Irudi sano plastikoak opatzen dizkigu Beñat Arginzonizek liburuan: “Pilotariak, ilargiaren sazerdote bat bailitzan, bizitzaren dantza, zorizko dantza, antzezten du bere jokoaren bidez. Elkar jo gabe airea atzaparkadaz betez dantzatzen dira pilotariak”. Asko erabilia da pilotaren, joko garbiaren zein xisteraren, gerriko gorri-urdinen kirol aberatsaren arintasuna poesia egiteko. Esango nuke liburu minore honen asmoa ez dela poesia oso-oso goi mailakoa egitea, baina irakurraldi atsegina begitandu zait jokoaren inguruko afixa zahar eta pentsamendu zahar-berrien arteko hau. Narratiba saielan sartu du Hiriak, eta ez daukat nik irizmenik hala klasifikatzeko. Gauza politak eta atseginak, eta haiek sorturiko sentimendu estetikoak, puri-purian daude orrialdeotan zehar. Prosa da. Poesia da.
Beñat Arginzonizi egozten zaizkio interneten Las voces de la nada (2002), Agua para los muertos (2009, Jabi Subversión X-ren biografia antzeko bat) eta Manifiesto poético y otros escritos (2010), baina ez genuen ezagutzen bere iritzi artistikoa: “Bada, poesia betidanik idatzi dut nik dakidala, munduan egoteko modu bat da, eta hala ere ehun poema idatzi eta horietako gutxi batzuek asmatzen dute bete-betean, benetan zeozer komunikatzea. Gainontzekoak beharrezkoak izan ohi dira momentuan, baina gero guztiz bazter utzi daitezke”.
Eta kasu honetan ere jo eta arrastora iristen ez diren sake asko daude –gehienak– baina baita bistarentzako ederrak diren zenbait ukaldi ere. Euskal pilotaren jokoa halako festina lente estetiko batek gidatzen du, gidatu ere, eta orain bere onenean ez dagoen arren, Manilatik hasi eta Tamparaino gozatu dute pilota hormara ederminez eroatearen kirola.
Idazlea filosofatzen hasten denean irakurleari sartzen zaio halako dèjá-vu % 100 basque bat, dagoneko mila aldiz ideia bera irakurri izanaren sentipen astuna. Oteizak esan ez zuenik ez dago hemen.
Baina, badiot, Arginzonizek inoiz lortzen du idazkera bat ekonomikoa, idazkera bat emozionala baina ez astuna. Pilotaren ibilbidea “ikusi” egiten da batzuetan, haren inguruan espazioa –frontoia- zein aktoreak –pilotariak– daudelarik. Topikoen artean, beraz, originaltasuna ere kausitu daiteke. Mundu zoro honen erdian jalgi da filosofoa, eta filosofia egiten ahalegindu denean ez du lortu helburua. Poesia deskriptiboarekin, ostera, harrapatu egin nau estetak.