argia.eus
INPRIMATU
Zer gara gu? Nor gara gu?

Miren Amuriza @MirenAmuriza 2013ko irailaren 12a

Doinua: Gai horrek badu mamia.

“Zer gara gu? Nor gara gu?”
kantak dinon gisara:
pozik hartzen genuenak
ehun pezetako paga,
gogotsu joan ginenak
fakultateetara,
gaur Lanbide-ko atean
gauden gazte ilara,
jolasean jarraitzeko
helduegiak jada,
ta lanik ez izateko
gazteegiak gara. (bis)

Agintari, ez gaitzazu
engainatu faborez,
esanez diru-laguntzak
ito direla zorrez.
Juan Carlosek guri kendu
ta koltxoipean gordez,
Raxoik bere kamaradak
ornitu ditu sobrez,
Hollandek Siria erasoz
babesa eman ordez…
Dirua egon badago
baina guretzako ez. (bis)

Lausotzen hasia dugu
garai zaharren gomuta;
lehen etxetik joatea zen
bizilege arrunta,
gaur egun da gehienentzat
ezinezko burruka.
Nahiz ta krisialdi hau ez
epe motzean buka,
bestela ere haizea
aurkituko dugu ta,
ez gaiten gera eskuak
poltsikoan sartuta! (bis) n