argia.eus
INPRIMATU
Makro-epaiketak
“Kartzelara eraman nahi gaituzte, espetxeak nola hustu hitz egiteko garaia denean”
  • Urrian 80 pertsona epaituko ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak ETArekin lotura dutelakoan. Guztiak gazte mugimenduetan edo alderdi politikoetan aritu izan dira.

Lander Arretxea @larretxea 2021eko ekainaren 30a
Urriko bi makro-epaiketetan Madrilen epaituko dituzten auzipetuek agerraldia egin zuten Donostian.
Urriko bi makro-epaiketetan Madrilen epaituko dituzten auzipetuek agerraldia egin zuten Donostian.Argazki Press / Juan Carlos Ruiz

Urriaren 26an manifestazio nazionala egingo dute Bilbon, ezker ezker abertzaleko 80 militanteren aurka udazkenean abiatuko diren bi “makro-epaiketak” salatzeko. “Erasoen gainetik, Euskal Herria aurrera” leloak gidatuko du manifestazioa. Espainiar estatuaren jarrerak bake prozesua “trabatzen” duela adierazi dute auziperatuek Donostian egindako agerraldian.

Datorren urrian, guztira 80 auziperatu biltzen dituzten bi epai hasiko ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak: Batetik, “hamaika urtez kajoian gordeta izan duten” 35/02 sumarioari dagokiona, “herriko tabernen auzia” izenarekin ezaguna; bestetik, 2009ko Segiren aurkako sarekadaren ondoren auziperatutako 40 gazteei eragiten diena.

Karmelo Landa bozeramailearen hitzetan, legea oinarri hartuta euskal herritar “gehiengoaren borondatea ukatzen du” Espainiako Gobernuak. “Herri honek ezin du onartu atzera begira proposamenik gabe dabiltzan gutxi batzuek gurean horrenbeste ilusio sortu duen konponbidea oztopatzea. Kartzelara eraman nahi gaituzte, gu eta beste asko, espetxeak nola hustu hitz egiteko garaia denean”.

Landak adierazi duenez, Espainiako Gobernua “euskal gazteen aurka ari da behin eta berriz”, eta datorren astean Espainiako Auzitegi Gorenak Iruñerriko bost auziperatuen kondena baieztatu dezakeela gogorarazi du.