Arduradun politiko eta ekonomikoak hizkera arraroarekin ohituta gauzkate herritarrok, baina euren hitzek askotan ondorio sozial larriak ezkutatzen dituzte. Eta komeni da argitzea, herritarrak ez baitira ergelak. Joan den astean, Urkullu lehendakariak nazioarteko eszenatoki batean zera esan zuen: “XXI. mendeko ongizate estatua ez da XX. mendekoaren berdina izango, Estatuaren arlo publikoaren gaitasuna aldatzen ari delako”. Eta honakoa gehitu zuen: “XXI. mendeko Estatuari jarduera publikoaren monopolioa murriztu zaio eta ez da herritarrak eskatzen dituen zerbitzu guztien bermatzaile izango”.
Urkullurentzat zer da ongizate estatua? Azpiegitura handiek dakartena? Zeren eta AHTrentzat, Sollube eta Autzaganeko tunelentzat, Pasaiako kanpo portuarentzat eta halakoentzat badago dirurik. Ez al da ongizatea lortuko ospitale sareak sendotuz, osasun zerbitzuak hobetuz, enplegua sortuz, langabetuak lagunduz –Hego Euskal Herrian 223.832 lagun daude lanik gabe–, Gizarte-Larrialdietarako Laguntzak ordainduz, pentsionistentzako prestazioak igoz eta menpekotasuna dutenei edo immigranteei harrera eginez?
Lehendakariak eta bestelako arduradun politikoek argitu dezatela. Zergatik ari da aldatzen Estatuaren eta arlo publikoaren gaitasuna? Zergatik halako presa azpiegitura handi, antisozial eta antiekonomikoak eraikitzeko? Ez badago dirurik ongizate estatua mantentzeko, zergatik ez da paradisu fiskalak eta iruzurra deuseztatuko dituen eta boteretsuak zamatuko dituen zerga erreforma erradikala martxan jartzen? Hemen, aldatzen ari dena gobernatzen gaituztenen interesak dira. Bankuen zerbitzura daude, herritarren zerbitzura baino. Hortxe daude bankuak salbatzeko herritarrei lapurtutako diru publikoko milaka milioiak.