2013-2014 ikasturtearen hasiera bereziago ari da izaten Tolosako Laskorain ikastolan. Eta ez bakarrik aurten eurek antolatutako Kilometroak jaia ate joka delako, baita Euskal Curriculuma oinarri duen EKI proiektuko ikasmaterialarekin lanean hasi direlako ere.
Oraingoz Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen mailan bakarrik hasi dira ikasmaterial horrekin lanean, baina aurreikuspenen arabera, datozen urteetan gainerako mailetan txertatuko dute, urtero maila berri batean.
Izenetik hasita, orain artekoarekiko zenbait berrikuntza dakartza materialak. EKI akronimoa da eta urteetan garatutako Euskal Curriculum proiektuaren izaera islatzen du: “E”-k Euskal Curriculumaren garapenerako ikasmateriala dela adierazten du, “K”-k konpetentzietan oinarrituta dagoela, eta “I”-k pedagogia integratzailea lantzen duela.
Asko entzun da azken urteotan Euskal Curriculumaz: hezkuntzan Euskal Herriaren izaera aintzat hartzeko modua dela, euskara babesten duela, zenbait erakundek behar baino jaramon gutxiago egin diotela… Jone Urteaga Laskorain ikastolako zuzendariak argi du zer esan nahi duen Euskal Curriculumak: “Gure curriculumean urteetan izandako hutsune handi bat betetzen du. Batetik, Euskal Herrian bizi gara eta bazegokigun curriculum propioa izatea, eta bestetik, pedagogia mailan ikastolen inguruan emandako hainbat aurrerapen jasotzen ditu curriculum honek”. Gainera, Euskal Curriculumak hasieratik izandako onespena ekarri du gogora, sustatzaile eta babesleak azpimarratuz: “Ikastolen Elkarteak lanketa handia egin zuen, Kristau Eskolaren eta Sortzen Ikasbatuazen onarpena izan zuen eta azkenean Eusko Jaurlaritzak plazaratu zuen”.
Zehaztapenetan sartuta, Europako hezkuntza erreformak eskatzen duenari jarraitu eta bizitzan norbanako gisa garatzeko konpetentzietan oinarritzen da. Gaitasun komunak, arlo guztietan landu beharrekoak, eta gaitasun espezifikoak bereizten ditu. “Ikasle batek DBHko 4. maila bukatzean bizitzan beharko dituen oinarrizko gaitasunak zeintzuk diren finkatzen du, nora jo eta nora heldu behar dugun”, azaldu du Urteagak. “Irteera profila da markatzen duena”, gaineratu du Kepa Goikoetxea ikastolako Bigarren Hezkuntzako ikasketa buruak. “Ikastetxetik irteterako landuta eta bereganatuta izan beharreko konpetentziak zehazten ditu, eta horrek beherakako sekuentzializazio bat dakar, adin bakoitzean zertan egon behar duten ikasleak trebatuta adierazten duena”.
Euskal Curriculumaren arabera, eskolatik ateratzerako ikasleek pentsatzen eta ikasten, komunikatzen, elkarrekin bizitzen, norbera izaten, eta egiten eta ekiten jakin beharko dute. “Eskolan dauden bitartean ematen dizkiegun ezagutzak, gero egoera errealak planteatzean, zertarako eta nola erabili ditzaketen jakiteko trebatuko ditugu”, dio Goikoetxeak. Horren adibide, EKI ikasmaterialean aurki dezakegun ariketa hauxe: “Naturako irakasgaian unibertsoari buruzko testu bat idatzi behar izan duzu. Lehen bertsio horri ‘Unibertsoa’ izena jarri diozu. Demagun lehen zuzenketa egin eta aldaketak egin dituzula testuan. Bi testuak gorde nahi dituzu, zein izen jarriko zenioke bigarren testuari?” edo “Orain demagun ikaskide bati bidali diozula hasierako testua eta bere iradokizunekin birbidaltzen dizula. Zein izen jarriko zenioke dokumentu berriari?”. DBHko lehen mailaren amaieran gisa horretako galderei erantzuten jakin beharko lukete ikasleek.
Ikasleek ez dute aldaketa handirik nabarituko irakasgaietan, izan ere, Euskara eta Literatura, Lengua Castellana y Literatura, English, Matematika, Gizarte Zientziak eta Naturaren Zientziak liburukiak prestatu ditu Ikaselkar EKI proiektuko materialaren argitaratzaileak. Horiek lantzeko moduan, aldiz, izango da berrikuntzarik: batetik, ikasleek unitate didaktikoaz gain, jarduera fitxak, hauek gordetzeko portafolioa eta lan-koadernoa izango ditu, eta bestetik, uneoro osagarri eta lagungarri, proiektuaren webgunean (www.ekigunea.com) zintzilikatutako materiala: matematikaren historia laburbiltzen duen animaziozko bideoa, abestien ikus-entzunezkoak, ariketa gehigarriak...
“Orain arteko metodologiarekin unitate bakoitzaren amaieran proiektu bat zegoen eta EKIrekin proiektuak baino, egoerak aurkezten zaizkie ikasleei. Egoera horien aurrean jakintza ezberdinak mobilizatzeko eta aplikatzeko gai izan behar dute”, azaldu du Goikoetxeak. Hona horietako egoera bat, Euskara eta Literaturako lehen unitatean ikasleek ahozko nahiz idatzizko interakzioa lantzeko aurkeztua: “Joan zen asteburuan ikastolako mendi taldearekin herriko tontor garaiena igotzera joan zinen. Zurekin eraman zenuen etxeko txakurra: Xei. Galdu egin zen eta faltan botatzen duzue. Xei bilatzeko: haren deskribapen zehatzena osatuz kartelak egingo dituzue, galdutako eremuaren deskribapena egingo duzue basozainak bilaketa antolatzeko eta kartelen deialdiari erantzunez telefonoz deituko dizutenak serio eta benetan ari direla ziurtatzeko galderak prestatuko dituzue”.
EKI ikasmaterialean garrantzi handia dute informazioaren eta komunikazioaren teknologiek (IKT). Laskorain ikastolako bi irakaslek aurreko ikasturtean landu zuten EKI proiektuko unitate bat lehen aldiz eta orduan baieztatu zuten beharrezkoak zitzaizkiela IKTak: ordenagailua, proiektore eta pantaila bat eta bafle bat. Izan ere, euren material asko (adibideak, testuak, irudiak, webguneetarako loturak…) ikus-entzunezkoak dira. “Aurrean ditugun ikasle horiek gu baino askoz ikus-entzule arituagoak dira, beraz, gure erronketako bat da eurek egin behar duten lana erakargarri bihurtzea”, dio Goikoetxeak.
Batzuetan hor datza zailtasuna, zenbait irakaslek ez baitzuten IKTen ikaspenik jaso euren formakuntzan. Horregatik, Ikastolen Konfederazioak heziketa saioak eskaintzen dizkie EKI proiektuko materiala erabiliko duten ikastoletako irakasleei. Unitate didaktikoak nola dauden antolatuta, nola garatu behar diren eta nola ebaluatu aztertzen ari dira. Azken hori ere kezka iturri da Goikoetxearentzat: “Ikasleak eduki berriak ikusi eta landu behar ditu baina gero hori egoera praktikoetan txertatzen ikasi beharko du. Hori nola egin, nola ebaluatu, aldaketa da guretzat”. Urteagak gaineratu digunez, orain arte ikaslearen garapena, eta ez bakarrik amaierako emaitza, aintzat hartu izan da ebaluazioan, baina orain, egoera baten irtenbidea aurkitu beharko dutenez, are garrantzitsuagoa bihurtzen da prozesua.
EKI ikasmateriala aurrerapauso bat da Euskal Curriculumaren aplikazioan, baina José Ignacio Wert Espainiako ministroak duela hilabete batzuk proposatutako LOMCE legeak izan dezake zeresanik gai honetan, hezkuntza zentralizatu eta ikastetxeen autonomia murriztuko bailuke. Tolosako ikastolako ordezkariei galdetuta, zehaztapenak falta dituztela aitortu dute: “Oraindik ez dakigu zein egutegi izango duen legeak ezarpenerako, ezarri behar bada noiz arte mantenduko den, Eusko Jaurlaritzak ze indar egingo duen horren aurka... Guztia ikusteke dago”.
Dena den, azkenean LOMCE legea indarrean sartzen bada, arazoa izan daitekeela badakite: “Lege orokorrak curriculum orokorrean zer txertatzen duen eta kanpo ebaluazioek zer eta nola neurtuko duten, hor egongo da gakoa. Kanpo ebaluazioan sartzen dena curriculumean derrigortzen bada eta gurearekin bat ez badator, hor izango dugu arazoa”. Izan ere, ikastetxeek tituluak emateko eskubidea galdu eta ikasleak kanpoko froga baten menpe geratuko liratekeela azaldu du Goikoetxeak. Hala ere, Urteagak adierazi duenez, ez dute etsitzeko asmorik: “Eusko Jaurlaritzari curriculuma finkatzeko ahalmena murrizten bazaio eta kanpoko ebaluazioa ezartzen badigute titulua lortzeko, jakin beharko dugu gureari uko egin gabe ikasleak horretarako prestatzen. Ohituta gaude”.
Hainbat ikaslek egin dituzte salaketak. Irakasleetako bat sare sozialen bidez ikasleei egindako jazarpenagatik eta sexu proposamenengatik salatu dute. Bigarrena, berriz, ikasgelan izandako jarrera desegokiengatik eta iruzkin sexistengatik. Hirugarrenari dagokionez, ikasleen... [+]
Azaroak 20an, Haurren Nazioarteko Eguna, ikastetxe sarreretan krespoi belzdun bandera palestinarra eta bi zapata pare jartzea proposatu du hezkuntza arloko ekimen herritarrak. Azaroaren 30etik urtarrilaren 31ra bitartean haur palestinarrentzako elkartasun mezuak jaso eta ondoren... [+]
Azken hamarkadotan euskalgintzan jardun izan dut, dela helduen euskalduntzean AEKn, dela hizkuntza-eskubideen defentsan Behatokian, dela euskararen normalizazioaren alde Euskalgintzaren Kontseiluan. Den-denetan egokitu zait euskalgintza edota herrigintza auzitan jartzen zutenen... [+]
Batxilergoan tutore izan nuenetik ia 10 urte pasa direla elkartu naiz Uxue Juarezekin Ur Mara museoko Toureau etxolan (Alkiza), pagoez eta Koldobika Jauregiren eskulturez inguraturik. Autoritate segitzen du izaten niretzat Uxuek, baina beste zentzu batean orain. Aurpegian... [+]
Astelehen gauean su hartu du Donamartiriko (Nafarroa Beherea) ikastolako eraikin batek. Ez da zauriturik izan, baina kalte material handia eragin du suteak.
Bi eguneko egitarau oparoa osatu du Zangozako ikastolak urriaren 19rako eta 20rako: 3,5 kilometroko ibilbidea, hiru gune eta hamaika ekitaldi Nafarroako ikastolen festa handirako.
Botoen %55 lortu du Pascal Jocouk Beskoitzeko hauteskundeen bigarren itzulian. Fabienne Etchegaray aurkariak bozen %44 atera du. Hemezortzi kontseilari izango ditu gehiengoak, eta bost oposizioak. Berriako Ekhi Erremundegik eginiko elkarrizketan, ikastolaren aldeko konpromisoa... [+]
Irakasleek baxoko ahozkoa euskaraz egiten laguntzeko ekintza egingo dute. Soinean ahobizi eta belarriprest txapak eramango dituzte, ikasleei adierazteko “babes osoa” dutela euskaraz mintzatzeko azterketan.
Pascal Jocou eta Fabienne Etchegaray aurkeztuko dira Beskoitzeko hauteskundeen bigarren itzulian. Haritza Camblong-ek oraindik ez du zehaztu ekainaren 23ko bozketara aurkeztuko den. Fabienne Ayensak, Beskoitzeko aurreko alkateak, ikastolaren hitzarmenak eragindako desadostasunen... [+]
Maiatzaren 12an Senpereko lakuaren inguruan egin da Herri Urrats, ohi bezala. 41. edizioan Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakariak hiru gauza galdegin ditu: baliabideak, hizkuntza politika ausartagoak eta euskararen ofizialtasuna.
Igande honetan, maiatzak 12, urtero bezala Ipar Euskal Herriko ikastolen Herri Urrats festa ospatuko dute Senpereko lakuaren inguruan. Aurten, TxikiLinux Txokoa egongo da Xiberoa gunean. 9:00etatik 17:00etara haurrentzako tailerrak prestatu dituzte, sistema eragile libre eta... [+]
Seaskako Bernat Etxepare lizeoko ikasleek mobilizaziorako deia luzatu dute maiatzaren 17rako. Guztien arteko sarea irudikatzeko asmoz, ekimenen aipamena Interneten #EuskarazIkasiMatxinada eta #EuskarazBiziMatxinada traolekin zabaltzeko eskaera egin diete.