argia.eus
INPRIMATU
Galeseko gazteen herenak baino ez du erabiltzen galesa lagunekin

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2013ko irailaren 11
Errepideko oharra bi hizkuntzetan, goian ingelesez eta behean galesez.
Errepideko oharra bi hizkuntzetan, goian ingelesez eta behean galesez.

Ikerketa berrien emaitzak dituzte Galesen, besteak beste gazteei galdetu diete galesaren erabileraz. 16 eta 24 urte arteko gazteen erdiek esan dute galesez erraz hitz egiteko gai direla. Hirutik batek erabiltzen du galesa lagunekin.

Carmarthenshire Galesko hirugarren lurralde zabalena da, 180.000 biztanle ditu, eta gales hiztun kopuruaren arabera ere hirugarren lurraldea da. Morfydd Evans Pontyberem herriko posta administraria da. Garai batean, herri horretako postetxean galesa baino ez zen entzuten. The Guardianek egindako erreportajean, Evansek dio gaur egun ez dela horrelakorik: “Jende helduak oraindik beti hitz egiten du galesez, baina gazteek ez. Hitz egiteko gai dira. Eskolan ikasten dute, baina ez erabiltzea aukeratu dute. Helduok tristatu egiten gara. Gu gure kulturaz eta hizkuntzaz harro gaude, eta gehiago egin beharra dago hizkuntza babesteko”. Carmarthenshire eskualdean, 2001ean, baziren bost eremu non biztanleen %70 baino gehiagok galesa hitz egiten zuen. Gaur egun, eremu bakarrean ere ez dira iristen portzentaje horretara.

Lagunekin ingelesez egiteaz gain, interneten ere ingelesez nabigatzen dute gazteek. Pontyberem herrian hizkuntzaren aldeko borrokan dabilen Cathryn Ings-en ustez, “gazteengan dugu esperantza, baina botere erraldoia duen hizkuntzaren ondoan bizi bazara oso zaila da. Gazteak ingelesarekin bonbardatzen dituzte ordenagailu jokoetan eta sare sozialetan”. Ingsen iritziz, badira bi eragozpen galesez hitz egiteko: batetik, uste izatea galesa ez dela edonork hitz egiteko hizkuntza, eta bestetik, hiztunek euren hizkuntza mailarekiko ziurtasunik ez izatea. Akasdun galesa baino, ingeles ona nahiago dutela, alegia.

Herri berean, Pontyberem-en, kafetegian, galesez ari diren helduen ondoko mahaian gazteak ingelesez ari dira. Horietako lautik hiruk galesez egiten du egunerokoan, baina laugarrenak ziurtasun falta du, beraz laurak ari dira ingelesez.