argia.eus
INPRIMATU
Garoñakoak luze joko du

Joxerra Aizpurua Sarasola 2021eko ekainaren 30a
Elorri Zuria

Garoñako zentral nuklearraren aurkako borrokan aritzen direnetako batzuk ospakizunetan ikusi nituenean orain sei edo zortzi hilabete, sentipen arraroak izan nituen; ez bainuen uste botere ekonomikoek, besterik gabe, beraien deskoordinazioak eraginda, hain erraz etsiko zutenik.

Zentrala itxita dago, baina hori iragarri zutenek ere garbi adierazi zuten arrazoi ekonomikoengatik itxi zutela, Espainiako Estatuko energiaren lege berriak ezarritako betebeharren ondorioz. Eta esan zuten hurrena zera izan zen: “Ea nola moldatzen dugun legea zentrala berriro martxan has dadin, segurtasun arazorik ez dago eta”.

Une batzuetan pentsatu izan dut zentrala kudeatzen duen Nuclenor enpresaren eta Madrileko administrazioaren arteko deskoordinazio arazoak izan direla azken hilabete hauetako gertaeren arrazoi nagusia. Ardatz horri Europatik segurtasun nuklearraren inguruan datozen arauak erantsi behar zaizkio.

Faktore askok baldintzatuko dute, dudarik gabe, Garoñako etorkizuna; denbora aurrera joan ahala faktore berriak, aurreikusi gabeak, azalduko dira. Botere ekonomikoak praktikotasunaren eremuan kokatuko du eztabaida, hau da, zentrala segurua da eta krisi ekonomiko garaiak ez dira egokienak horrelako energia bideak bazterrera uzteko. Argudio berdinak erabiliko dira zentralaren aurka egiteko: segurtasuna ez da inoiz nahikoa izango, eta ekonomikoki ere zentralak, itxi ondoren, gastua eragiten segituko du hondakinen ondorioz.
Urtebete luze dute agintariek legedia aldatzeko eta Garoña abiatzeko, eta gauzak asko aldatzen ez badira Garoña abiatu egingo da; izan ere, lerro hauetan behin baino gehiagotan aipatu dugun bezala, zentrala ixtea gauza bat da, eta beste bat eraistea. Lehena teknikoki erraza da, bigarrenak ez du konponbiderik oraindik. Beraz, Garoñakoak luze joko du, oso luze.