argia.eus
INPRIMATU
Kantauri itsasoko Karibetik kantari
  • La Jodedera ::Karibe Kantauri kantari

    Gaztelupeko Hotsak, 2013

Olatz Korta 2013ko irailaren 12a
Bizkaiko Golkoko ur hotzek Karibe itsasoko ur beroen laztana jaso dute, eta itsasaldiaren joan-etorrien antzera, hango eta hemengo kantak “Karibe Kantauri kantari” zurrunbilo honetan jaurti dira. Kontinenteak banatzen dituen itsaso zabalak elkarrengandik hain urrun dauden bi herrialde gerturatzen ditu epel utziko ez zaituen disko honi esker.

Itsaso urrun batean dantzatzen diren doinuak euskal kostaldean abesten ditugun kantuekin nahastu dituzte La Jodedera taldekoek, eta modu honetan, euskal herrietako edozein txokotan ron txupituak edo sagardoa edanez, saltsa dantzan edo dantza saltsan gabiltzala ere, Habana zaharreko karriketan entzungo genituzkeen kantak ekarri dituzte gurera. Erritmo beroez goxo helduta leun-leun mugitzen direnak itsasoaren beste muturrean ugariagoak diren arren, Euskal Herrian barra ondoan geratzen direnen aldakak mugiarazteko esfortzua egitera gonbidatzen gaituzte, hirugarren garagardoaren ondoren kulunka txiki bat egiten ausartzera,  besterik ez bada ere. Eta dantzatzeko imintziorik egiten ez duen horietakoa bazara, Euskal Herriko kantu ezagunenen bertsio kubatarrekin edo kubatar kantu tradizionalen euskal moldaketekin barrenak husteko aukera ere hortxe duzu.

Ezagunak egingo zaizkizu, adibidez, Atahualpa Yupanquik kantatzen zuen Los ejes de mi carreta edota milaka bider abestu ditugun Joxe Migelen batela eta Zergatik negar egin abestiak, azken honen oinarrizko melodia erabat aldatuta entzungo duzun arren.

“Topatuta” gaudela dio diskoaren lehen kantak, Kuba eta Euskal Herria topatuta, elkartuta alegia. Batzen gaituzten hainbat alderdiri keinu egiten dieten kantuz beterik dago diskoa eta abestien hitzak, umorez eta doinu sarkastikoz bustirik, gai sozialetan oinarritzen dira batez ere: egungo emakumearen rola tradizioekiko, botere-indarkeria, agintarien ustelkeria, kapitalismoaren gehiegikeria...

Dantzagarriak dira diskoan entzun daitezkeen runba, bolero, salsa, guaratxa, danzon eta gisa honetako erritmo beroak. Aberatsak bertakoek abesteko eta jotzeko duten jarrera askea ere, oinarri erritmikoari eutsiz, inprobisatzeko joera hori lekuko. Taldeko kide diren Mandi Cienfuegos (perkusioa eta ahotsa) eta Oscar La Habana (treseroa) kubatarrek bat egiten dute honetan eta Jon Txorromorro (gitarra, ahotsa eta txotixea) eta Jon Oiartzun (baxua) euskaldunek ederki borobiltzen dute laukotea. 2009an sortu zen taldeak, zuzeneko emanaldiak girotzeko beharrezkoa den ya tú sabes horrekin, jendea bereganatu eta erakartzen du. 

Garai zail hauetan musikari izatea abentura handia suertatzen dela zioen Mikel Azpiroz musikariak, Donostiako jazzaldia zela-eta egin zitzaion elkarrizketa batean. Arrazoirik ez zaio falta. Musikari direnentzat eta ez diren askorentzat ere bizitza bera “abentura” zaila bilakatzen ari baita. Eguneroko ardurak eta kezkak errazago eramaten lagunduko duen heldulekua izan daiteke musika, dimentsio txiki batean bada ere, pentsamenduak arintzeko gaitasun magiko hori baduelako.
Zure baimenarekin, eguneroko dosia hartzera noa, oraingoan mojito eta guzti.