Haur literatura ez al dago hezkuntzari lotuegia?
Hala hartzen da, orokorki, leku guztietan. Askok diote hezkuntzatik aske ere bizi behar duen arloa dela, eta halaxe behar luke nire ustez, baina errealitatea bestelakoa da. Hemen eskolei esker bizi gara, nahiz eta, Mariasun Landak berriki esan duen bezala, “liburu bat pedagogikoa da ondo idatzita dagoenean”.
Maria Teresa Anduetto idazle argentinarrak [Andersen saria jaso zuen 2012an] haur literaturaren balioa eta baloreak elkarren talkan jartzen ditu. Hezkuntzarekiko lotura estu hori kalterako dela dio, haur literatura fitxa didaktikoaren menpe jartzen duelako, beti zer edo zertarako balio behar izatea dakarrelako, eta arte orok behar duena ezabatzen diolako. Harekin bat nator, baina gu hemen bizi gara…
Euskal mundu txiki honetan, hain zuzen.
Bai, eta hemen dagoena dago. Hala ere, hezkuntza estrategikoki erabiltzea ongi dago, baina ez dadila izan, demagun, liburu jakin bat berdintasuna lantzeko dela esateko. Berdintasuna egunero landu behar da, liburuak lagun dezake, bai, baina literatura beste gauza bat da. Kate osoa dago jokoan finean, eta ondo legoke irakasleak ere kate horren jakitun izatea. Ematen du gaur gauza guztiek izan behar dutela praktikoak, erabilgarriak. Eta hori ongi dago, baina haurrari irakurtzen ikasteko balio izateaz gainera badu besterik ere. Literaturak, arte guztiek bezalaxe, emozioak landu behar ditu, magia eta ilusioa izan behar ditu. Horiek gabe ez dakit zer den; letrak eta papera, besterik ez.
Haur literaturak ez du ikasketa prozesuetan lekurik.
Handirik ez du. Irakasle eskoletan bada hizkuntza eta literaturaren didaktika, baina hizkuntzari oso lotua dago. Haur hezkuntzako moduluetan, berriz, tarte txiki-txiki bat baino ez zaio eskaintzen ikasgaiari.
Bartzelonan hiru urteko masterra dago. Hor sortzen dira adarrak, bitartekariak, liburuzain finak, irakasleak, kritikariak eta sistema osatuko duten nodoak. Guk horrelakorik ez dugu, baina badugu urtetan lanean dabilen jendea eta, beraz, oinarri-oinarrizko esperientzia. Esperientzia hori transmititzeko modua eratzea litzateke gakoa.
Ikastetxez ikastetxe egin duzu eskola. Zer ikusten da?
Dena ikusten da eskoletan. Ikusten da haurra, irakaslea, gurasoak, hezkuntza sistema, harremanak, zerk funtzionatzen duen eta zer ez... Esperientzia hori non geldituko da?
Zer aldarrikatzen duzu?
Nik neronek ez dut jada ezer aldarrikatzen. Nahi dudana egiten saiatzen naiz eta kito, bestela galdu egiten zara bidean, edo amorratu. Eta nik nahi dudana zera da: umea aurrean denean ahozabalik egotea, eta bitartekaria dagoenean, hura ere, gogotsu eta irribarretsu aditzen ari dela sumatzea. Garaiotan ahalik eta diru gutxienarekin ahalik eta gehien egin behar da, eta hori esperientziak dakar, neurri handi batean; esperientziak eta informazio gaurkotuak osaturiko oreka dinamikoak.
Haur eta Gazte literatura landu egin behar da, agertu, aldarrikatu eta erakutsi. Bideak eman behar zaizkio jendeari ezagutzeko. Normalizazioa behar du. Normalizatzen dena erabili egiten baita.
Haurrentzako poesia gero eta ugariagoa da.
Eta gainera zoragarria. Bada haur txikientzakoa, eta bada handiagoentzakoa ere. Izugarri gustatzen zaie umeei, eta gurasoei ere bai, deskubritzen dutenean. Arazoa betikoa da, eskoletan beldur direla, ez dutelako ezagutzen. Narrazioa da nagusi, eta idazketari dagokionez, batik bat, molde jakinetara bideraturiko testugintza.
Album ilustratuek ere gora egin omen dute.
Baina oraindik ez da aski ezagutzen eta gutxi erabiltzen da eskoletan. Haur eta Gazte literatura prestigio txikiko azpigenerotzat jotzen bada, pentsa zer diren album ilustratuak. Haur oso txikientzat direla uste dute gehienek. Eskoletara joaten naizenean 8-12 urtekoei ere erakusten dizkiet eta gustatu egiten zaie testuaren eta irudiaren kontrapuntua, baina, oraindik, konbentzio orokorrak dio irakurtzea letraz beteriko orri asko irakurtzea dela.
Liburu bakoitza mundu bat dela esaten da.
Bai, baina, ez: liburuak papera eta letrak dira. Liburuak pertsonek egiten dituzte −idazleek− beste pertsona batzuek −irakurleek− disfruta dezaten. Beraz, guk geuk ematen diegu bizitza liburuei. Jendea errezeta bila joaten da askotan ikastaroetara, ona zer den galdezka, baina, kontua ez da hain sinplea; ez dago errezetarik. Informazioa eman bai, baina gero, informazio hori norberak kudeatu beharko du, nahien, premien edo ahalmenen arabera. Nork bere errealitatera egokitu beharko du, umeak, egoerak, gustuak edota bizi-prozesuak oso desberdinak direlako han eta hemen. Aitzitik, bilaketa-egokitze prozesu hori polita izan daiteke, sortzailea ere badelako. Beraz, Haur literaturari bere garrantzia emateko eta balorea pizteko izan beharko lukete hiru tailer hauek. Oro har, hiruretan, emozioa landuko da, ilusioa landuko da, hori gabe haurrekin jai dagoelako, eta, nola ez, magia; magia ere, isiltasuna bezalaxe, guk geuk eraiki dezakegulako.
Letrari laguntzen dioten lagun ezkutuak ezagutuko ditugu: isiluneen oihartzuna, arreta pizgarria, intriga, emozioa, barne mundua. Lagun horiek gabe, literatura papera baita.
Zer behar izaten duzu zure tailerretan?
Eskoletan leku zabal bat nahi izaten dut. Aulkiak eta mahaiak erabiltzen ditut baina oso gogokoa dut espazio librea ere, antzezteko, tente irakurtzeko, mugitzeko, lurrean esertzeko… Helburua ez da isilik eta geldik egotea, nolabait “harrapatuta egotea” baizik.
Literaturaren funtzioa zein izan beharko lukeen azaltzen al duzu tailerretan?
Antropologia ikasi nuenean, tribu bateko jakintsu batek esan ohi zuena iltzatuta gelditu zitzaidan. Pertsonok hiru motatako jana behar omen dugu aurrera egiteko: ogia gorputza elikatzeko, lagunak bihotza alaitzeko eta kontuak arima sosegatzeko. Hortik abiatzen ditut nire tailerrak. Zeren eta, gorputza nola elikatzen den ongi dakigu, oinarri-oinarrian dauzkagu sabela betetzeko erritoak, titia nola eman, frutak noiz ematen hasi… Lagunen kontua ere aski jakina da…
Jakin behar ote da arimak zergatik ez duen sosegurik?
Neronek ere galdetzen nuen hori bera lehen, baina orain efektiboagoa iruditzen zait, besterik gabe, ekinez bilatzea, eta hor izan dezake liburuak funtzio laguntzailea. Umeekin, askotan, zeharkako mintzaira behar duzu haiengana heltzeko. Askotan, gauean ipuin bat kontatzen ari zara, eta bat-batean kontuak esaten hasten da haurra, halakok hau egin zidan, edo dena delakoa. Emozioen mundua hor dago, badu bere etxea, eta horretara heltzeko galdera zuzenek ez dute beti balio. Literaturak ez du beti atea zabaltzea bermatzen, baina gerta liteke giltzaren bat gordetzea.
Zer aldatu da hogei urteotan?
Gauza asko. Grinak berberak dira; arreta mantentzeko denbora, aldiz, asko laburtu da. Helduei dagokienez, haur literaturak jakin-mina pizten du; batik bat, haur txikien gurasoen artean. Esate baterako, aitak ere hasi dira tailerrak eskatzen. Donostian, Liburuaren egunean emandako hitzaldi-tailerrean erdi eta erdi ziren gizon-emakumeak. Ederki pasatu genuen.
Su-etena hitzartu eta hilabete bete denean, lehen faserako adostutako 33 bahituetatik 25 askatu ditu Hamasek. Israelek, berriz, 985 preso utzi ditu aske. Bigarren fasea martxoaren 2an da indarrean sartzekoa, baina bi aldeek jarraitu beharreko urratsak zehazteko daude... [+]
Gauzak ez dira izatez errazak, eta, izango da batagatik edo besteagatik, baina, azken boladan, mingainari behar baino gehiagotan egin diot kosk bi kontu hauengatik: sold out-aren kultura eta FOMOa –azken hori agian azaldu behar da, ez baita hainbestetan esana: esperientzia... [+]
Zedarriak Foroak Euskadi eta Europar Batasuna, oparotasunaren eta lehiakortasunaren patu partekatua txostena aurkeztu zuen urtarrilaren erdialdean. Bertan, EAErako gomendioak jasotzen dira, Draghik eta Lettak Europako Batasunerako aurkeztu dituzten txostenak erreferentziatzat... [+]
Hamasei migrante atxilotu zituzten otsailaren 6an Baionan, etorkinen eskubideen aldeko elkarteek salatu dutenez. Dirudienez, Baionako prokuradoreak eman zuen agindua. Operazioa autobus geltokiaren eta Pausa harrera zentroaren artean gauzatu zuen poliziak, tartean, adingabekoak... [+]
Kulturatik elkarteak antolatuta, Musika eta dantza Palestinarekin ekitaldia egin dute Alderdi Ederren gaur eguerdian. Palestinako herriari elkartasuna adieraztea eta jasaten ari diren genozidioaren bukaera eskatzea izan da helburua. Donostiako Udalaren Musika eta Dantza... [+]
Konturatu orduko, 119 arkume jaio dira etxean, eta hamahiru ardi baino ez zaizkigu gelditzen erditzeko. Aurrerakoak diren urruxak jada izendatuta dauzkagu; horrek, inplizituki, esan nahi du hiltegira eramango ditugunak zeintzuk diren badakigula. Bereizte ariketa horretan... [+]
Trebea, burutsua eta iheskorra; olagarro arruntak, izenak hala adierazten ez badu ere, aparteko trebetasunak ditu. Itsas molusku zefalopodo haragijale honek txundituta gauzka, bere ezaugarri eta ahalmen bitxiekin. Ornogabe guztien artean adimentsuena da, besteak beste.
Hotza gogor ari du. Ez denean, baina aurtengo neguan lurralde batzuk ederki jotzen ari du. Eta intsektuek nola irauten dute, udaberriarekin indarrean berragertzeko? Kaleko galdera izan dut bart. Hortik intsektuen adimendu eta buruargitasunera koxka ttikia dago. Berritu ditugu... [+]
Mauleko Euskalduna ostatuak urteak daramatza Zuberoako etxe ekoizle txikien produktuekin lanean, eta hiriburuko ostatu parean eraikin bat erosi zutenean proposamena egin zien laborari horiei berei: zergatik ez ireki hurbileko ekoizleen saltokia bertan? “Motibatuta zegoen... [+]
Irakurlea dagoeneko jakitun dateke Euskal Herrian askatasunaren alde egon den eta dagoen gatazka politikoaren ondorioz urte luzetan kartzelan, erbestean edota deportazioan bizi behar izan duten euskaldunak, etxerako bidean, beren bizitza berregiten hasteko izaten dituzten... [+]
Bi herrialdeekin arma nuklearrei buruz hitz egin nahi du AEBko lehendakari Donald Trumpek, ostegun honetan bere bulegoan kazetariei jakinarazi dienez.
EHUko Errektoretza Taldeak hedabideetara igorritako ohar baten bidez jakinarazi du neurria: "Unibertsitateak baieztatzen du salatu duten irakaslea jada klaseetatik at dagoela eta ez dela fakultatera joango kasua argitu arte".