argia.eus
INPRIMATU
Haurra negarrez dagoenean, bakarrik utzi?

Nahia Alkorta Elezgarai @nahiaetaezina 2013ko uztailaren 23a

Bitxia egiten zait heldu bat negarrez ikustean ingurukoek babesa eman eta lasaitzen saiatzen igarotzen duten denbora eta hartzen duten ardura ikusi ondoren, euren haurrak negarrez egon eta jaramonik egiten ez dien gurasoen aurrean egotea. Bitxia eta gogorra, oso gogorra.

Haurrek, eta batez ere, txikienek, ez dute kapritxoz negar egiten. Behar bat dutelako egiten dute negar, eta behar hori komunikatzeko bidea negarra dutelako. Normalean gosea, egarria, hotza, beroa, fardel zikina, gosea, logura, mimo beharra, mina, babes beharra, kontaktu fisiko beharra edo bestelako arrazoiren bat izango da eta beraiek behar hori asetzeko gai ez badira, normala da laguntza eskatzea. Ezin dugu espero bere eskaerekin email edo sms bat bidaliko digutenik.

Negarra oinarri-oinarrizko komunikazio tresna da, eta komunikazioak funtziona dezan, negar horren hartzaileak negar hori entzun, aztertu eta beharra ase behar luke. Bularra ematen duten amek, euren haurtxo jaioberria (edo koxkorxeagoa –niri urtea betetzear dagoenarekin gertatzen zait–) negarrez entzutean bularrak minbera jarri eta esnea jariatzen hasten dira. Beste zenbait espezietan ere ikusi dute erantzun automatiko hori.

Azken urteetan ordea, negarrez uztearen aldeko ahotsak zabaldu dira. Horrelako gomendioak ematen dituztenek haurrak gaizki heziko ditugula, mimatuak izango direla, kapritxoa besterik ez dela eta horrelako arrazoiak erabiltzen dituzte. Haurtxoek, jaiotzetik helduak izorratzeko asmo eta gaitasuna izango balute bezala.

Guk ez dugu uste horrek mesede egiten dionik inori. Ez haurrari, ez negarra entzuten duen inori ere. Gainera, geroz eta ikerketa gehiagok erakutsi dute, haurtxoei negarrez egoteak sortzen dien estresak epe luzerako eragina dutela (autoestima arazoak, harremanetarako arazoak, mesfidantza...). Esan bezala, haurtxoek behar bat dutelako egiten dute negar, eta behar hori asetzean berehala isiltzen dira. Bakea denontzat. Hortaz, zergatik utzi negarrez?