoa oroimenean iltzaturik geratzen den inguru horietakoa da, dagoeneko iraganekotzat genuen Gipuzkoa baten erakusgarri. Lasaitasuna arnasten da bertan, ordularia derrepentean gelditu balitz moduan.
Auzoa atzean utzi eta maldan gora abiatuko gara, pagadian barrena lehenengo metroetan eta larrean ondoren, harik eta metro gutxitan altuera bizkor hartu arte. Malda gogorra sasi-ordeka bilakatuko da Txoondegiko muinoa inguratzen ari garela, eta laster iritsiko gara Komisolatzako lepoko gurutzera. Indoko gailurrak izango ditugu parez pare, eta hura izango dugu arnasa hartzeko azkeneko puntua, jarraian malda dexente zutituko baita, ia atsedenik gabe, Gazumeko gailurrera heldu arte.
Ez dago bidean galtzerik, eta gorago goazen neurrian, ikuspegia ere hedatzen joango da pixkanaka. Indoko gailurrera (758 m) igo gaitezke bidetik metro batzuk aldenduz gero, baina tamalez bidean gora jotzen dute mendizale gehienek eta gailur hau, beste asko bezala, ahaztuta dauden horietakoa da. Arrosetako lepora heltzen garenerako 200 metroko desnibela gainditua izango dugu Komisolatzatik, eta Mendibeltzera doan xenda jarraituko dugu segidan, nahiz eta posible den, baita ere, Mendibeltza eta Gazume igo gabe gailur horiek inguratuz zuzenean Zelatungo lepora iristea, Elkamen Txikiko bordetatik igaroz.
Basotik irten eta belardian gora eginez bizkor iritsiko gara Gazumeren zaindari den Mendibeltzako gailurrera. Metro batzuk jaitsi eta Gazume mendiaren azkeneko metroei egingo diegu aurre, harri artean gorantz eginez. Minutu gutxitan helduko gara Gazumera (1.003 m). Ikuspegi zoragarriaz goza daiteke gailur horretatik, eta bereziki deigarria da Hernio mendiaren mendebaldeko horma zeinen eder bistaratzen den pare-parean.
Gure ibilaldiak Iturriotz izango du hurrengo jomuga, baina behin Errezil aldera etorrita eta Hernioko mendigunean gabiltzala, bekatua dirudi Hernioko tontorra jo gabe uzteak. Azkar jaitsiko gara Gazumetik Zelatunera, harri artean lehenbizi eta belardian behera gero, pintura marka zenbaiti kasu eginez, lehenengo zatian bereziki. Iraileko igandeetan trikiti doinuak nagusi izaten dira bidegurutze estrategiko honetan, eta jendetza bildu ohi da hutsik egin gabe, nahiz eta garai bateko argazkiak eta gaur egungoak errepasatuz gero Zelatungo erromeriak behera egin duela eman dezakeen zenbaitetan. Edozein kasutan, indarrak berritzeko aukera paregabea izango dugu Zelatungo txabola orain gutxi eraberrituetan, eta Hernioko azken pendizari aurre egiteko moduan jarriko dugu ostera gorputza.
Herniora igo ostean atzera berriz Zelatunera jaitsi beharko garela kontuan hartuz, eta ibilbide zirkularra osatu nahian ahal den heinean, bide arrunta jaitsierarako utzi eta zuzenean igotzea proposatzen dizuet, ertzetik joanez. Behetik ezinezkoa dirudien arren, xenda bihurri bat badago, harkaitz artean gora egiten duena. Horretarako, zuzenean belardian gora egin beharko dugu –malda gogorra eta bidez kanpo–, harkaitzaren oinera iritsi arte. Zirrikitu bat badago, eta bertan xenda arrastoak aurkituko ditugu, kairn bakar bat edo beste aurkitzeaz gain. Malda gogorra gaindituta gailurreriara iritsiko gara, eta Hernioko gurutzea gertu sumatuko dugu, nahiz eta bertara iristeko oraindik ere lan pixka bat egin beharko dugun harri artean. Minutu gutxitan, Gipuzkoako gailurrik maiteenetakoa den Herniora helduko gara (1.072 m). Gurutze nagusiaz gain beste hamaika daude gailurrean. Gipuzkoa osoa gure oinetara izango dugu, baina bereziki Errezil, nola ez.
Zelatunera bide arruntetik jaitsiko gara, hainbat eta hainbat belaunaldik zapaldu duten xendari jarraituz, betiere Errezil begi bistan dugula. Zelatunetik Iturriotzerako bidea ere aski ezaguna da, hainbat eta hainbat mendizale eta txangozalek behin eta berriz zapaldua. Ez dago bertan galtzerik. Antzinako bide klasiko batean gaude, izan ere: GR34 bidea, Donostia eta Arantzazu batzen dituena, Zelatunetik igarotzen da eta Iturriotzerainoko bidea ibilbide luze honetako margo ikur zuri-gorriak jarraituz osatuko dugu, bideaz gozatuz betiere.
Iturriotzen ermita bat eta baserri erraldoi bat aurkituko ditugu, XVI. Mendekoa. Han ere gau bat igaro omen zuen Loiolako Inaziok, Parisetik Azpeitira zetorrela. Iturriotz, Etumeta... Pausoka-pausoka erromes-bidea osorik ari gara deskubritzen ia nahigabe...
Ibilaldiaren azken txanpa geratzen zaigu, zatirik ezezagunena eta erakargarriena. Berriz ere Etumetara itzultzeko lehenbizi Iturriotzetik Granada Errekako zulora jaitsiko gara, ibilgailuak ere ibil daitezkeen pistari segika, galtzeko aukerarik gabe. Pendiza latza da, eta altuera erraz galduko dugu kilometro gutxitan. Granada Errekako zuloan, Iñaki Eizmendi Basarri jaio zen baserritik igaroko gara, berriz ere malda gogorrari aurre egin baino lehen. Gipuzkoako ermita zirkular bakanetakoa den Erdoiztako ermitara igotzea dagokigu jarraian, paraje ezezagun, ahaztu eta magikora. Luis Pedro Peña Santiago mendizale eta etnografo handiak honelaxe dio, Paseos por Guipúzcoa liburuan, Erdoiztari buruzko pasartean: “Erdoiztara joan egin beharra dago. Bertan hiltzen da errepidea, plazaren erdian, beste inora joan gabe. Errezilgo auzo honetako kaskoa ermitak eta bi baserrik baino ez dute osatzen. Gure herrialdeko paraje ahaztua da, paraje berria, existitzen ez zela uste genuen baina bertan dagoen Gipuzkoa bateko zati... Eguraldi txarrarekin gustatzen zait niri Erdoizta, behe-lainoak Indoko mazelak estaltzen dituen egunetan, eta hezetasunak pagoetako hostoak distirarazten dituenean, horiek baitira Erdoiztak bere indarra erakusten dizkigun egunak...”.
Paraje erakargarria eta misteriotsua denik, behintzat, ezin uka. Gipuzkoako txoko ahaztu hauetan osatu dugun ibilaldi ahaztezina osatzeko, Erdoizta eta Etumeta batzea baino ez da falta, errepidez bizpahiru kilometro ibiliz.
Galarra-saletxeko Bartolo da beste fenomeno bat izana. Garai batean Landetan bazkaltzen zuen beti, apopilo. Beti prezio jakina ordaintzen ohituta zegoen nonbait. Menuaren prezioa igo egin zuten garai hartan, baina Bartolok beti bezala bota zuen hamar eurokoa. Bordatxoko Anak esan dio:
– Aizu, Bartolo, ezta ailatzen!
–Eon haina lasai, bultzako´zeonat-eta –diruari bere aldera bultza eginez.
******************************
Beste behin, zerbitzaria lanean iritsi ezinda zebilen tabernan eta Bartolo adarra nondik joko. Berotu zaio zerbitzaria:
– Mundu hontan danok gaituk amaik eindakuak, e?
– Ni ez –Bartolok.
– Hi ez? Hi zeinek eindakua haiz ba?
– Amak ez, zaharrena naun-ta. Ni jaio arte ez huanan ama, hua ni jaiotakuan ein hunan ama. Aurretik neska edo nahi denana izengo huanan, baina ez ama.
17 urteko musika ibilbideari itxiera emango dio Odolaren Mintzoak hilaren 25ean Usurbilen eskainiko duen kontzertuan. Amaiera kontzertuaren inguruan egun osoko egitaraua antolatu dute. Bidelagun izan dituzten herriko taldeek hartuko dute oholtza: Rukula, Ameba, Viafara edota... [+]
2024ko balantzea egin du Irungo Harrera Sareak. Aurreko urtearekin alderatuta saretik migrante gehiago pasa dira, eta Gautxori taldearen harrerak laukoiztu egin dira. 6.000 pertsona inguru artatu dituzte guztira.
Hamahiru urte beteko dira asteartean, hilaren 14an, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hil zela, eta hura gogoan, ekitaldi jendetsua egin dute Antiguako Gaskonia plazan. Urteroko legez, Txillardegiren senideak, lagunak eta euskaltzaleak elkartu dira bertan, Eta non du... [+]
Itsason (Gipuzkoa) elkarren ondoan dauden bi baserri dira Urteaga eta Urkulegi, duela zenbait urte elkartu eta proiektu bateratua martxan jarri zutenak. “Bi baserriak elkartu eta ekoizpen proiektua abiatu genuen, eta 2011tik dedikazio osoarekin ari naiz honetan”,... [+]
Iazko martxoaren 14an, polizia operazio handi bat izan zen Martuteneko Agustindarren eraikin okupatuan, Udaltzaingoaren, Ertzaintzaren eta Espainiako Poliziaren eskutik: 56 lagun atera zituzten eraikinetik eta 29 Espainiako Poliziaren komisariara eraman zituzten,... [+]
Ikasgaia ba ote dakizun frogatzeko eta horren arabera nota jartzeko hiruhileko amaierako azterketarik ez dago Laskorain ikastolan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren lehen zikloan. Baina orduan, nola ebaluatzen dituzte ikasleak? Nondik ateratzen da azken kalifikazioa?... [+]
Donostiako Okendo kaleko liburu-denda mitikoaren lokala salgai jarri dute eta erreleboa hartuko duen talde bat prest agertu ezean, ateak itxiko ditu. Liburu-dendako arduradunek ARGIAri azaldu diotenez ez da erraza izan erabakia hartzea, baina jabeetako batzuek erretiroa hartzeak... [+]
Gipuzkoako Fiskaltzaren ustez, 40 urteko irakasle hondarribiarrak 9 eta 17 urte arteko hamaika adin txikikori sexu gehiegikeriak egin zizkien 2011 eta 2021 urte artean. 2021ean kartzelatu zuten, bere sei ikaslek salaketa jarri eta gero.
Baionako eta Donostiako epaitegiak margotu ostean, ostegun gauean Eibarko epaitegian pintaketa egin dute zenbait ekintzailek. "Oldarraldia gelditu" idatzi dute eta pintura berdea jaurti diote eraikinari. Abenduan, CCOO sindikatuaren egoitza ugari margotu dituzte, baita... [+]
Donostian 2024ko martxoan jokatutako futbol partiduaren aurretik Ertzaintzak egindako kargetan, Amaya Zabarte zaleaz gain bigarren pertsona bat zauritu zuten, ustez foam pilota batekin begian jota. Orain, kasu hori ere ikertzeko agindu du Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak.
Bizilagunekin plataformak gogor kritikatu du Donostia 2030eko munduko futbol txapelketaren egoitzetako bat izatea, Marokok, Portugalek eta Espainiak antolatuko duten edizioan. “Hiria munduko mapan kokatzea” eta “lehen mailako kirol ikuskizuna herritarrei... [+]
Suhiltzaileek beste sute bat itzali behar izan zuten abenduaren 27an Zubietako erraustegian.
EAEko biztanleen %23,9k osasun asegurua zeukan kontratatuta 2023an, Eustaten datuen arabera. 2021eko datuekin alderatuta, %4,1 gehiagok. Batez ere traumatologia, oftalmologia, ginekologia eta dermatologia kontsultak egin ziren. Aseguruen %61,3 enpresentzakoak edo bestelako... [+]
Realaren eta PSGren arteko futbol partidu batean larri zauritu zuten zalearen kasuan, epaileak onartu du familiaren abokatuek egun hartako bideo irudi guztietara sarbidea izatea. Oldarraldian parte hartu zuten ertzain taldeetako arduradunak identifikatzeko ikerketa ere eskatu du.