argia.eus
INPRIMATU
Nazioarteko dantzak Portugaleten

Unai Brea @unaibrea2 2013ko uztailaren 24a

Uztailaren 24an emango zaio hasiera Portugaleteko 39. Nazioarteko Folklore Jaialdiari, nahiz eta aurrez, hilaren 21ean, parte hartzaileek Munduko Dantzak ikuskizuna eskainia duten. Benin, Galizia, Kalmykia –Errusiar Federazioa osatzen duten errepubliketako bat–, Kanada, Peru eta Turkiatik iritsitako taldeak, jaialdiaren antolatzaile Elai Alairekin batera, uztailaren 27ra arte jardungo dira iluntzeroko 21:30ean, La Canilla ibiltokian. Antzezleku berria aukeratu dute, hortaz, baina aurreko urteetakoak bezala, kalean dago hau ere. Ohitura denez, ikusleentzat dohainik izango da; eskertzekoa beti, zer esanik ez garaiotan.

Elai Alai taldeak 1972an antolatu zuen estreinakoz Nazioarteko Folklore Jaialdia. Franco hil osteko garai gorabeheratsuetan hiru urteko etenaldia egin eta gero, jaialdiak 1980an ekin zion gaur arteko segidari. Ordutik ez dio hazteari utzi, eta honezkero ohitu egin gara urtero-urtero ia kontinente guztietako dozena erdi dantza taldez gozatzera Bizkaiko Zubiaren itzalean. Ondoko argazkian, 2011ko edizioan Portugaletera etorritako Indonesiako taldea ikus dezakezue.