Jacques Verges abokatu mitikoa hil da Parisen

  • Aljeriako askapen gerra garaian FLNko ekintzaileak defendatzen hasia, bizitzan zehar arituz klase guztietako jendeen abokatutzan, izan ezkerreko iraultzaile armatuen edo Klaus Barbie naziaren, liburu andana baten idazle eta film ale batzuen protagonista, abuztuan hil da Jacques Vergès, azken ehun urteko legegizon handietakoa.

Louis Monier argazkilariaren erretratuan, Jacques Vergès Parisko bere bulegoan.
Louis Monier argazkilariaren erretratuan, Jacques Vergès Parisko bere bulegoan.

Lluis Llachen ‘Verges 50’ LPa gorde ote zuen? ARGIAk opari eskaini zion 1987ko apiril hartan, Parisko bulegoan elkarrizketatzera joanik Iñaki Uria eta kronika honen sinatzailea. Urte haietan zalaparta handia sortutako bi preso arras ezberdin defenditzen zituen: batetik Georges Ibrahim Abdallah libanoar ezkertiarra –oraindik frantsesek AEBen presioz Lannemezanen zigorturik daukatena– eta bestetik Klaus Barbie Lyongo harakina deitu nazi zaharra Boliviatik estraditaturik Frantzian epaitu behar zutena. Ondoren kontatuko denez, gu orduan ginen kazetari gazteok ezagutzen genuena baino askoz ibilbide harrigarriagoa zuen abuztu honen 15ean Parisen hil den Jacques Vergèsek.

Gaur Thailandia den lurrean sortu zen 1925ean, ama irakasle vietnamdarra, aita Paristik joandako ingeniari, mediku eta kontsula, Front Populaire ezker koalizioan karrera politikoa egingo zuena. Haurtzaroa oraindik Frantziarena den Reunion uhartean egin zuen Jacquesek anaia Paulekin, gero familiarekin Parisera itzultzeko. Eta berehala engaiatu zen politikan.

Hitlerrek gerra pizturik, 17 urterekin sartu zen Erresistentzian, Ingalaterrara ihes egin ostean Italiako guduetan parte hartuz. Geroztik beti miretsiko zuen De Gaulle. Gerra ostean alderdi komunistan afiliaturik berehala hartu zuen protagonismoa, Europa mailako harreman oso kualifikatuen sarea josiz. Bere burua beti reuniondar aurkeztuz, mugimendu antikolonialista modernoen sorrera barnetik ezagutu zuen, Indotxinakoak –ordudanik omen zuen lagun Pol Pot kanbodiarra, sorterriari Khmer Gorriekin halako kalamitatea ekarriko ziena–, Palestinakoa eta batez ere Aljeriakoa.

Aljeriaren independentziaren aldeko borrokalariekiko epelegi zelakoan alde egin zuen PCFtik: 1960ko hamarkadan FLNko militanteen defentsan aurkituko dugu. Defenditzeaz gain emaztetzat hartu zuen Djamila Bouhired, Aljerreko kafetegi bat bonbaz lehertzeaz akusaturik atxilotu eta torturatua, heriotzara kondenatu zutena, Vergèsek De Gaulleren indultua lortu ziona.

Diote Vergès izan zela bortizkeria politikoari lotutako epaiketetan hausturazko defentsa (défense de rupture) sortu edo gutxienez zabaldu zuena. Taktika horretan akusatuak ez du bilatzen bere zigorra arintzea epaitzen duen Estatua bera auzitan jartzea baizik. Gurean horrelako ale famatuena Burgosko auzia izango zen, handik urte gutxira.

Aljeria independentearen aginte berriari loturik hainbat abokatu eta kazetaritza lan egin zituen... 1970ean bat batean desagertu zen arte. Ez zen berriro argitara aterako 1978a bitartean. Nondik ibili zen?

Vergès berak ez du sekula argitu. Badira ziur daudenak diru arazoengatik urrundu behar izan zuela Frantziatik; epaile ohi batek idatzia du Mossad israeldarraren mehatxupean ezkutatu behar izan zuela; askok uste dute Kanbodian ibili zela gaztetako lagun Pol Poten aldamenean, Khmer Gorrien agintaldi odoltsuaren garaian.

Joko bat dela justizia

1980ko hamarkadan berriro Parisen kokaturik, inor ez zuen harritu Vergès ezkerreko militante armatuak defenditzen ikusteak, hala nola George Ibrahim Abdallah, Action Directekoak, Ulrike Meinhof eta Andreas Baaderren abokatu Klaus Croissant, beranduago Ilich Ramirez Carlos, eta abar... baina nazien okupazio garaian Lyonen hiltzaile fama gaiztoa irabazia duen Klaus Barbieren defentsa bere gain hartzeak aztoramendua sortu zuen.

Vergèsek argudiatzen zien horretaz galdetu zioten kazetariei Barbieren abokatu lanarekin erakutsi nahi izan zuela nola aginteak, Estatuak, justizia erabiltzen duen espektakulu gisa. Barbie nazia urte luzez egona zen Hego Amerikan inork hari buruhausterik eman gabe, eta justu zahartuta heriotzaren atarian zegoenean Frantziak erabili nahi ei zuen halako espektakulu demokratiko bat antolatzeko, batere ondorio praktikorik gabea, orduan presidentea zen François Mitterrandek demokrazia lezioak emateko probestu zezan... bera gaztetan hurbilago egona zenean kolaborazionistetatik erresistentziatik baino.

Bazter utzirik Vergèsen defendituen zerrenda anitza, frantsesezko Wikipediak laburbildu duena (Laurent Gbagbo bezalako Afrikako agintari ustelak, ustez etxeko nagusia hil zuen Omar Raddad lorezain aljeriar azkenean absolbatua, katoliko hasirik musulman bukatu zuen Roger Garody pentsalari juduen holokaustoa ukatzen zuena, Slobodan Milošević presidente-ohi eslabiarra, Saddam Husseinen ministro Tarek Aziz...) abokatu hil berriak utzi du gizon oso bizkor, konplexu eta polemikoaren itzala. Epaitzen zaila den gizonarena.

Vergèsen izakera eta bizitzaz bada fama handiko dokumental bat, L’avocat de la terreur, gaztelaniazko bertsioa ere baduena, Internetez eskuragai. Berataz idatzitako sei biografiez gain, 31 liburu daude Vergèsek berak sinatuak, azkena De mon propre aveu (Nihaurek aitortua), aurten bertan plazaratua.

1992an La Justice est un jeu plazaratu zuen Vergèsek, justiziaz eduki duen ikuspegi eszeptizismoz betea –zinikoa esan lezake norbaitek– azaltzen duena. Hura irakurrita batek ez daki Justizia jokoa da ala Justizia jolasa da eman beharko lukeen euskaraz. Sarreran esaldi hau ipini du: “Barrezka etsipenean”.

Vergèsen iritzian, auzi bat da “bilaketa luze bat lortzeko Egia bat auzitegiko familia handiaren kideek kontsentsuatua, magistratuak eserita eta zutik aurrean defentsako abokatuak, salaketaren abokatuak eta poliziak, denak Themis jainkoaren zerbitzari zintzoak. (...) Auzi bat da bi hipotesi sinesgarriren arteko borroka: trebeenak irabaz dezala! Horregatik dauka beti Egia judizialak zapore mikatz samarra”.

Jakintza entziklopediko baten jabe, XX. mendeko politika eta politikari nagusi askoren ezagutzaile, polemikaren maitale, baita janzki eta puru onen ere, txit egolatra, makiaveliko, politikoki zuzena denaren salatzaile errukigabe... hori eta gehiago zen Jacques Vergès. Ai, eta primerako antzerkilaria.

Bizitzako beste hainbat arlotan bezala, edo gehiago, epaitzeko aretoetan zer esan den adina baitu garrantzia nork eta nola esan duen. Gauza bat da auzi bat lehertu nahi izatea eta beste bat hori lortzea. Honek bazekien.

2008an Serial Plaideur bakarrizketa –serial killer ideiari keinu eginez– aurkeztu zuen Parisko antzoki batean. Abuztuaren 15ean gorpua agertu zen 1778an Voltaire hildako etxe eta gela berean. Hori ez bada azkenera arte antzokian nagusi jokatzea...


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nazioartea
Elektrizitate kontsumoa geldituta dago Espainiako Estatuan 2004ko mailan

Espainiako Sare Elektrikoak jakinarazi berri du ekaineko elektrizitate kontsumoa zein izan zen Espainiako Estatuan: 19.422 gigawat orduko. Hau da, 2004ko datuaren oso antzekoa: orduan 19.384 gigawat izan ziren.


2024-08-30 | Gedar
Pertsona migratuen deportazioaren alde agertu da Pedro Sanchez

"Migrazio zirkularra" sustatu nahi du PSOEren gobernuak, langile batzuek behin-behineko hainbat lan egiteko migra dezaten Espainiako Estatura, eta gero euren jatorrizko herrialdeetara itzul daitezen.


Talgo erosteko eskaintza kenduko du Ganz MaVag talde hungariarrak

Ganz MaVag-ek adierazi du ez diola uko egiten etorkizunean tren-enpresa erosteko beste eskaintza bat egiteari. Talde hungariarraren ekintzari esker, Talgok eskaintza berriak entzun ditzake.


2024-08-30 | ARGIA
Polio txertaketa igandean hasiko da Gazan

Igandean hasiko dira polio txertaketa egiteko su-etenak, goizeko 6:00etan hasi eta 15:00ak arte. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) eman du operazioaren berri eta bederatzi egunetan hiru esparrutan emango da: iparraldean, zentroan eta hegoaldean.


2024-08-30 | Axier Lopez
Espainiar eta britainiar kolonialismoaren arrastoak ezabatzen hasi da Trinidad eta Tobago

Karibeko bi irletan kolonialismoaren loriarako dauden monumentu, iker eta izendapenak ezbaian jartzen hasi dira herritarrak eta gobernua. Lehen pausua eman dute agintariek eta erabaki dute herrialdearen armarritik Cristobal Colonen lehen espedizioaren hiru karabelak kentzea.


Eskoletan eduki sexualeko irudi faltsuak zabaltzen ari direla salatu dute Hego Koreako feministek

Neska gazteak agertzen dira irudietan eta Telegram bidez zabaltzen dituzte. Irailaren 1ean kanpaina bat abiatuko dute sare sozialen bidez, gobernuak neurriak hartu ditzan.


2024-08-29 | Sustatu
Suitzan diote: Diru publikoa, kode publikoa

Duela aste batzuk Suitzak lege federal aitzindaria onartu du (Europako legedietan aitzindaria), LMETA delakoa, Loi fédérale sur l’utilisation de moyens électroniques pour l’exécution des tâches des autorités frantsesez,... [+]


2024-08-29 | Gedar
Aurrekontuetan aitortutakoa baino are handiagoa da Espainiako Gobernuaren gastu militarra

2022an, urteko aurrekontuan onartutakoa baino %20 handiagoa izan zen inbertsio militarra; 2023an, %30 handiagoa. Europako herrialdeen gastu militarra Gerra Hotzaren amaierakoa baino handiagoa da une honetan.


2024-08-29 | Axier Lopez
Telegram jo-puntuan Frantzian

Telegrameko sortzaile eta kontseilari delegatu Pavel Durov larunbatean atxilotu dute Parisetik gertu dagoen aireportu batean bere jet pribatutik jaistean. 39 urte eta nazionalitate frantziarra eta errusiarrak ditu Durovek, eta Dubain bizi da azken urteotan. Iruzurra,... [+]


Telegramen sortzaile Pavel Durov aske utzi dute, baina zaintza judizialpean eta Frantziatik irtetea debekatuta

Bost milioi euroko fidantza ordaindu du, eta astean bitan agertu beharko du poliziaren aurrean. Hamabi delitu egotzi dizkiote, eta bere seme-alabetako baten aurkako “indarkeria larriagatik” ikerketa ireki diote Frantzian.


Israelgo armadak sendagile palestinarrak torturatu izana salatu du Human Rights Watch erakundeak

Israelek Gazan atxiloturiko zortzi osasun-langileren eta beste zazpi lekukoren testigantzetan oinarritzen da Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundearen txostena. Nazioarteko Zigor Auzitegiak egoera aztertzea nahi du GKEk. Gazako Osasun Ministerioaren datuen arabera,... [+]


Espainiako Gobernuak Talgo erosteko enpresa hungariar baten eskaintza baztertu du, “segurtasun nazionala babesteko”

Adierazi du eragiketa hori baimentzeak “arrisku gaindiezinak” ekarriko lituzkeela. Espainiako Gobernuak eskaintza jakinarazi zenetik kezka zuen enpresak Hungariako lehen ministro Viktor Orbán-ekin eta Errusiarekin izan zitzakeen loturengatik. Espainiako... [+]


Elikagai-laguntzarako langileak Gazara bidaltzeari utzi dio NBEk, segurtasun eskasagatik

Agorrilaren 27an, Gazan barna elikadura banatzera zihoazen langileei eraso egin diete, beren autoa tirokatuz. Urriaren 7az geroztik NBEko 200 langile baino gehiago hil ditu Israelek Gazan.


Erretiro adina atzeratzeak ez du konpentsatzen: lehenago hilko gara eta estatuak dirua galduko du gainera

Espainiako Estatuan egindako ikerketa baten arabera, erretiro-adina atzeratzeak ondorio kaltegarriak dakartza, ez bakarrik lehenago hiltzeko arriskua duen langilearentzat berarentzat, baita diru-kutxa publikoarentzat ere: 8.564 eurotan baloraturiko galera soziala izango luke... [+]


Eguneraketa berriak daude