argia.eus
INPRIMATU
Donostia 1813: nola irudikatu sufrimendua?

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2013ko uztailaren 24a
Donostiarren sufrimendua irudikatzeko Goyaren obrara jo behar izan dute. Si resucitará? estanpa.
Donostiarren sufrimendua irudikatzeko Goyaren obrara jo behar izan dute. Si resucitará? estanpa.

Donostiako sutearen bigarren mendeurrenean, erakunde publiko eta elkarteek gertatutakoa oroitzea dute helburu eta hortxe koka dezakegu San Telmo Museoko 1813. Donostiaren setioa, sutea eta berreraikitzea erakusketa. Hiru multzo eta bederatzi ataletan banaturik dago –bi atal Untzi Museoan daude ikusgai– eta artelan garaikideak, grabatuak, dokumentu historikoak eta beste euskarri askotako objektuak topatuko ditu bisitariak erakusketan barrena.

Donostian 1813an jazotakoaz, orain arte nagusiki kontatu izan digutena da ingelesek su eman eta horren ondoren donostiarrek hiria berreraikitzeko erabakia hartu zutela. Abuztuaren 31ko gau hartan ehunka lagun erail eta beste ehunka emakume bortxatu zituzten aliatuek –basakeria horren lekukotasunak argitaratu genituen argiaren 2.377. zenbakiko erreportajean–, baina datu horiek itzalean geratu izan dira ia beti, eta gizarte zibilaren sufrimendua barneratzeko zailtasunak ditugu oraindik. San Telmo Museoko erakusketan ere muga hori suma liteke, antolatzaileek beraiek aitortuta –“zaila da gertakari latz horiek ikuskizun bihurtzea”–; batik bat Goyaren obra gorenera jo behar izan dute, laburrean bada ere donostiarren oinazea irudikatzeko. Bistan da mendeurrena igaro ondoren, herritarrengandik hurbilago dagoen kontakizuna lantzeko premiak hor jarraituko duela.

Nolanahi ere, 1813ko gertaera eta testuingurua hobeto ulertzeko aukera paregabea da erakusketa, eta bide batez, ikuspegia kronologian zabaldu liteke Baionako Euskal Museoan eta Zumalakarregi Museoan antolatutako erakusketa banarekin; lehenak 1893ko Konbentzio Gerra eta iraultza du oinarri, bigarrenak 1823ko “Luisen ehun mila semeen” inbasioa eta kontrairaultza.