Elementu ezinbestekoena merkatuaren jomugan

  • Neoliberalek bataila bat galdu dute Europan, Michel Barnier komisarioak onartu duenean ur hornidura pribatizazio planetatik kanpo uztea. Milioi eta erdi sinaduraz goiti bildu dituzte ura zerbitzu publiko eta giza eskubidetzat aldarrikatzen dutenek. Gerran segitzen dute, ordea, uraren jabegoa bereganatu nahi dutenek.

Dani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

2010ean, Nazio Batuen Batzar Nagusiak gizarte zibilaren eskari historiko bat aintzat hartu eta giza eskubide izendatu zuen ur edangarria eta saneamendua eskura edukitzea, behar adinako kopuruan eta behar adinako kalitatez. Harrigarria eman dezake izendapena hain berandu iristeak, baina horrek badu arrazoia: “Duela hogei urte, inori ez zitzaion bururatuko ura giza eskubidea ez denik; izaera horri mehatxu egin zaiolako egin behar izan du NBEk bere aldarrikapena”, diosku Eloi Badia kataluniarrak. Mugarik Gabeko Ingeniaritza elkarteko eta uraren publikotasunaren aldeko hainbat plataformatako kidea da Badia. Argitu dezagun, ezer baino lehen, aipatu duen mehatxua ez dela atzo goizekoa. 80ko hamarkadatik, hainbat nazioarteko itunen bidez, munduko politikak diseinatzen dituztenak uraren kudeaketaren atea zabaltzen saiatu dira, merkatu librea sar dadin. Antza denez, 90eko hamarkadan Hego Amerikan izandako pribatizazio oldearen porrota ez da nahikoa irakaspen ona izan; azken urteetan, Europa da uraren multinazionalen jomuga berria. Eta pribatizazioaren podiumean, Britainia Handiaren ondotik, Euskal Herria partekatzen duten estatu biak daude, nahiz eta horrek modu desberdinean eragiten digun Bidasoaren alde batekoei eta bestekoei.

Zergatik falta da ura?

Aitzina egin baino lehenago, koka dezagun gaia bere testuinguruan. NBEk berak mundu mailako krisian gaudela ohartaraziz hasi zuen Ura denontzat, ura bizitzarako txostena, 2003an. Leku batzuetan euri dezente bota du ordutik, beste batzuetan askoz gutxiago, baina esan dezakegu egoerak ez duela hobera egin, kontrakoa baizik. Mundu osoan, 1.100 milioi pertsonak ez dute ur edangarria eskuratzerik –ondorioz, milioika hiltzen dira gaixotasun sendagarriren batek jota–, eta 2.600 milioi oinarrizko saneamendurik gabe bizi dira.

“Ur kopurua berdina da gutxi gorabehera”, dio Eloi Badiak, “baina gero eta ur edangarri gutxiago dago”. Horren arrazoi bat kutsadura da. Beste bat, ura nola erabiltzen dugun. Susan George analista eta idazleak 2010ean idatzitako Whose crisis, whose future? (Noren krisia, noren etorkizuna?) liburuan irakur dezakegunez, uraren %8 besterik ez da kontsumitzen etxeetan, aberatsenen igerilekuak barne. Gainerakoa, industriak eta nekazaritzak “edaten” dute. Laborantzak, zehazki, hamar litrotik zazpi bereganatzen du. “Mediterranearra bezalako klima batean –dio Bartzelonan bizi den Eloi Badiak– ehortea egoteak ez du berez agortzen edateko ura, eta hala ere etxeetan etenak egoten dira; egoera horretara iristeak esan nahi du erabileraren lehentasunak alderantzizkatu egin ditugula”.

Euskal Herrian zaila da ur faltagatik etenak ikustea, baina horrek ez du esan nahi arazorik ez dagoenik. Bizkaian, Bilbao Bizkaia partzuergo erraldoiarekin lehian ari da Busturialdekoa, askoz txikiagoa. Iratxe Arriola presidenteak dioskunez, ez dute hornidura eten behar izaten, baina udan, euria gutxitzea eta eskualdeko populazioa hirukoiztea elkartzen direnean, erreka asko oso ur gutxirekin geratzen dira zerbitzua ziurtatuko bada. Horrek ondorio kaltegarriak ditu ekosistemetan, eskualdeko ekologistek partzuergoari gogorararazten diotenez. Baina hark ez du diru nahikorik inbertsioak egiteko, Jaurlaritzaren laguntza gehienak Bilbao Bizkaiara doaz eta.

Pribatizazioak porrot, baina aurrera

Honezkero aditzera eman dugunez, askok ideia bat zabaldu nahi izan dute azken hamarkadetan: uraren kudeaketa hobetzeko modua, enpresa pribatuen esku uztea da. “Kudeaketaz ari gara beti, uraren jabetza pribatua hutsaren hurrengoa baita”, argitu du Badiak, “eta kudeaketa bera ere publikoa da hein handi batean: munduan, %85 inguru”. Alabaina, 80ko hamarkadan sektore pribatuaren pesentzia areagotzeko politikak garatzen hasi ziren, eta gestio pribatuak publikoak baino emaitza okerragoak dituela frogatu arren, haren portzentajea handituz joango dela aurreikusten da. Urte gutxiren buruan %25eraino hazi liteke, Badiaren esanetan.

Eremu pribatua sustatu nahi duen doktrina Washingtongo Kontsentsuarekin abiatu zen, duela 30 urte inguru. Doktrina hori honela laburtu daiteke: ur-baliabideak merkatuaren printzipioei jarraiki maneiatu behar dira, eta bai edateko ura bai saneamendua ondasun ekonomikotzat hartu behar dira. Beraz, zerbitzu horiek enpresa pribatuek kudeatu behar dituzte, publikoak baino eraginkorragoak baitira. Ustez, merkatuaren lehiakortasunak efikazia handituko du.

Praktikan ikusi dena, berriz, besterik da. Pedro Arrojo aditu espainiarrak dioenez, lehiakortasunaren abantailaren argudioa  baliagarria izan daiteke beste alor batzuetan, baina ez dauka zentzurik urarenean, ur-hornidura zerbitzuek izaera monopolistikoa dutelako. Alegia, pribatizazioak lehiakortasuna sor dezake merkatua eskuratzeko unean, baina behin enpresa batek kontzesioa lortuta –normalean hainbat hamarkadatan aritzeko kontsezioa izaten da–, monopolio bihurtzen da. “Testuinguru horretan, eta paradoxa eman badezake ere, lehiakortasuna desagertzen da”, dio Arrojok. Ondorioa izaten da zerbitzua ez dela hobetzen, eta bai garestitzen. Erabiltzaileak ez dauka horren aurrean presio egiteko modurik, ezin baitu besterik gabe beste enpresa bat kontratatu. Hainbat ikerketa egin dira uraren gestio publikoa eta pribatua konparatzeko, eta ikusi denez, lehenbizikoak zerbitzu hobea ematen du.

Laborategia Hego Amerikan ezarri zuten

Esandakoaren adibide, azken hamarkadetan, mundu osoko leku askotan erakundeek uraren kudeaketa publikora bueltatzea erabaki dute, sektore pribatuak porrot egin ostean. Batez ere, aipagarria da Latinoamerikaren kasua. Honela azaldu digu Eloi Badiak: “90eko hamarkadan Hego Amerika hartu zuten laborategitzat Washingtongo Kontsentsutik eratorritako politikak gauzatzeko, ezaugarri egokiak zituen eskualdea baitzen: batez besteko errenta behar bezain handia zen, aurreko urteetan egindako inbertsio publikoei esker beharrezko azpiegiturak baziren, zerbitzua nahikoa unibertsalizatuta zegoen...”. Pribatizazio oldeak, ordea, protesta sozial handia eragin zuen XXI. mendea hastearekin batera, herritarrek merkatu librearen onurak dastatu ahal izan zituztenean: tarifak igotzea, kontratuak ez betetzea, sarearen gabeziak ez konpontzea... Bestalde, enpresa pribatuak gune populatuetara besterik ez dute jotzen, eta bazterrean uzten dute landa eremua, ez baitzaie errentagarria.

Europa da merkatu berria

Hego Amerikako esperimentua gaizki atera zitzaion sektore pribatuari, baina krisiari esker beste merkatu bat sortu zaie: Europa. EPSUk, Zerbitzu Publikoetako Sindikatuen Europako Federazioak, plazaratuta dauka gaia xehetzen duen agiria, gaztelaniaz titulatua “Por qué el agua es un servicio público: destapando los mitos de la privatización”. Hamaika orrialde mamitsutan azaltzen du nolaz ura pribatizatzeko “moda” ekarri duten Europara Nazioarteko Diru Funtsak, Europako Banku Zentralak eta Europar Batasunak, Troika izen sobietarrez bataiatutako hirukote neoliberalak.

Aurreko orrialdean azaldutako Greziako kasua ez da bakarra. Portugalen, Aguas de Portugal enpresa publikoaren pribatizatzea planteatu da herrialdearen ekonomia “sendatzeko” neurri gisa, eta Italiak ere antzeko presioak ditu. Italiako kasua paradigmatikoa da, gizarte zibilak lortu baitzuen, sinadura bilketa bidez, gaiari buruzko errereferenduma antolatzea eta irabaztea, 2011ko ekainean. Ura esku publikoetan uztea, edo dagokionean esku publikoetara itzultzea erabaki zuten italiarrek bozkaz, baina Europako Banku Zentralak gobernuari jakinarazi dio ez dela momentu egokiena herritarren nahi hori praktikan jartzeko. Desobedientzia zibila bizi-bizi dago orain.

Europako Gizarte zibilak lortu du halaber, eta zehazkiago EPSUk, milioi eta erdi sinadura baino gehiago biltzea –milioi bat behar zuten– ura pribatizatzearen aurka. Hala, Michel Barnier, Europar Batasuneko Barne Merkatu eta Zerbitzuetako komisarioak, pribatizazioari buruzko zuzentarautik kanpo utzi du ura.

Hego Euskal Herria, publikotasun irla Espainiako liberalizazio uholdean

Kontuak kontu, uraren kudaketa pribatuak indar handiagoa du Europan munduko beste lekuetan baino. Zehatz esateko, %30 inguru, munduko %10a baino dezente handiagoa. Baina hainbat estatutan gestioa erabat publikoa da, eta horrek esan nahi du beste batzuetan portzentajea handiagoa dela. Arestian esan bezala, Frantziako eta Espainiako estatuak dira kudeaketa pribatu gehien daukatenetako bi.

Euskal Herrian modu desberdinean eragiten du horrek Iparraldean edo Hegoaldean. Iparraldean, ia udal guztietan kudeaketa pribatua dago; salbuespenen artean, hori bai, Baiona dagoela esan behar da. Hego Euskal Herria, berriz, uhartetzat jar daiteke Espainaiko Estatuan: kudeaketa publikoa %85-90ekoa da, estatukoa %50 ingurukoa denean –urte amaieran %43ra jaitsiko dela kalkulatzen dute ur publikoaren aldeko mugimenduek–.    

Lehenago gogora ekarri ditugun lehorteak ez dira erabiltzaile bati ura eteteko arrazoi nagusi bakarra, gaur egungo krisi egoeran. Operadore pribatuek Espainiako hirietako hornidurak eskuratu ahala, gero eta maizago ikusten da faktura bakarra ordaintzeari uzteagatik ur gabe geratzea. Giza eskubide izaerarekin nekez ezkondu daiteke hori, Luis Babianok, AEOPASeko (Hornidura eta Saneamenduko Operadore Publikoen Espainiako Elkartea) gerenteak dioenez. Babianok inbidiaz begiratzen dio Hego Euskal Herriari. Haren ustetan, uraren izaera publikoa ongi blindatuta dago hemen, gizarte zibilak oso barneratuta duen ideia delako.

Pribatizazioaren mamuaz salbu da Hegoaldea, hortaz? Momentuz baietz esan liteke, baina tentuz ibiltzeko gomendatzen dute zenbaitek. Ez da ahaztu behar Javier Maroto Gasteizko alkateak AMVISA, hiria urez hornitzen duen enpresa publikoaren %49 pribatizatzeko asmoa, oraingoz gauzatu gabea, agertu zuela iazko udazkenean. Erantzun moduan, akaso, Arabako Batzar Nagusiek PSEk aurkeztutako mozio bat onartu zuten joan den apirilean, Aldundiari eskatuz ez dezala liberalizatu uraren sektorea. Bestalde, Espainiako Estatuan iragarrita dagoen udal administrazioaren erreformak zerbitzu ororen pribatizazioa erraztuko du, Madrilgo Gobernuak berak aitortu duenez. Nolanahi, arrisku handirik ez du ikusten Iñigo Elosegik, Gipuzkoako Urak partzuergoko gerenteak: “Uraren pribatizazioa, hemen, oso lotuta dago aukera politiko batekin; nik ez ditut ikusten EAJ, PSE eta Bildu bide hori urratzeko prest”.

Tesalonika: ura pribatizatzea ez onartu edo berriro erosten hasi

Michel Barnier komisarioak hartutako erabakiak ez zituen asko kontsolatuko dagoeneko draman murgilduta dauden Greziako herritarrak. Grezia gainerakoen aurretik erori baitzen krisiaren atzaparretan, murrizketa eta pribatizazioen laborategi aparta daukagu gainerakook.

Troikak Greziari ezarri zion neurrietako bat Atenas eta Tesalonika, herrialdeko bi hiri nagusien ur zerbitzuak pribatizatzea izan zen. Red Pepper aldizkari britainiarrak “Resist and transform: the struggle for water in Greece” (Eutsi eta eraldatu: Greziako uraren gatazka) kronikan kontatua du nola garatu den pribatizazio horren kontrako borroka 2009tik. Greziatik erreportaje gogoangarriak bidaltzen dituen Hilary Wainwrighti kontatu diote Tesalonika hiriko ur zerbitzuko langileek hamabi eguneko greba eta okupazioarekin hasitako gudua.

Zerbitzu publikoetako sindikatuen buruzagi George Archontopoulosek Wainwrighti aitortu dio nola hasieran herritarrak mesfidatzen ziren sindikalistez: “Sei hilabetez saiatu ginen jendeak konbentzitzen gu herritar gisa ari ginela borrokan, ez gure lanpostuak galtzeko beldur ziren langiletzat”. Enpresa publikoetako langile eta sindikatuek fama txarra dute: alferrak, ustelkeriaz beteak...

Sindikalistek luze eztabaidatu zuten pribatizazioez gain zerbitzuaren prezioaz eta kalitateaz, plazetan beraien ondoan protestan aurkitzen zituzten langabeekin, gazteekin, klase guztietako herritarrekin. Hortik sortu zen 136 iniziatiba.

136 zenbakiak azalpen erraza du: Tesalonika urez hornitzen duen EYATH konpainia publikoa estatuak salgai ateratakoan konpainiari jarri zioten prezioa zatitu urez hornitzen dituen hiritarren artean eta ateratzen omen da 136. Euro kopuru horixe balio du mugimenduak herritar eta taldeen artean ur zerbitzua kooperatiba bihurtzeko saldu nahi dituen akzio bakoitzak.

Interneten 136 Initiative mugimenduak daukan gunean azaltzen du EYATH konpainiak aurreko bost urteetan 75 milioi euroko etekinak emanak zituela, 2011n bertan hogei milioi. Bitxia da nolaz burtsara ateratzeko lehen ahaleginean 60 milioi eurotan baloratu zuten konpainiaren %40.

136 Iniziatibak lau helburuok jarri dizkio operazioari: EYATH konpainiaren akzioen %40 horien jabe herritarrak egin daitezela diru bilketaz, uraren kontrola gizartearen esku egon dadila, konpainiak modu demokratikoan operatu dezala eta etekin ekonomikoak ez baina gizarte eta ingurumen etekinak bilatu ditzala.

Tesalonikak dituen hamasei auzuneen erdietan antolatu diren arren kooperatibak, ez da erraza dirutza hori biltzea. Herritar asko ez dago gaur egun sos bat jartzeko moduan, eta Tesalonikako Udalak ez daki nondik atera dagokion dirutza.

Aldiz, kooperatiba praktikan eraikitzen baino arrakasta handiagoa eduki du 136 Iniziatibak herritarrak uraren defentsan eta ondasun publikoen pribatizazioen kontra mobilizarazten. Esaterako, asko lagundu du Kavakos mendietan Eldorado multinazionalak urratu dituen meategien kontrako manifestaldi handia aurrera atera zedin.

Kooperatibizatze asmoetan eztabaidarik ez da falta. Syrizako militanteek diote, ez arrazoirik gabe: “Zergatik erosi behar dugu geurea dena?”. 136 Iniziatibatik arrapostu: “Eta nola egingo diogu aurre pribatizazioari? Protesta egite hutsak eramango gaitu norabait?”. Denek arrazoi. Bitartean, uraren pribatizazioaren kontrako eztabaida eta mugimenduak zabalduz doaz bazter orotan.

Txorrotako uraren aldeko kanpainak botilaratzaileak haserrarazi ditu Gipuzkoan

Txorrotako uraren apologia egin nahi izan du aurten Kutxa Ekoguneak. Batetik, Etxeko Ura kanpaina jarri dute martxan, ostalaritzan, baina baita etxeetan ere, txorrotatik ateratzen den uraren kalitatea aldarrikatzeko, Zuriñe Sanchez komunikazio arduradunak azaldu digunez. Alegia, ez dela ezertan botiletan –askoz garestiago– saltzen dena baino okerragoa. Tabernariei pitxer berezi batzuk eman zizkieten, bezeroak eskatu gabe ere iturriko ura eskaini dezaten. Aldi berean, Grifoterapia azpi-kanpaina ipini zuten abian, bezeroei zuzenduta. “Bagenekien, inkesta bidez, jendeak ez duela ohiturarik iturriko ura eskatzeko etxetik kanpo, lotsagatik edo ezezkoa jasotzeko beldurragatik”, dio Sanchezek.

Kanpainak oihartzuna eduki du Gipuzkoatik kanpo, eta azkenik, Espainiako ANEABEk, ura botiletan saltzen duten enpresen elkarteak alegia, kexa helarazi dio Kutxa Ekoguneari, Grifoterapia kanpainak zuzenean euren kontra jotzen duelakoan. Nonbait, haserrea piztu die kanpainak honako datua aipatzeak: botilako ura mila aldiz garestiagoa da txorrotakoa baino.

Oiola, lindanoz kutsatutako ura Ezkerraldean

Euskal Herrian ez da orobat eztabaida handirik uraren kalitateaz. Txorrotatik irteten denaz fidatu eta goiko koadroan aipatutakoa bezalako kanpainei sinetsi diezaiekegu. Oiolako urtegiaren afera da, beharbada, salbuespen bakarra, baina ez nolanahikoa.

Bizkaiko herri askok, eta Bilbo Handiko gehienek, Zadorrako sistematik hartzen dute ura, Bilbao Bizkaia Partzuergoaren bitartez. Baina Barakaldo, Alonsotegi eta Sestaok –100.000 biztanle inguru– Oiolatik hartzen dute ura 1967tik. 2008an, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak lindano kopuru handiak neurtu zituen hiri horietako etxeetako uretan: legediak onartutakoa baino bost aldiz gehiago. Urtegian bertan, kantitateak askoz handiagoak ziren. Gogoratu dezagun lindanoa gaur egun debekatuta dagoela, ondo dokumentatuta baitago osasunari egiten dio kaltea (ikus Argia 2.196).

Urtegitik ura hartzeari utzi zioten tarte batez, eta EHUri ikerketa bat eskatu. Unibertsitateko zientzialariek ez zuten detektatu lindanoaren iturria, baina bai zein errekatatik iristen zen urtegira. Protokolo batzuk ezarri ziren, eta haien ondorioz urtegia hainbat aldiz ireki eta itxi da urteotan. Hau idazteko unean, eta apirilaren 22tik, Oiolako ura edaten ari dira aipatu hiru herrietako biztanleak. Barakaldoko Udaletxeak dio neurtzen ari diren lindano kopuruak onargarriak direla osasunerako; Ezpitsua elkarte ekologistak, berriz, urtegiko ura saretik kentzeko eskatu du, balizko kutsadura foku guztiak ezabatuta daudela erabat ziurtatzen ez den bitartean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oiolako urtegia
2017-09-27 | Unai Brea
Lindanoz kutsatutako guneen garbiketa ziurtatu dadila eskatu dute ekologistek Eusko Legebiltzarrean

Ekologistak Martxan taldeko ordezkariak Eusko Legebiltzarreko Ingurumen Batzordean izan dira, EH Bilduen eskariz, Espainiako Estatuan lindanoak eragindako kalteei buruzko txostena aurkezten. Europako Legebiltzarrean egindako azken bisitan talde politiko guztiek arazoari... [+]


2017-06-07 | Xalba Ramirez
Lindanoa, osasunerako eta ingurumenerako mehatxua hamarkadak igaro ostean ere

Lindanoak Espainiako Estatuan eragindako kutsadurari buruzko txostena argitaratu du Ekologistak Martxanek, Pozoitze iraunkor eta isil baten kronika izenburupean. Taldeko bozeramaile Javier Vázquez Velascok Barakaldon aurkeztu duen txostenean azken mendean fabrikatutako... [+]


2016-03-15 | Unai Brea
Europak Oiolako urtegiaren garbiketa finantzatuko luke, bertoko erakundeek proiektu bat aurkeztuz gero

Europako Batzordeak finantzaketa lortuko luke Trapagareneko Oiolako urtegiaren arazoa konpontzeko, eskumena daukaten erakundeek behar bezalako proiektua aurkeztuz gero. Hala jakinarazi die Daniel Calleja Batzordeko Ingurumen zuzendariak Oiolako Urtegiaren Deskonexioaren... [+]


2016-03-14 | ARGIA
10. Ekozinemaldia dator, energi trantsizioa ardatz

Ekozinemaldiak hamargarren edizioa du 2016an. Ekologia sozialari buruzko dokumentalak eta film luze eta laburrak eskaintzen ditu Ekologistak Martxanek antolatutako ekimenak; aurten energi eredua, klima aldaketa eta energi trantsizioa izango ditu ardatz nagusi.


2016-03-14 | Unai Brea
Oiolako urtegiaren arazoa konpontzeko eskatuko dute Europako Legebiltzarrean

Joan den azaroan Marina Albiol (Izquierda Unida) eta Josu Juaristi (EH Bildu) europarlamentarioen bisita jaso eta gero, Oiolako Urtegiaren Deskonexioaren Aldeko Plataformako zenbait kide Europako Parlamentuan izango dira martxoaren 14 eta 15ean, bertako Eskaera Batzordean... [+]


2015-11-27 | Unai Brea
Lindanoz kutsatutako Oiolako urtegian europarlamentarioak bisitan

Oiolako Urtegiaren Deskonexioaren Aldeko Plataformako kideek ondo ezagun dute Europako Legebiltzarrera joateko bidea. Orain, berriz, hango diputatu biri egokitu zaie Barakaldora bisita egitea: EH Bilduko Josu Juaristi eta Izquierda Unidako Marina Albiol. Biek ala biek gertutik... [+]


2015-02-20 | Unai Brea
Oiolako urtegia saretik deskonektatzeko eskatuko dio Eusko Legebiltzarrak Barakaldoko Udalari

Ingurumen Batzordeak onartutako legez besteko proposamenaren arabera, Eusko Legebiltzarrak zuhurtzia printzipioa aplikatzeko eta Oiolako urtegiko urik erabiltzen ez dela bermatzeko galdatuko dio Barakaldoko Udalari, kontsumorako egokia dela guztiz frogatu bitartean. Txosten... [+]


Oiolako urtegia oraindik lindanoz kutsatuta dagoela salatu dute

Oiolako urtegiak lindanoz kutsatuta jarraitzen duela salatu du urtegiaren deskonexioaren aldeko plataformak.


Oiolako urtegian bost ingurumen-arau hausten direla dio Europak

Urriaren 15ean eta 16an izan dira Oiolako Urtegia Deskonektatzearen Aldeko Plataformako kideak Europako Parlamentuan. Parlamentuko Eskaeren Batzordeko idazkari nagusiak adierazi du Barakaldoko udalak bost ingurumen-arau urratzen dituela urtegiaren kudeaketan.


Oiolako urtegiaren auzia Bruselara eraman dute hirugarren aldiz

20 pertsona inguru joan dira Bruselara Oiolako urtegiaren egoera aztertu eta neurriak hartu daitezen eskatzera.


Oiolako urtegia Barakaldoko ur-horniketatik deskonektatu dute, laugarrenez bost urtean

Joan den ostegunean Oiolako urtegia Barakaldoko ur-hornikuntzatik deskonektatu zuten. Hori egiten duten bosgarren aldia da, nahiz eta Udalak lindano kutsadura dagoenik ukatu. Alkatetzan dagoen PSEk prentsako iragarki batean argudiatu duenez, “urtegiko ur-maila... [+]


EAEko Legebiltzarrera ere eraman dute Oiolako urtegiko lindanoaren auzia

Oiolako Urtegia Deskonektatzearen Aldeko Plataforma EAEko legebiltzarrean izan da asteartean. Plataformako bi kidek parlamentuan hitza hartu eta gainontzekoak elkarretaratzea egin dute kanpoan. Lindano fokua desagertu arte, Barakaldo, Sestao eta Alonsotegiko etxeetara Oiolako... [+]


2014-04-23 | Ane Lusarreta
Barakaldon eta Sestaon, urtebetez lindanoz kutsatutako ura kontsumitzen

Oiolako urtegia ur hornikuntza sarera birkonektatu zuteneko urteurrena bete zen asteartean. Sestao eta Barakaldoko milaka bizilagunek lindanoz kutsatutako ura kontsumitzen dute ordutik.


2014-03-25 | Ane Lusarreta
Oiolako uren afera ikertzeko beharra azpimarratu du Europako Batzordeak

Oiolako Urtegia Deskonektatzeko Plataformak jaso du Europako Batzordeko bizi, ur eta airearen kalitateaz arduratzen den zuzendaritzaren erantzuna: gaia ikertuko dutela adierazi dute.


Eguneraketa berriak daude