argia.eus
INPRIMATU
Dantza maitatzeko garaia Miarritzen

Myriam Garzia 2013ko irailaren 05a
Faizal Zeghoudi konpainiaren Le Chant de la gazelle, Le Sacre du printemps 
ou le cri de l
Faizal Zeghoudi konpainiaren Le Chant de la gazelle, Le Sacre du printemps ou le cri de l"™indépendance obra.

Irailaren 6an hasiko da Maitaldia, Euskal Herrian egiten den dantza jaialdirik garrantzitsuenetako bat, eta horrenbestez, dantzaz jantziko dira Miarritzeko areto, plaza eta kaleak, bederatzi egunez. Nazioarteko 30 konpainia inguru bilduko ditu jaialdiak, eta obra neoklasikoek –dantza klasikoak baina gaurkotuak–, garaikideek eta modernoek edo hiritarrek–hip hop-a kasu– osatuko dute aurtengo menu aberatsa.

Deigarria izan ohi da beti aniztasuna, Biarritz Culturek antolatutako programan. “Eklektikotasuna dugu ezaugarrietako bat, ez ditugu gustuko etiketak, eta zaletu guztien gogoa asetzeko gai izan nahi dugu”, diosku Eloixa Ospitalek, antolatzaileen izenean. “Koreografo bakoitzak bere hizkuntza du, idazteko eta kontatzeko modu bat. Sailkatzea zaila da askotan”. Hala ere, dantza garaikidea da nagusi aurtengo programan.

23 urtez antolatu da Maitaldia eta honek ospea eman dio. Horri esker, gurean ohikoak ez diren konpainia handiak ikusteko parada eskaintzen digu jaialdiak, kasurako, Nurembergeko Operako Balleta. Goyo Monterok zuzentzen du Nurembergeko Balleta, eta honen azken lana, Benditos Malditos, irailaren 13an ikusiko da, Gare du Midi aretoan. “Guretzat oso pozgarria da horrelako konpainia handi bat ekartzea”, azaldu digu Ospitalek: “Kontuan izan, 25 dantzarik parte hartzen dutela lan honetan, eta horrelako montajea mugitzea zaila izanik, harro gaude gurera etorri nahi izan dutelako”.

Hainbat musikari eta olerkariri egiten dio gorazarre Benditos Malditos lanak. Joaquin Sabina, Vinicius de Moraes, Luz Casal edota Tom Waits-en olerkiak baliatzen dituzte dantzari hauek.

Miarritzeko Malandain Balletak zabalduko du Maitaldia, irailaren 6an, Gare du Midi aretoan. Thierry Malandain koreografoak zuzentzen duen konpainiak Cendrillon (Errauskine) eskainiko du. Harekin, Sergei Prokofiev-ek ipuin ezagunari sortutako musika interpretatuko du Euskadiko Orkestrak.

Berezia izango da, bestalde, Oliver Dubois koreografoak erakutsiko duen Tragedie lana (irailaren 8an, igandean Gare du Midi aretoan). Ospitalek azaldu digunez, “ez da oharkabean pasako, oso emozio gogorrak mugiarazten baititu”. 9 gizonezko eta beste horrenbeste emakumezko ariko dira, rock doinu gogorren konpasean.

Suitzako Foofwa d´Imobilite dantzariak Histoires Condansées lana erakutsiko digu irailaren 11n, asteazkena, Miarritzeko Colisèe Antzokian. Dantzaren bilakaeraren inguruko ikasgai dantzatu eta mintzatua eskainiko digu dantzariak, ez umore eta ironiarik gabe. Antzerkia eta dantza nahasten dira lan honetan.

Euskal konpainiei dagokienez, Mizel Thèret lapurtarraren taldeak Hiru Zitroi Lur Hotzean obra eskainiko digu irailaren 14an, larunbata, Les Decouvertes eta Theatre des Chimeres aretoetan. Lau dantzari arituko dira Beñat Achiaryren amodiozko abestiak lagun. Lirismoa, minimaltasuna eta intimotasuna dira nagusi dantza garaikide honetan. Dantzaz konpainia ere bertan arituko da irailaren 12an, osteguna, Casinoko Antzokian. Arte-an izeneko lan garaikidea eskeiniko digute Itzik Galili koreografo israeldarraren gidaritzapean. Mercedes Sosaren abestiak eta Paxkal Indok idatziatako txalapartarako doinuak izango dituzte oinarri dantzari gazte hauek.

Maitaldiak presentzia handia izaten du kaleetan. “Ez dugu dantzaren izaera popularra ahaztu nahi”, dio Ospitalek, “garrantzitsua iruditzen zaigu jendeak bat-batean dantza aurkitzea, publiko berriak sortzen baititu”.

Hiru eraskusketa ere badira, Maitaldiaren programaren aberasgarri. Tartean, AEBetan 30eko hamarkadan emakumez osatutako New Dance Club dantza konpainiaren istorioa kontatzen duena.