argia.eus
INPRIMATU
Philippe Etxegorri
"Euskalduna naiz, ez biarnesa"
  • Euskararen mugak Zuberoako lurralde administratibotik harago doaz, azken mendeotan euskaraz mintzo izan baita Zuberoa ekialde ondoko Biarnoko lurretan. Eskiula eta inguruko herriotako etxalde euskaldunei buruzko Biarnoko euskaldunak liburua idatzi berri du Philippe Etxegorrik (Angulema, 1971).

Jonmikel Intsausti @xanmixel 0000ko ren 00a
"Iparraldeko euskara ahulezia egoeran baldin bada, Biarnoko hizkuntza, biarnesa, kinka larriagoan da".J.I.

Berrizen (Bizkaia) bizi den ingeniaria, Biarnoko Jeruntzeko Alaxe etxaldean kokatzen ditu aitaren aldetik sustraiak. Liburuan, auzotako historia, egoera soziolinguistikoa eta euskararen ezaugarriak argitaratu ditu, desagertzekotan ziren gauza ugarien lekukoa dela ohartu ondoren.

Euskal Herritik kanpo, Frantziako Anguleman jaio zinen... nola gogoratzen duzu haurtzaroa? Nolako harremana izan zenuen euskararekin?

Ni Frantziako leku askotan ibilia izan nintzen gazte nintzelarik, aitaren lanagatik, hala ere harreman estuak genituen bere familiarekin. Euskararekiko harremanak urriak ziren, eta ni gazte nintzenean euskararen gaia ez zen aipatzen. Beraz, gazte nintzelarik, oso gazte nintzelarik, ez nekien nork zekien euskaraz familian.

Nerabezaroan euskaraz ikasteko gogoa piztu zitzaizun, nola izan zen hori?

Ba hori gertatu zen jakin ukan nuenean nire familian batzuek bazekitela euskaraz egiten, eta hasi nintzen galdezka eta hola pixkanaka pixkanaka hasi nintzen familiako euskara berreskuratzen; gero, uste ukan nuenean aski ikasi nuela, erabaki nuen nire senide euskaldunei gutun bana idaztea eta horietako batek, nire osaba handiak, poztasunez hartu zuen nire iniziatiba eta hola hasi ginen biak, bata besteari idazten eta hamar urtez euskarazko gutunak partekatu genituen.

Bi belaunaldi desberdinetako idazlagunak… zer edo nola ikasi zenuten elkarri idatzitakoarekin?

Biek bi mailatan ikasi genuen. Hizkuntzaren aldetik Jeruntzeko euskararen oinarriak ikasi nituen eta nire osaba handiak hain gustuko zuen hizkuntzari berriz lotu zitzaion, denbora luzez ez baitzuen zubereraz egin ahal ukan Oloroe iparraldeko herri batean bizi baitzen; bestetik osaba handiak gaztaroko oroitzapen anitz nirekin partekatu zituen, eta nik kontu modernoago batzuen berri helarazi nizkion, adibidez: nire ikasketak, egiten nituen bidaiak, lan kontuak, bera erretretan baitzen, edo jubilazioan, nahi baduzu.

Zure aitaren osaba, Johañe Mainhagü, gizon argi eta irekia zen, zalantzarik gabe…

Bai, gizon ia ikasi gabea zen, hala ere pertsona oso irekia zen eta bere bizitzan gauza asko egin zituen; hasi zen laborari gisa eta 27 urte zituela, familia etxaldetik atera zen eta Biarnoko etxalde batera joan zen mutil, edo morroi. Bertan ezkondu zen eta laborari gisa jarraitu zuen denbora batez, eta gero beste gauza anitz egin zituen eta bere bizitza profesionalaren bukaeran landa-saltzaile gisa egiten zuen lan, eta horretarako hiru hizkuntzatan egiten zuen, Biarnon zenean biarnesez egiten zuen, Zuberoan zenean zubereraz eta dirudienez, berak erranik, Iparraldeko kostaldean zenean, frantsesez, kar, kar.

Badirudienez kostaldean kontua ez zen bertako laborariek ez zekitela euskaraz, baizik eta horien euskara eta nire osabarena ez zirela elkar ulertzen erraz. Gero kazetari moduan ere egin zuen tokian tokiko kazeta birentzat, zortzi haur ukan zituen eta guztiei ikasketa onen ordaintzea lortu zuen, eta ez zen lan erraza izan, orduko baldintzak jakinik; kirolari ona ere izan zen. Nik dakidala, gutxienez judoan eta igerilekuan egiten zuen ongi. Orduan gizon polifazetikoa zen, nik uste, oso interesgarria eta berarekin asko ikasi nuen.

Kontaidazu, Biarno barneko Ustazu, Sangoine, Jeruntze, Eskiula, Inhaze, Arhanze, Aramitze, Landa ... herriotako zenbait alor euskarak irabazitako lurrak dira, ez beste batzuek bezala, non euskara galdu eta beste hizkuntzek ordezkatu zuten…

Bai, eta hori ongi dokumentatua da; orain Eskiulan bizi diren bizizale gehien gehienak euskaldunak dira eta arbaso euskaldunak dituzte. Duela bospasei mende Zuberoako jaun batek lurrak Biarnon zituen, Ledeuixeko bordaldeko jabea zen eta Zuberoako kadete asko etorrarazi zituen, Biarnoko mugako lur horietan finka zitezen. Eta kadete horien guztien etorrarazteko, pribilegioak edo eskubide bereziak eman zizkien eta hola jende kopuru handi bat etorri zen oraingo Eskiulako lurretara finkatzera. Gero jaun zuberotar horiek Eskiulako jabetasuna galdu zuten eta jaun biarnes batek erosi zizkien Eskiulako lurrak. Jaun biarnes hauek saiatu ziren Eskiulako bizilagunak biarnesten, hastapenean apaiz biarnesak ezarri zituzten Eskiulan baina hori ez zen nahikoa izan Eskiulako bizilagunak biarnesteko. Gero, jaun biarnes horiek saiatu ziren eskiulatarren pribilegioen kontra egiten, baina ez zuten lortu, Eskiulako bizilagunek beti kontra egin baitzuten eta epaiketetan beti irabazi zuten, zeren eta pribilegio horiek funtsean ez ziren pribilegioak, baizik eta usadioak babesten zituen jaunarekiko arauak. Eta hori zen kontua: orduko garai horietan, legea ez zen jabeak edo jaunak erraiten zuena, baizik eta ohidurak babesten zuena.

Hizkuntza eremu desberdinetako auzoak izanik, hizkuntzaren aldetik banaturik sentitzen ziren herri bereko bi giza-taldeak… nahiz eta gero euskaldunak euskaraz, frantsesez eta biarnesez ere mintzatu elkarren arteko harremanak direla medio…

Hastapenean oztopoak fisikoak ziren, edo geografikoak. Oztopoa oihan trinkoa izan zitekeen edo muino altua, orduan, harreman bakarrak Biarnoko merkatuetan gertatzen ziren eta alderri euskalduneko gizonezko batzuk merkatuetara joaten ziren beren ekoizpenen saltzera. Eta ez zen beste harremanik. Gero errepide asfaltatua etorri zen, bizikleta, autoa…, eta gauza horiek lagundu zuten herri bereko euskaldunak eta biarnesak elkartzen, zenbaitetan. Orduan, duela mende bat, harreman oso urri urriak ziren herri bereko euskaldunen eta biarnesen artean eta gero, modernitatearekin batera, familiak hasi ziren hurbiltzen. Prozesu luzea izan zen. Bistan dena, gaur egun ez da batere oztoporik. Orduan, gaur egun denak nahasten dira, baina hori ez da bakarrik Eskiula aldeko kontua, hori Iparralde osoan gertatu da eta seguru aski Hegoaldean ere bai.

Euskararen jarraitasunean elizak ere bere lana egin zuen, Hego Euskal Herriko zenbait herritan bezalaxe, elizak ere eragina izan zuen auzo hauetako mintzaira euskara izatean…

Bai, hala da, eta erran daiteke zalantzarik gabe eliza izan dela Biarnoko euskaldunen komunitatearen ardatz nagusia. Elizak Biarnoko euskaldun guztiak biltzen zituen. Orduan, Biarnoko euskaldun gehienak Eskiulako eliztarrak ziren, eta beste batzuk, mugan bizi zirenak, Barkoxekoak. Orduan, elizak indar zentripetu gisa egiten zuen. Eskiulatarrek komunitate txikia osatzen zuten eta guztiak ziren askazi edo senide, odolez edo ezkontzaz. Ez dakit, Biarnon beharbada gehienez mila bat euskaldun bizi ziren eta denek elkar ezagutzen zuten, denek bazuten loturaren bat beren artean.

Eta udalek, ez dakit, Jeruntzeko udalak edo Eskiulakoak edo, nolako eragina izan zuten edo izan dute euskararen jarraikortasunean?

Udalek funtzio administratiboa bazuten, orduan, euskarari dagokionez Eskiularen kasuan ez zen euskararen aurkako mugimendurik, euskaraz egitea libre zen, eta batek euskaraz egin nahi bazuen euskaraz egiten zuen. Gero, paper ofizialetan beti frantsesez egin behar zen, nahitaez. Udalen antolaketak, bistan dena, euskararen kontra egiten zuen, zeren Eskiulan bizi ez ziren euskaldunek herri biarnes batera jo behar zuten eta bertan, edo frantsesez edo –baldin bazekiten– biarnesez egiten zuten, sekulan ez euskaraz.

Identitatearen harian, Biarnoko euskalduntzat duzu zure burua, ez biarnestzat...

Bai jakina, nire familia osoaren moduan, ni euskalduna naiz, ez biarnesa. Are gehiago, familian zuberotarrak sentitzen gara eta zuberotartzat jotzen dugu gure burua.

Gaur egun, nola eskolatuak dira bertan bizi diren haurrak? Bada Sohütako Ikastolara joaten denik? Nola ziren eskolatuak haurrak iragan hamarkada eta mendean?

Gaur egun Eskiulako haur guztiak Eskiulako Haur Eskolara badoaz. Nik dakidala, Sohütako Ikastolara bakar bat badoa. Azken hamarkadetan, edo hobeki erranik, iragan mendean, tokian tokiko haur eskolak baziren, auzo bakoitzean eskola txiki bat, zeren eta garai hartan bideak txarrak baitziren eta haurrak oinez joaten baitziren eskolara. Eta hori nik dakidala Frantziako bazter guztietan gertatu zen, tokian tokiko eskolak. Eta gero garraio publikoen garapenarekin batera haur eskola horiek desagertuz joan ziren. Euskarari dagokionez, eskolatze ia osoa erdaraz egiten da, Mixel Etxekopar ospetsua astean behin Eskiulako eskolara doa kantu batzuen irakastera, eta kitto! Euskaraz ez da deus gehiago egiten. Barkoxeko kasuan, aldiz, badute gela elebidun bat eta bertako haur anitz Sohütako Ikastolara doaz. Orduan, bi herrien egoera erabat ezberdina da. Batetik badugu Eskiulako kasua, non euskararen transmisioa familiarra den, eta Barkoxekoan aldiz haurrek euskara Haur Eskolan ikasten dute, edo Barkoxen bertan edo Sohütan.

Duela hamarkada batzuk, Eskiula Barkoxe baino askoz ere euskaldunago zen. Etorkizunari begira ez dakit kontuak zertan gertatuko diren, baina ezkor egon gaitezke, zeren eta jakin badakigu Iparraldean zer gertatzen den euskararen transmisioa familian galtzen denean. Gainera, Eskiulan familia erdaldun asko finkatu dira Oloroe hurbiletik etorririk, eta familia horietako askok ez dute nahi ikasgela elebidun bat egin Eskiulako Haur Eskolan. Eta hori jakinik, argi da oztopo bat gehiago dela eta euskararen kontra egiten duela.

Nola lagundu edo kontrako eraginik izan du herriok bizi duten banaketa administratiboak euskara zenbait arlotan errekonozitua duen Zuberoaren ondoan?

Banaketa administratiboak Biarnoko euskaldun batzuk ardatz euskaldunetik urrundu ditu, argi eta garbi. Jeruntzen bizi direnek, nahitaez, harreman gehiago dituzte Jeruntzeko herri barneko bizilagun biarnesekin, Eskiulako bizilagunekin baino. Baina egiazko arazoa ez da orain aipatu dudana. Egiazko arazoa da banaketa administratibo horrek ezezko dinamika bat sortu duela. Adibidez, duela gutxi Eskiulako zinegotziek bozkatu behar ukan zuten Oloroeko kantonamenduan egon nahi zuten ala ez. Eta azkenean Oloroekoan geratzea erabaki zuten, zerbitzu publiko asko Oloroetik baitatoz. Eta epe luzean, kontu horiek Eskiulako euskararen edo euskaltasunaren kontra egiten dute argi eta garbi. Zuberoako beste euskaldunengandik aldentzen baitituzte kontu administratibo horiek. Orduan oraingo egoera zera da, elizak indarra galdu du, eta eliza euskararen babeslea zen. Eskola frantsesak ez du euskara laguntzen eta bizilagun berriak ere anitzetan ez dira euskararen alde. Eta Oloroe aldeko administrazioak Eskiula irentsi du, nolabait.

Eskiulak harreman onak ditu Zuberoa zein Biarnorekin... ez ote du egiten giltzarri lanik Euskal Herri eta Biarno artean?

Bai, hala ikus daiteke. Eskiulatarrek harreman onak bai biarnesekin, bai zuberotarrekin eta beste euskaldunekin dituzte, eta hori izan daiteke aipatzen duzun giltzarri lan hau, eta eskiulatarrak bi munduren artean bizi direla erakusteko bi gauza aipatuko nituzke. Bata da, Eskiula Zuberoako Sindikataren kidea dela, eta aldi berean Oloroe mendebaldeko herri-elkargoaren kidea ere.

Eskiula Biarnon ere izanda, herri aktiboa da Zuberoako kultur ekitaldietan. Biarnoko beste herriotako auzo euskaldunetako biztanleek parte hartu dute inoiz Zuberoako kultur ekitaldietan?

Ni ez naiz oso iaioa kultur ekitaldietan baina badakit Baretos Haraneko euskaldun batzuek parte hartu zutela Eskiulako azken pastoralean. Kulturak ez ditu muga administratiboak aintzat hartzen.

Euskaldunontzat, Trebiñu Araba da. Zazpiak bat, lurraldetasuna oso barneratuta dugun kontua dugu. Josbaig eta Baretos haranetako etxalde euskaldun hauek... ere Euskal Herria dira. Ez genuke euskaldunok lurralde paradigma hau beste modu batez ulertu behar?

Ba nik ez dakit zer erantzun edo zer ihardetsi. Eskiula aldeko euskaldunek badakite Biarnoko lurretan bizi direla, historiak hola azaltzen baitu, baina aldi berean badakite euskaldunak direla eta Euskal Herriko kideak direla; euskaraz egiten dute, euskal kultura daukate, orduan horretan utziko dut auzia.

Zergatik idatzi duzu liburua?

Aipatu dut zenbat ikasi nuen osaba handiarekin, eta ohartu nintzen gauza asko desagertzekotan zirela eta desagertzekotan ziren gauza horien lekukoa nintzela. Eta horregatik erabaki nuen nik ikasitako guztia bildu behar nuela eta nolabait jakinarazi. Eta iruditu zitzaidan baliabiderik hoberena liburu bat idaztea zela.

Gainera, liburua maila didaktikoan egin nahi izan duzu…

Bai, hala da. Nihaurek gauza andana bat ikasi nuen eta badakit zer zaila den nik bilatutako argibideen aurkitzea, eta are gehiago datu horien sintesiaren egitea. Liburua gehigarriz josia da, irakurlearen laguntzeko moduan: mapak, taulak, sintesi-koadroak eta abar. Saiatu naiz irakurleari ikuspegi historiko orokor bat ematen eta zubereraren ikasteko pistak liburu osoan agertzen dira.

Erronka pertsonala izan da… zein izan da lanik nekezena? Kanpoko laguntzarik jaso izan duzu?

Ah, kanpoko laguntzarik gabe liburuak itxura erabat bestelakoa ukanen zukeen. Lehen laguntzaileak Biarnoko euskaldunak izan ziren, noski. Etxez etxe ibili nintzen galdezka eta anitzek beren etxeko atea zabaldu zidaten eta hori zinez eskertzen dut. Leo Lucuix eskiulatarraren laguntza paregabea azpimarratu nahi nuke. Aparteko ikertze lana egina zuen Eskiulako historiari buruz, tokian-tokiko artxiboetan murgildu ondotik. Nire iturri nagusietako bat izan da, ez soilik Eskiulako historiari buruz argitaratu zuen liburuagatik, baizik eta azken urteetan nirekin partekatu zuen informazio guztiagatik ere. Leoren berri osaba handiak eman zidan; biek senidetasunaren grina zuten eta Leok Biarnoko euskaldunen genealogia ere landua zuen.

Beste laguntzaile berezi bat 2010 urtean agertu zitzaidan ia ustekabean: Legazpiko ZingiZango Euskara Elkartea. Ormaiztegiko kide batek nire ikerlanen berri ukan zuen, nik egindakoa erakutsi nion, gustatu zitzaion eta elkartearekin harremanetan jarri ninduen. Horien eskutik unibertsitateko irakasle batzuk ezagutu nituen, aholku onak eman zizkidatenak, eta beste alor batzuetan ere lagundu ninduten ZingiZangokoek, diru-laguntzen eskatzeko (lan neketsua krisi garaian) eta diseinu kontuetan, besteak beste.

Legazpiko Zingi-Zango Euskaltzale Taldearen laguntzarekin, liburua Euskaltzaindiak duen Bilboko egoitzan aurkeztu duzue. Biarnon, eskualde euskaldunean, Eskiulan bederen, edo inguruan ezagutaraztea edo aurkeztea aurreikusten duzu?

Bai, liburuaren aurkezpena Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan egin genuen, apirilean. Aldiz, Eskiulako udalak ez du interesik azaldu. Nire asmoa da Oloroeko udaletxean beste aurkezpen bat egitea, eta hola aurkezpen bat eginen dugu Hegoaldean eta beste bat Iparraldeko mugan. Badakit Oloroeko alkateak interesik baduela, bere familia mugakoa baita, bera landatarra da, Landa justuki aztertutako eremuaren mugan-mugan dago; orduan ikusiko da zerbait egiten ahal den Oloroen.

Dena dela, liburu honek bere biki osagarria, aberasgarri izango zukeena bada: Euskal Herriko biarnesak, hots, Euskal Herrian bizi eta biarnesez mintzo diren lagunei buruzkoa, hala izan daiteke?

Ados naiz ideia interesgarria dela, baina nik uste beranduegia da: Iparraldeko euskara ahulezia egoeran baldin bada, Biarnoko hizkuntza, biarnesa, kinka larriagoan da. Eskiula aldean biarnesez egiten duten bizilagun guztiak adinekoak dira eta ez dute gehiago biarnesa baliatzen eguneroko bizitzan. Biarnesa oroitzen dute, eta galdera zuzenak egiten badizkiezu biarnesez egiten badakite baina biarnesak eguneroko izate hori galdu du aspaldi.

Eta Montorin ere badira biarnesez mintzo diren etxaldeak?

Bai, Montorin alderantzizko kasua dugu. Montorin, duela mila urte, kolono berriak etorrarazi zituzten Gaskoiniatik eta Oloroe aldetik eta montoriar berriei Oloroeko forua eman zieten kolono horien erakartzeko. Eta kolono horiek mintzo zuten hizkuntza ekarri zuten, jakina, zuberotarrek egin zuten bezala Eskiulako lurretan.

Jeruntzeko euskara ere, zure familian mintzatzen dena aztertua duzu. Jeruntzeko euskara eta zuberera estandarra oso antzekoak dira, baina badira desberdintasun txikiak. Zeintzuk dira nagusiki?

Kontu jakina da zuberera euskalki biziki homogeneoa dela, eta Eskiulakoa ere oso antzekoa da. Orduan Eskiulan ez da berezitasun handirik. Batzuk badira, hala ere. Askotan Eskiula aldean bikoteak badira, adibidez geroaldiaren azaltzeko eginen edo egineko erran daiteke, baina guztiak dira azaleko desberdintasunak. Baliteke biarnesa sartuagoa izatea Eskiulako euskaran baina nik ez dut azterketa zuzenik egin. Auzi horrek azterketa osoa merezi luke.

Gaur egun lehentasunezkoa jotzen da euskaraz ematen dituztenen testigantzak lehenbailehen jasotzea, eta hor dago esate baterako Ahotsak.com egitasmoa. Bada horrelako lana bertakoekin egiterik, edo egin da horrelakorik?

Nik dakidala zerbait egina da, eta Interneten aurki daiteke. Aramitzetar bat elkarrizketatu zuten eta elkarrizketa horiek webgunean sartu. Bistan dena, ongi litzakete elkarrizketa gehiago eginen balute, baina hori Ahotsak Taldearen kontua da.

Zuberoan euskararen egoera zaila da belaunaldi gazteenengan... nola dago Josbaig, Baretos haranetako auzotan gaur egun?

Josbaig haraneko euskara hilzorian da, bertan euskaldun gutxi bizi baitira eta guztiak adinekoak dira. Baretos haranean, aldiz, badakit euskararen egoera hobexeagoa dela, batetik bertan euskaldun gehiago bizi baitira eta bestetik guztiak ez baitira adinekoak, baina Baretos haranean ere egoera kezkagarria da.

Bai, baina zerk eragin du gaur egun euskararen galtzea. Nola izan da bertan bizi izandako familietan transmisio haustura?

Kontu hau iragan mendeko historiak azaltzen du, eta ez da bakarrik Eskiula aldeko kontua. Iparralde osoan gertatu zen eta nik erranen nuke Frantzia osoan ere gertatu dela, beste eskualdeetan. Mugimendu orokor bat izan zen, eta frantsesa nolabait modernitatearen hizkuntza bilakatu zen, nazio garailearena eta frantses kultura Iparraldean eredu bat zen. Gero euskararen kontrako politika aktiboak edo ez aktiboak gertatu ziren eta politika horien emaitzak ezagutzen ditugu.

Nor da Alaxeko Maixa ttipia?

Nire alaba. Nire alaba bizkaitarra da, baina pentsatu nuen liburuari esker jakinen zuela bera nondik datorren eta zein den bere arbasoen historia, eta ez dut zalantzarik horretaz oso harro sentituko dela.