argia.eus
INPRIMATU
Aldaira

Bea Salaberri @beatxo 2013ko irailaren 25a

Bizi batean gutxitan gertatuko da etxe alda baten izari bereko laxante libragarririk, fisikoki, materialki eta emozionalki. Prozesu sinple eta basiko bezain eraginkorra.

Hasteko, ordura arte bizi eta egin izana, dena, perfektuki eta definitiboki sailkaturik doa.

Armairuak oro zolaraino hustu ondoan puskileriek kausitu dute lekua sistematikoki eta pragmatikoki, firurika; zenbaitez harro eta besteez lotsa, gaur zaren hori egin zaituzte oro, alta jujamenduaren eguna heldua zaie.

Badira besagainka despeditzeko piltzarkeriak: ahantzi nahiago diren gertakari eta momentuak, baita gehiegi higatu puskateriak jada enpatxutik bazterturik hobe direnak. Bestalde doaz praktikoak: egunerokoan beharrezkoegiak, esku pean laster izateko gisan behar bezala sailkatu eta etiketaturik kutxetan. Azkenik, denbora hartuz, balde finagoetan poliki apailatu dituzu hainbeste beharrezko ez baina harrotasunez edota amultsuki ondoan eta memorian gorde nahi dituzunak, urtez urte metatu detaile ezdeusak, iraganeko une, jende eta gertakarien lekuko soilak, behakoaz besarkatu orduko aspaldian airatu hotsak zuretzat bakarrik berpitzarazten dituzten zentzuz bete girgileria kuttunak.

Geroxeago da une hunkigarria: prozesu geldiezin eta gorde ezineko denboraren lekuko, edukiontzi bakoitza bere ondoko lekura daramate bihotza urratzeko balet lanzinantean. Hustuketak agerrarazi ditu gela huts-hutsak, zuregana iraganeko zorion eta algaren oihartzun hutsala besterik ez dute itzultzen. Ausatzeko denborarik izan balitz –hots, aisia hartzeko denbora bazenu–, negar eginen zenukeen, denboraren ihesari, bezperako on-gaitzei, desagertu guziari.

Zoko-moko oro pruntki torratzean oroitu zara budistek diotenaz: gauzen eta gorputzaren garbitze eta antolatzetik hasten da pentsamoldeen garbitasuna eta hortik beretik arimarena. Azkenean, metatu zorigaitz, ez behar, estropuen purga bat-bateko eta definitiboa, mustuka ukaldika.
Eta azkenean: klunka, ordenatutako guzia zigilatuko duen sententzia nola. Armairu elektrikoan argindarra mozteak eragin klunka gorra espazio handiegian paretaz pareta erreferaka erraietaraino heldu zaizu, ezintasunetik libratu beharrean jada. Laster, zarrailuari azken aldikoz bi itzuli emanen badizkiozu ere, atari guziak zabalik ikusarazi nahi lizkizukeen soinu hain partikularra.