Artur Mas Kataluniako lehendakariari “leialtasuna” eskatu dio Mariano Rajoy Espainiakoak. EAJren eta PSEren arteko itun fiskalean ere Patxi Lopezek “leialtasuna eman eta exijituko” duela azaldu du. Modan jarriko ote da berriz ere ditxosozko hitza?
Zenbatetan ez ote dugu irakurri “muy noble y muy leal” goiburua gure erakundeetan? Iztuetak “guziz leial ilezkorra” deskribatu zuen Gipuzkoa. Iraganean, erreinu eta leinuen garaietan, ohorea eta leialtasuna zegoen ezeren gainetik, Erdi Aroko baladak dira lekuko.
Eta hara, aldeko arrazoirik gabe eta ondokoa konbentzitzeko argumentuen faltan, leialtasuna inbokatu du Mariano Rajoyk, basailu katalanek traizio egin ez diezaioten. Ez dizkie Espainiaren bertuteak eta dohainak nabarmendu, ez die herri gisa duten eskubide subiranoa onartu. Ez, “leialtasuna” galdegin die, fededunak Jainkoari dion gisan: ...leialitatez begir’ezozü fedia, maiteminduek elkarri dioten moduan: ...leial dük hik amoriua!
Baina Generalitatak erantzun dio ez dela inuzentea izango.
Leialtasunaren deiadarrak huts egin da, Rajoyren aholkulari banintz, Masi beste gutun bat bidaltzea gomendatuko nioke, oraingoan hain bogan jarri den kutsu belikoz inspiratutako balada bat barnean daramala. Eta horrela hasiko litzateke Mariano zaldunaren eresia:
Hartuko dot esku batean gezia
bestean zuzi iratxegia,
Erreko dot Katalunia guztia!