argia.eus
INPRIMATU
Naval: Europar Batasunetik Euskal Herrira, Madrildik igarota

Juan Mari Arregi 2013ko uztailaren 23a

Europako Batzordeak Espainiako Estatuari eskatu dio ontzigintza enpresei 2007 eta 2011 artean tax lease hobariaren bidez emandako diru laguntza publikoak itzultzeko. Laguntza horiek ontziak egiteko finantzaketa eskaini zuten inbertitzaileek itzuli beharko dituzte (bankuek eta inbertsio funtsek), eta ez ontzigintza enpresek. Kopurua zehaztu ez den arren, 2.000 milioi euro izan daitezke. Diru hori Espainiako Ogasunean sartu behar da. Hain justu, Espainiako erakunde hori izango da zifra zehatza zein den erabakiko duena, baita dirua zein inbertitzailek itzuli behar duen eta nola egin behar duen erabakiko duena ere. Ondorioz, garai horretan ontzigintza finantzatu zuten inbertitzaileek dagokien kuota ordainduko diote Ogasunari. Euskal ontzigintzako langileek mobilizazioekin segitzen dute; euren etorkizuna arriskuan dela diote, ontziak finantzatzen dituztenek dirua itzuli behar badute, finantzazio berririk ez delako izango.

Egoera honek berriz ere agerian utzi du subiranotasun nazional, politiko, ekonomiko eta laborala aldarrikatzeko beharra; gure sektore ekonomiko eta industria estrategikoen inguruan erabakiak hartzeko eskubidea, alegia. Laguntza publikoen kasuan, beste hainbat arlotan bezala, bistakoa da muga: EBk erabaki eta Espainiako eta Frantziako Estatuek betearazi egiten dute, euskal herritarren iritzia bazterrean utziaz. Espainiako eta Frantziako Estatuek defendatzen dituzten interesak, jakina, ez dira euskal herritarrenak. Ontzigintzan, Euskal Herriak sektore estrategiko hori indartu behar du, garapena eta berrikuntza behar dira mundu mailan lehiatu ahal izateko. Euskal inbertitzaileak engaiatu beharko lirateke milaka familia mantentzen dituen ontzigintza sektore lehiakorrari eusteko bidean irtenbideak aurkitzeko.