argia.eus
INPRIMATU
AEBen egungo klabeak

Xabier Letona Biteri @xletona 2013ko uztailaren 24a

Bigarren Mundu Gerraz eskolan edo unibertsitatean ikasitakoarekin asko zenekiela uste zenuen? Bada, Josep Fontanaren liburu hau irakurtzen baduzu, ezetz konturatuko zara, edo behintzat, beste gauza asko ere ikas ditzakezula gerraren arrazoiez eta ondorioez; eta batez ere, hurrengo 40 urteetan Europan eta munduan izandako bilakaeraz. Funtsean, AEBen eta SESBen Gerra Hotza ardatz hartuta, 1945etik gaurdainoko munduaren garapenaren klabe nagusiak ulertzeko tresna bikaina da.

Hamarkada horiei buruzko klabe ekonomiko eta politikoetan bikain arakatzeaz gain, munduko Gerra Hotzaren gune beroenak ere aztertzen ditu: Txina, Vietnam, India, Israel, Angola, Aljeria, Kuba, Txile, Argentina, Afganistan… Dozenaka herrialdetan bi ikusmolde kontrajarrien zipriztinak miatzen ditu zorrotz historialari katalanak.

AEBen nagusitasun militar eta ekonomikoa handia izanik, gerra nuklearraren beldurrak orekatutako hamarkadak izan ziren, nahiz eta pentsatu baino gehiagotan izan zen lehertzekotan gerra nuklearra, esaterako 1962an, Kubako misilen krisian. Funtsean, AEBek munduan barrena bere ikusmoldea eta nagusitasuna inposatzeko baliatu zuten Gerra Hotza eta, globalizazioaren emaitzak ikusita, ezin esan guztiz txarto atera zaienik.

Historialari bati dagokion moduan, liburua zehatza eta analitikoa da, baina bere balio handienetakoa idazkeran dago, gertakizuna, analisia, dokumentazioa eta anekdota era erakargarrian etengabe tartekatzen dituelako, 1.000 orrialde bata bestearen atzean irentsiaraziz. Nekez idatz daiteke historiaz modu atseginagoan. Nazioarteko gaietan interesa duen irakasle, kazetari edota herritarraren apalean falta ezin den harribitxia da, unean uneko plazeraz gain, dokumentaziorako ere oso erabilgarria. Murgiltze saiorik egin gura duenarentzat, 2013ko urtarrilean Larrun monografikoa egin genuen Fontanaren elkarrizketarekin.

Por el bien del imperio.
Una historia del
mundo desde 1945

Josep Fontana

Pasado y presente, 2011