argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herria 2025ean, estatu gisa pentsatzen hasteko garaia

Joxerra Aizpurua Sarasola 2013ko irailaren 12a

Joan den abuztuaren 19an François Hollandek, Frantziako presidenteak alegia, bere gobernua elkartu zuen 2025. urtearen inguruan zein nolako Frantzia izatea amesten duten eztabaidatzeko. Berri hau oso berri-emaile gutxitan azaldu zen, baina niretzat munduan abuztuan gertatu den berririk eredugarrienetakoa izan da.

Enpresa ertain eta handietan ohikoa izaten da plangintza estrategikoak prestatzea hurrengo hiruzpalau urtetarako, baina gehienok urteko kudeaketa plangintzekin funtzionatzen dugu. Hauteskundeetan alderdiek hauteskunde-programa planteatzen dutenean euren asmo estrategikoen berri ematen dute, baina horiek gehienetan hautesleen botoari begira egiten dira. Izan ere, gauden krisi egoeran, egunetik egunerako sorpresen zain gaudela, enpresek eta estatuek inoiz baino gutxiago begiratzen diogu biharkoari eta are gutxiago etzikoari.

Frantzian, aldiz, etzikoari begiratzea erabaki dute eta horretarako abuztuak arlo askotan eskaintzen duen tregua garaia aukeratu dute. Baten batek pentsa dezake Frantziak krisia gainditze bidean duenaren sentimendua duela eta beste gauza batzuetan pentsatzen hasteko gai dela.

Iritziak iritzi, nire ustez, Frantziak egindako mugimendu hau planifikatuta zuten agintariek eta egoerak lagun, une aproposa topatu dute aurtengo abuztuan, ez baita lehen aldia Frantziako Gobernua horrelako burutaziotan sartzen dela.

Eta Euskal Herria 2025ean nolakoa nahi dugun amestu al dezakegu euskaldunok? Euskara, hondakinak, energi iturriak, portuak, aireportuak, enpresak, osasuna, Espainia, Frantzia, Europa, subiranotasuna, haurrak, zaharrak... Gai asko ditugu amesteko.

Ziur naiz Frantziako Estatuaren ministroak elkartu direnean militatzen duten alderdiko karneta alde batera utzi dutela eta barruko izaeraz aritu direla. Guk, euskaldunok, noizko era horretako ariketak? Estatu izan nahi badugu ez dugu aitzakiarik.