argia.eus
INPRIMATU
Zer ari da gertatzen Fukushimako lur azpian?

Joxerra Aizpurua Sarasola 2013ko uztailaren 11

Bi urte igaro dira Fukushimako zentral nuklearra lehertu zenetik eta txoko honetan orain arte eman ditugun datu gehienak lurrazaleko erradioaktibitate-mailari buruzkoak izan dira. Oraingoan, berriz, ikusten ez den zerbait aipatu behar dugu: sistemak hozteko erabili den eta erabiltzen ari diren ura.

Zentralean istripua gertatu bezain azkar, itsasoko ura erabili zuten hoztaile. Tenperatura kontrolatzea lortu zutenean, ur gaziak ur gezari utzi zion leku. Milaka tona ur erabili dira lan horretan, eta batek baino gehiagok galdetu du ea non dagoen ur hori. Zati bat lurrundu egingo zen, beste zati bat itsasora itzuliko zen, eta beste zati bat inguruko lur azpian barreiatuta izango dela uste da. Ez dago ezeren ziurtasunik, baina berriki zulatu dituzten putzuetako uraren erradioaktibitate maila izugarria dela ohartu dira.