Aspe ibarrak ghost valley irudipen zerbait daukala onartzekoa dut, naharrez, asunez eta herdoilaz azpatu bide ertzeko etxeak errautsez perdukatuak eta salgai ikusten ditudanean. Somporteko lurpekoa zulatu zen duela hogei urte haranarentzat etorkizun ekonomiko zoriontsua iragartzen zuten politika gizonen zuzendaritzapean. Escoteko zintzurretik hara kamioiek, lerroan eta abiadura handian, zeharkatzen dituzte Sarrantza, Cette-Eygun eta Urdoze. Noski, Jean Lassalle diputatua Lourdiosen bizi da, monoxido karbonikoz pozoitu zikinkeria horretarik urrun beraz!
Eyguneko geltoki abandonatura itzuli den Petetin apatxea argi zegoen behintzat: ez dute, autoek zein trenbideek, herrialde bihirik sekula dinamizatu. Argumentu falaziosoa da erabat. Aurkaria, ibarraren antzera, suntsitu zuten. Kotxe sainduaren izenean sakrifikatu da Aspe gurbila, iluna, ederra, aberatsa, irekia, oinezkoen paradisua! Eta jakina, Lassallek boterean darrai, neurri handi batean barnealdeko euskaldun abertzaleei esker, Maitia ez aukeratuz Inchausperen mutila pasatzen utzi zutelako.
Aspeko haurrideek barkatzen ez digutena oraino.