Euskaraz aritzeko koherentzia minimo bat

  • Familian eta eskolan euskaraz egiten zieten arren, euren seme-alabak gaztelaniaz mintzatzen hasi zirela ikustean, elkartzen hasi ziren Mungiako (Bizkaia) Larramendi ikastolako hainbat guraso. Euskararen erabilera suspertzeko, “gurasoengandik gurasoengana” hasi dira lanean, aita-amen ohituretan eta jarreretan eraginez.

Ezkerretik eskuinera: Garbiñe Larrauri, Agurtzane Mallona, Susana Murga, Maite Ruiz de Egino eta Josune Urkizu. Bostak guraso eta euskara irakasle dira. Kezka berak elkartu zituen, ikastolako haurrek barra-barra egiten zuten gaztelaniaz eta haien gurasoe
Ezkerretik eskuinera: Garbiñe Larrauri, Agurtzane Mallona, Susana Murga, Maite Ruiz de Egino eta Josune Urkizu. Bostak guraso eta euskara irakasle dira. Kezka berak elkartu zituen, ikastolako haurrek barra-barra egiten zuten gaztelaniaz eta haien gurasoek ere bai beraien artean.

Honako hau, Mungiako eszena bat izan liteke, edo beste edozein herri euskaldunetan jasoa, haurrak batzera joandako guraso euskaldunen artean ohikoak baitira gisa honetako elkarrizketak ikastola atarian:

Pues como te decía, que en inauteris vamos a salir de andereños. Mikel, hartu bokata eta ekarri motxila, eroango dizut nik. Pues eso, no sé cuántos saldremos. Ez egin korrika, Mikel, zoaz astiroago! Pero igual seremos 8 o 10.

A! Pues igual yo también me animo. Anetxu, itxoin! Con una peluca y unos betaurrekos. Anetxu, itxoiteko, lehenengo platanoa eta gero actimela. Hace años que no nos disfrazamos. Ahora con los txikis ya sabes. Anetxu, segi Mikelegaz.

Eszena horiek ohiko bihurtzea, euskaldunek euskaldunen artean erdaraz egitea normal eta arrunt bilakatu izana kezka-iturri da hainbat gurasorentzat. Edo seme-alabak giro euskaldunean, etxean eta ikastolan euskaraz heziak izanagatik ere, gaztelaniara jotzen dutela ikustea.

Halaxe da Mungiako Larramendi ikastolako guraso Agurtzane Mallonarentzat. “Ikastolan bertan, kalean, herrian eta eskualdean euskara gero eta gutxiago entzuten dela-eta zer edo zer egin behar genuela pentsatu nuen, eta, horrela, neure antzeko kezkak dituzten gurasoak elkartu nituen”. Halaxe, Hazi Hezirekin mahaiaren bueltan bildu diren bost amak –Mallona bera, Maite Ruiz de Egino, Garbiñe Larrauri, Susana Murga eta Josune Urkizu, euskara irakasleak guztiak– eta beste batzuk elkartu ziren duela bi urte, “geure aldetik ahal genuena egiteko”. Guraso batzorde bat sortu dute ikastolaren egituran, euskararen erabilera areagotzeko eta gurasoei euren rolaren garrantziaz gogoeta eragiteko. Iñaki Eizmendi gizarte hezitzailearen aholkuekin plangintza sendo eta dinamikoa gauzatu dute, baliabideak eta tresnak eskainiz, seme-alabek euskaraz hitz egiteko ohitura berreskura dezaten.

Etxean bertan ikusi zuten arazoa ama hauek, Ruiz de Eginok kontatu duen eran: “Geure umeak ere, txikitatik euskara hutsean heziak izanagatik, euskara natural eta aberatsa jasoagatik eta erdararekin arazo handiak izanagatik ere, urteak aurrera joan ahala, lagunen artean eta neba-arreben artean erdaraz hasi zirela ikusi genuen. Euskara, haurrentzako, klase barruko tresna bihurtu zela ikusi genuen; ez dela harremanetarako hizkuntza”. Guztiek LHko azken urteetan edo DBHn dituzte seme-alabak, eta ohartu dira, gainera, gero eta gazteago aldatzen dutela hizkuntza umeek. “Nik igarri dut txikerra arinago hasi dela erdararako jarduerarekin”, kontatu du Urkizuk. “Jada ez da DBHko kontua, ez da nerabezaroan kontra egiteko jarrera horregatik. LHko 2-3. mailan hasten dira euren artean eta etxean erdaraz, egun batetik bestera, eta hori niretzako kezkagarria da”.

Gurasoek eurek iniziatiba hartzea erabaki zuten, biltzea eta ekitea, beraz. Gogoetan eta hausnarrean hasi ziren, kezkak mahai gainean jartzen, eta soluzioak bilatzen. Ikaragarrizko ilusioa zutela oroitzen du Ruiz de Eginok: “Gauza handiak egin zitezkeela ikusi genuen, eta ideiak eta erronkak plazaratzen eman genituen lehen bilerak”. Hizkuntza ohiturak aldatzeko egin zuten plana handiegia iruditu zitzaion ikastolako Kontseilu errektoreari, eta martxa apur bat mantsoagotu zuten. Baina tinko eusten diote asmo nagusiari: “Gurasoak gara eredu eman behar dutenak, geu gara kontzientzia hartu eta begiak zabaldu behar ditugunak; eta hor eragin nahi dugu”, azaldu du Ruiz de Eginok.

Gurasoek gurasoekin lan egitea adostu zuten hasieratik, “seme-alabengan eragin nahi bagenuen, gurasoen jarreretatik eta ikuspegietatik hasi behar genuen lanean, eta hala hasi ginen”, kontatu du Mallonak. “Uste dugu gurasoak direla eredu eman behar dutenak, transmisiorako lehenengo urratsa hortik hasten da, etxetik. Geu eredu ez baldin bagara, nekez eskatuko diegu seme-alabei guk egiten ez duguna egiteko. Nik nire senarragaz, edo amagaz, edo lagunegaz, erdaraz egiten badut haiek denak euskaldunak izanik, non dago koherentzia?”.

Ikastolako gurasoen ohiturak eta jarrerak ezagutzea izan zen egin zuten hurrengo urratsa, eta, horretarako, ikastolako guraso guztientzako galde-sorta prestatu eta bidali zieten, 2011ko maiatzean. “Galde-sortak erakutsi digu mahaiaren bueltan gaudenok ez gaudela bakarrik, 600 gurasok kezka dutela euskararen erabileraren inguruan”, azaldu du Murgak; baina galde-sortaren emaitzek erakutsi diete, baita ere, guraso gehienek uste dutela ikastolako transmisioarekin, ikaskuntza bidez datorren transmisioarekin, nahikoa dela seme-alabek euskaraz egin dezaten. “Guk bestela pentsatzen dugu”, azaldu du Mallonak, “hizkuntza batek ez dauka irauterik familiak, lagunek eta inguruak laguntzen ez badute; etxekoa, lagun artekoa, kalekoa bermatu behar dugu. Eskolakoa, zelanbait, bermatua baitugu; ikastolak egiten du berea”.

Gurasoengandik gurasoengana heltzea zen, beraz, helburua. Behin diagnosi bat egin ondoren, guraso euskaldunekin hasi ziren lanean. Mungiako ikastolako gurasoen artean oso kopuru handia da euskalduna. “Guraso euskaldun horien asmoen eta jarreren arteko kontraesana azaldu dute galde sortako emaitzek”, azaldu du Larraurik: “Gurasoen gehiengoak azaldu du kezka seme-alaben hizkuntza-ohituren inguruan, baina eurek aitortu dute guraso euskaldunek ere erdarara jotzen dutela gehienetan, nahiz eta hizkuntzen transmisioan eragiten duten faktoreetatik gehien-gehienek txikitatik euskaraz haztea zela eraginkorrena aitortzen duten”. Gurasoek euren seme-alabak euskaldunak izan daitezen nahi badute, “koherente izateko ahalegina” egin behar dutela dio Ruiz de Eginok, “gurasoek erabaki bat hartu ezean, eta euren jarrerak aldatu ezean, tribuak hartuko ditu erabakiak; eta, hemen, tribuak erdaraz egiten du”. Izan ere, atsekabez onartzen dute irakasleok, sonak eta soziolinguistikako datuek bestela badiote ere –inkesten arabera, oso herri euskalduna da Mungia– euskararen kale erabilera ez dela %10era iristen. “Horixe da egia santua –dio Ruiz de Eginok–. Kalean oso gutxi entzuten da euskara”.

Kontraesanak agerian jarri, begiak zabaldu eta koherentzia ariketa bat egitera, edo sinpleki, euskaldunen artean euskaraz egitera gonbidatzen ditu gurasoak talde eragile honek. Horretarako, gurasoen euren zaletasunetatik abiatzea erabaki dute. “Haurrengan eragiteko, haurren bizipenak euskararekin lotu behar ditugu; baina horren aurretik, gurasoen euren bizipenak lotu behar ditugu euskararekin”, azaldu du euren proposamenaren muina Mallonak. “Zaletasunetan jardun behar dugu euskaraz, antzerkian, irrati-arloan, mendi-irteeretan, teknologia berrietan... euskaraz egin badezaket, hasieran igoal behartu egin beharko dut neure burua jarrera aldatzera, baina momentu batetik aurrera euskaraz egingo dut poteak hartzen, edo zineman edo dena delakoan”.

Iñaki Eizmendiren laguntzarekin, euskaraz bizitzeko baliabideak eskaintzen ari zaizkie talde eragilea ikastolako gurasoei. Eta aurrera begira, diagnosia oinarri harturik, hiru urteko plana osatu dute, jendea kontzientziatzeko, tresnak eskaintzeko eta emaitzak ikusteko. Lehen urtean Haur Hezkuntzan umeak dauzkaten gurasoekin egingo dute batez ere lana, “eurek konpromiso bat erakuts dezaten gurako genuke, talde bat eratzea eta apurka-apurka has dadila lanean. Gero horiek etorriko dira gorantz, eta haien eredua ikusita, gainerako gurasoak erakartzea eta animatzea nahiko genuke”. Mallonak azaldu duenari eutsiz, Urkizuk ere estrategikotzat jotzen du Haur Hezkuntzako gurasoekin hastea, batetik, haiek euskaraz ikasitakoak direlako, eta, bigarrenik, haurrak txikiak direnean haiek jagoten dituzten bitartean gurasoen arteko harremana gero izango dena baino estuagoa izango delako: “Lehen hartu-emana euskaraz egiten badute, errazagoa izango da hala jarraitzea”.

Bigarren urratsa guraso erdaldunen jarrera euskararekiko positiboa izatea litzateke. “‘En erdara, mesedez’ dioten ‘euskaldungor’ horien jarrera aldatzea”, dio Urkizuk. Guraso batengatik edo birengatik batzarrak erdaraz egiten dituzte ikastolan, “eta hori aldatzea bera lorpen handia izango litzateke”. Hori eta hemendik urte batzuetara eskolara umeak batzera etortzean, entzuten den hizkuntza euskara izatea, “orduan helburua betea edukiko genuke”.

Prestigio kontua

Etxean eta eskolan euskaraz egiten badute, eta gaztelaniaz okerrago berba egiten badute, zergatik jotzen dute umeek erdarara? Galdera hori dute buruan Mungian euskara suspertzeko batzorde bat sortu duten gurasoek. Itaunak ez dauka erantzun bat eta bakarra, baina, arrazoien bila jarrita, hizkuntzaren prestigioa agertzen da oinarrian. “Haurrek, azken batean, inguruan ikusten duten horixe egiten dute –dio Mallonak–: helduek ez badute euskara harremantzeko erabiltzen, zergatik erabili behar dute eurek? Helduek gaztelaniari ematen diote prestigioa, euskaraz jakin arren erdara aukeratzen badute”.

Ereduak aipatzen dituzte, halaber, seme-alabek gaztelaniara jotzeko arrazoien artean: telebistako nahiz kaleko jende ezagunek gaztelaniaz egiten dute; horrexegatik, ama hauek beharrezko jotzen dute haurrek miresten eta jarraitzen dituzten kirolari edo musikari ezagun euskaldunen ereduak ere ezagutaraztea. Telebista birritan aipatzen dute haurrak erdalduntzeko, eta, gainera, gero eta garaizago erdalduntzeko arrazoi gisa. “Garai batean, beti ETB1 jartzen genuen –kontatu du Urkizuk–; orain Disney Channelen ikusten dituzte marrazkiak, noski, erdaraz”. Marrazkietatik harago euskarazko ezer interesgarririk topatzea ere zaila dela dio Ruiz de Eginok: “Nerabeentzako edo handiagoentzako, ez dago ezer erakargarririk telebistan euskaraz”.

Euskarari prestigioa kentzea, ordea, ez da gaur goizeko kontua. Mallonak gogoratu du, Mungialdean, historikoki pentsatu izan dela euskara balio gabea zela, “bertoko euskaldunek ere hemen pentsatu izan dute bizkaiera ez dela egokia”. Bertako erdaldunentzat, berriz, euskalduna “aldeanua” izan da inguru honetan; “jendeak gutxietsi egiten zaitu euskaraz egitean”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
Migratzaileei hizkuntza harrera egiteko jardunaldiak egingo dituzte Gasteizen

Urriaren 10 eta 11n Gasteizko Europa Jauregian egingo dira Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak lankidetzan urtero antolatzen dituzten jardunaldiak.


2024-09-26 | ARGIA
Realeko entrenatzaileak euskaraz jarraitu zuen, zenbait kazetari frantziar kexatu arren

Realeko futbol taldeko entrenatzaile Imanol Alguacilek, Nizan, Europako Ligako partiduaren aurretik eskainitako prentsaurrekoan euskarazko hedabideei euskaraz erantzuten ari zela, hainbat kazetariren kexa entzun behar izan du. Duela astebete antzeko egoera gertatu zen... [+]


Materialismo histerikoa
Ezin dute euskara ikasi

Ama da, Perukoa, eta ezingo luke euskara zerotik ikasten doan hasi, egunkarietan irakurri dugun moduan (gezurra zen): hemen agian bai, gurean udalak bermatzen duelako eskubide hori (Hernani). Etortzen bazait ikasturtea amaitutakoan (etorri zaizkidan moduan), alabarekin udan zer... [+]


Ekin eta jarrai

"Ekin eta jarrai" da Euskaltzaindiaren goiburua. Ez dakit Akademia zergatik ez zuten ilegalizatu, hiru berba horiek agertuta bere logotipoan. Gutxiagorekin egin dira salaketak-eta (adin batekook La orquesta Mondragón-en kasetearena gogoan dugu, Martxoaren 11ren... [+]


2024-09-25 | Bea Salaberri
Toponimoak ezabatzen

Euskal Herriko lekuen izenen frantsestearen arazoa ez da bakarrik seinale paneletan hizkuntza ez kontutan hartzearengatik izaten, duela zenbait urte hartu helbideratzeari buruzko erabaki baten gauzatzearen ondorioa ere bada.

Azal dezagun, administrazioko hainbat arlo... [+]


2024-09-25 | Aingeru Epaltza
Zenbatek?

"Zenbatek egingo du euskaraz 2075. urtean?”. Izenburu asaldagarria du Kike Amonarrizek prentsan berrikitan argitaratu duen artikuluak. Euskal Herrian baino lehenago, galdera halakotsua egin dute Katalunian. Joan M. Serraren L’ús parlat del català... [+]


2024-09-25 | ARGIA
Aiaraldea Komunikabideak Jaurlaritzari bitartekaritza eskatu dio, Amurrioko Udalarekiko gatazkan akordioa lortzeko

Amurrioko Udalak alde bakarrez dirulaguntza kendu zion eskualdeko euskarazko komunikabide bakarrari, eta ehunka herritarrek eta entitatek eskatu zioten dirulaguntza berrezartzeko. Aiaraldea Komunikabidea saiatu da udalarekin biltzen, baina udalak elkartzeari uko egin dionez,... [+]


2024-09-25 | ARGIA
Epaiketak euskaraz egin ahal izatea bermatu behar duela esan dio Europako Kontseiluak Espainiari

Justizian, osasungintzan eta gizarte zerbitzuetan euskara bermatu dadin, zerbitzu publikoak euskaraz jaso ahal izan daitezen, Nafarroako zonifikazioa amaitu dadin eta ETB3 Nafarroa osoan ikus dadin neurriak hartzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari Europako Kontseiluko Adituen... [+]


EHUn euskaraz ikasi nahi eta gaztelaniaz egitera behartuta

Filosofiako laugarren mailan, EHUn, nahitaez ikasgairen bat gaztelaniaz hautatu behar dute ikasleek, ez baitago nahikoa ikasgai euskaraz. Gaztelaniazko ikasleek ez dute arazo hori, eta bitxia da, euskarazko ikasle gehiago dagoelako gaztelaniazkoak baino. Beste karrera batzuetan... [+]


2024-09-24 | Euskal Irratiak
Bost urte euskara hutsezko lehen haurtzaindegia sortu zela Baxe Nafarroan

Larunbatean ospatu dituzte Ttinka mikro haurtzaindegiaren bost urteak Lakarran. Baxe Nafarroko euskara hutsezko egitura bakarra da, Euskararen Erakunde Publikoaren B ziurtagiriduna.


2024-09-19 | Ahotsa.info
Mintzapraktika egitasmoetan izena emateko epea zabalik dago

“Eta euskaraz egiten badugu?” lelopean, hasi da dagoeneko, Mintzapraktikako izen-emate kanpaina Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan. Beraz, ikasturte osoan zehar, zaletasun ezberdinen bueltan euskara praktikatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek.


2024-09-19 | ARGIA
Hizkuntz eskubide urraketen aurrean “desadostasuna agertzeko” elkarretaratzea deitu dute Kontseiluak eta Bagerak Donostian

Irailaren 18koa da azken sententzia: Donostiako udaltzaingorako lanpostu deialdiaren euskara eskakizuna atzera bota du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Euskalgintzaren Kontseiluak eta Donostiako Bagera Euskaltzaleen elkarteak elkarretaratzea deitu dute Donostian, Alderdi... [+]


Eguneraketa berriak daude