Parisko Bobignyn maiatzaren 3 eta 4an Frantzia osoko ziento bat medikuk eztabaidatu dute gizakiaren osasuna artatzearen aitzakiaz garatu den fenomeno kasik kontrolaezin batez: gehiegizko (eta gutxiegizko) medikalizazioa, diagnostikoa eta tratamendua. Gizakiaren autonomia eta osasungintza publikoaren finantzak arriskutan daudela zioten denek.
Gerard Delepine zirujauak zalantzarik gabeko bukaera eman zion “Prostatako minbiziak PSA bidez prebenitzea: eskandalu finantzarioa, giza hondamendia” hitzaldiari: “PSAren analisiak debekatu beharra dago”. Geroxeago, bazkaritan kazetari honek alboan zeuzkan bi medikuei kontatu zien Euskal Herrian gehienak harritu egingo zirela horrelakorik leituta. Haiek bai harritu ziren: “Baina, gizona, prostatako minbiziaren prebentzio hori hemen aspaldi dago zalantzan jarria!”.
Frantzian izango da, zeren eta Espainian, Hego Euskal Herri espainiartua barne, jendearen eritasunekin sentsazionalismotan ari zarela usteko baitute askok. Nola jarri zalantzan prostatako kantzerraren prebentzio kanpainak, are gutxiago emakumeen bularreko minbiziaren bila egiten diren mamografia galbaheketa masiboak? Oraintxe eskuratu ditugu-eta eskubideok!
Eta hala ere, mediku alternatiborik ez zen Bobignyko bilkuretan, Paris XIII unibertsitatean, koordinatzaile gehienak ziren mediku erretretadunak, bata medikuen elkargoaren etika batzordeko buru izana, bestea minbiziaren kontrako institutuko zuzendaritzakoa... Medikuntzaren merkantilizazioa aztertzera bilduak ziren bigarrenez: pertsonaren gehiegizko medikalizazioa, gehiegizko diagnostiko eta tratamenduak, eta horien ifrentzua, alegia herritar gero eta gehiagok nozitzen duen gutxiegizko artapena. Duela aste batzuk Net Hurbil batean aipatu bazen mamografien eztabaida (2363 zbkia.), prostataren prebentzio kanpainen eskandalua izan daiteke multinazionalek giza osasunaren gainean hartu duten kontrolaren adibide odoltsua.
Delepine doktoreak kopurua jarri zien Frantzian ezaguna den “Ez ukitu nire prostata!” kanpainaren argudioei: “500 milioi euro alferrik galtzen ditu urtean Frantziak jendea mutilatzeko”. Mutilatzeko?
Mediku askoren erreferentzia den Formindep (“Gizakien osasunaz beste interesik gabeko formazio eta informazio mediku baten alde” dio goiburuan) erakundeak bere webgunean dauzkan dokumentuen artean, batek laburbiltzen du familiako medikuak 50 urtetik aurrerako gizon bati esan beharko liokeen aholkua: “Nire gomendioa jakin nahi baduzu, estrategia erraza da: test horietatik onura baino kalte gehiago etorriko zaizkizu. Hori da Frantziako Osasun Agintaritza Gorenaren iritzia, AEBetakoarena, eta munduko aditu elkarte askorena. Nik ez dizut esaten ez duzula edukiko prostatako minbizirik: gizonen %3 hiltzen dira horretatik. Zorionez adin handiko gizonak harrapatzen ditu: 80 urtekoak batez beste, 70 azpitik %0,1 baino ez ditu hiltzen.
Osasungintzako agintariak bezala ni ere ez naiz fio froga horiez, ez ditu biziak salbatzen (...). Aldiz, kanpaina horrek eragiten ditu batzuetan ezintasun sexualak eta pixa-jarioa adin gazteko gizonengan, prostatako biopsiengatik eta beste tratamenduengatik sortzen diren istripu larriagoez gain”.
Urologo asko diren moduan PSA proteinaren (prostatako minbiziaren zelulen adierazgarritzat jo izan den markatzaile polemikoa) eta horrekin batera behatzez prostataren handitasuna ukitzearen aldekoak, horrek minbizia goiz hautematea dakarrelakoan, gero eta mediku gehiago daude kanpaina horien kontra. Hauen ustez estatistikek erakusten dute hilkortasun tasa ez dutela horiek gutxitzen, eta, ordainetan, osasun oneko gizon askoren bizimodua hondatzen dutela. Asko aipatu da prostatako operazioagatik ahalmen sexuala galdu duten gizonen eta pixa kontrolatu ezin dutenen kasua. Baina askoz urrunago doa arazoa, Bobignyn salatu zenez.
50 urtez goitiko gizon askoren prostatetan aurki daiteke kantzer-zelularen bat, 60 urteko gizonenen erdienetan. Baina horietatik batzuk bakarrik bilakatuko dira tumore, hauetatik batzuk garatuko eta azken hauetatik bakan batzuk suertatuko hilgarri. Dio Formindepek: “PSAren aurreikuspen ahalmena %30ekoa da, erran nahi baita PSA ‘ez-normala’ daukaten 100etik 70ek ez daukatela inolako kanzerrik”.
Bobignyn mintzatu zen Yver mediku anato-patologo gaztea. Espezialista hau baita zirujauek bidaltzen dizkioten muestrak analizatzen dituena, kantzerrik baduten eta izatekotan zein motatakoa esan dezan, Yverrek esplikatu zuen gero eta gehiago iristen zaizkiola prostatak eta baita bestelako organoak ere erabat sanoak. Beste askotan, tumoreen tipoko zelula bakan batzuk dauzkate... “eta horiek nola izendatu?” galdetzen zion bere buruari ozenki. Eta ororen buru, salan onkologo bati entzuna ziolarik demostratuta dagoela zenbait tumorek berez egiten duela atzera, berez sendatzen dela alegia... “azkenean ohartzen zara gero eta gehiago jende sanoa ari garela operatzen”.
Prostatako minbiziaren txekeoa, bularreko minbiziarena, kolesterola dela eta masiboki kontsumitzen diren botikak... Mendebaldeko medikuntzak azken hamarkadotan hartu duen bide okerraren sintomak baizik ez dira Bobignyn bildutako medikuentzat, eta mundu osoan salaketan ari diren beste askorentzako. Zer salatzen dute?
Ekonomiaren eta bizi sozialeko gainerako alorretan bezala, osasunaren kudeaketaren jabe korporazio handiak egin dira. Medikuntza eta oro har osasun zerbitzuak ez dira honez gero gaixo dauden jendeak artatzeko hauen osasun beharrekin eta batez ere beldurrekin negozio egiteko jarduera merkantilak baino. Horrela mintzo zirenak ez dira mediku gazteak, edo aktibista alternatiboak, hitzok eta gordinagoak esan zituen sarrerakoan Didier Sicard (1938) doktoreak, Frantziako medikuen etika batzordeko presidente izana Jacques Chiracek izendaturik.
Farmaziako multinazionalek beren interesen arabera aldarazi dute osasun sistema osoa. Kimika eta energia alorretan ere ari diren konpainia erraldoiok kontrol kasik erabatekoa daukate. Edozein lege aurrera atera bezala oztopatzeko lobbyak mugiarazten dituzte. Marketin adar gogorrez aldarazten dute iritzi publikoa. Saltzaile armada baten bidez eragiten dute medikuen erabakietan.
Bankuek beren etekinak handitzeko zorpean ito dituzten bezala erakunde publikoak, antzeko logika darabil farmaindustriak: osasunaren diru guztia niretzako. Osasuna horrela ulerturik, erremedioen eta tratamenduen fakturazioa bihurtu da helburu nagusi, ez herritarren ongizatea.
Irabazkiak handitzeko estrategia eta taktika ugari dituzte multinazionalek. Botiketan, zahartu direlako merke geratu diren asko merkatutik kentzeaz gain, gaitz bakoitzarentzako ez eraginkorrenak baina garestienak sustatzen dituzte. François Pestyk Bobignyn aurkeztutako “Efficience des médicaments de l’hypertension” komunikazioa argigarria suertatzen da honetan.
Orain daukan ikuspegi kritikora iritsi aurretik hain juxtu hipertentsioarentzako botiken arloko salmenta-buru izana den Pestyk demostratu du nolaz –Interneten dago agiria, frantsesez– eraginkortasun frogatuena daukaten erremedioak direla merkeenak... eta medikuek gutxien errezetatzen dituztenak; aldiz, garestienak eta onurak aski erakutsi ez dituztenak dira gehien gomendatu eta kontsumituak. Milioi askoko galerak dagizkio honek osasun sistema publikoari. Baina behin marketin sistema abian jarri ostean, zeinek eta nola lortu medikuen eta gaixoen beren jokabidea aldatzea?
Etienne Foisset mediku gazteak azaldu zuen medikuen bulegoetan goizero ikusten diren bisitatzaileek zer nolako garrantzia daukaten botiken erabakiotan. “Etude de l’impact de la visite medicale sur la qualité des prescriptions des medecins generalistes bretons” izeneko bere doktorego tesia laburbildu zuen. Frantsesez dakiten medikuek leitu beharko lukete, Inerneten daukate doan.
Foisset, ehundik gora medikuren artean azterketa eginik, ondoriootara iritsi da: bisitariok hartzen minutu gehien pasatzen dituzten medikuek ematen dute minutu gutxien gaixo bakoitzarekin, leitzen dute gehien doako prentsa medikua (multinazionalen publizitatez pagatua), gutxien leitzen pagatuzko prentsa mediku independentea, eta horiek berak dira botika gehien agintzen dutenak eta gainera batez beste garestienak. Harrigarria bezain egia.
Bobignyko jardunaldien tituluak iradokitzen duenez (“Surmedicalisation, surdiagnostique, surtraitements”) botika gehiegi eta garestiegi kontsumitzetik askoz harago doa osasunaren gaineko manipulazioa.
Prostata eta bularreko kantzerren prebentzioak bezala balizko hiperkolesterolemiarekiko zabaldu den paranoiak eta beste adibide askok erakusten dute gaixotasunen merkatua zabaltzean datzala gakoa farmaindustriarentzako.
Gaixoaren eta osasuntsuaren arteko marra ezabatuta, 1923an Jules Romainsek asmatu Knock doktoreak esaten zuen moduan (Knock ou le Triomphe de la médecine antzerkian) inor ez dago sano, osasun oneko gizakia da gaixo dagoela oraindik ohartu ez dena.
Gaixotasuna zabaldu da gaixotzeko arriskura, hortik berriro zabalduz tratamenduan jartzeko gaixotzeko arriskura hurbiltzen ari direnak. Horretarako analitiketan mugak aldatu behar baldin badira, aldatu eta listo, galdetu zure medikuari zer gertatu den kolesterol edo tentsioarenekin bezala beste hainbesterekin azken urteotan.
Disease mongering deitzen zaio teknikari, Pharmacritique blog funtsezkoa animatzen duen Elena Pasca filosofoak azaldua du, beste askorekin batera. Sexualitatearen funtzioak medikalizatu dira. Haur bihurriak edo irakaslea zozoegia dutelako soberan mugitzen direnak hiperaktibotzat diagnostikatzen dira, eta medikalizatzen: AEBetan aspaldi hasi zen hiperaktibitate epidemia Euskal Herrian urteotan ari da zabaltzen.
Kolesterolaren kasuan... kazetari honek esanik Euskal Herrian zein serioski begiratzen dien mundu guztiak bi kolesterol famatuen arrastoei, inguruko medikuak harritzen ziren. Kolesterola da, beste ezaugarri asko bezala, medikuak pertsonaren beste osagaiekin batera aztertu behar duena, sekula ez bakarka. Horrela ez egiteagatik, behar ez duen jende asko ari da kolesterolarentzako botika hartzen, honek berak eragin ditzakeen kalteekin alderatuz gero batere interesgarria ez dena. Diru galera handia izateaz gain gizartearentzako.
Bobignyko biltzarrean arduradunetakoa zen Jean Claude Salomon doktoreak argi adierazi zuen: “Ez dugu erori behar murrizketa ekonomikoak ezarri nahi dituztenen zepoan. Diru publikoak diagnostiko, botika eta tratamendu handiegietan xahutzen direla salatzen dugunean gu ez gara eskatzen ari diruok gutxitzea, diruak ondo erabiltzea baizik”.
Gehiegizko medikalizazioak ifrentzu baitauka gutxiegizkoa. Neoliberalismoarekin gizarte barruko etenak eta ezberdintasunak ugaritzeko joera bera ari da gertatzen osasungintzan, pribatizazioa indartzea barne. Gero eta botika sofistikatuagoak eskaintzen zaizkie batzuei, baina aldi berean herritar asko, funtsean txiroenak eta adinean aurrera joandakoak, oinarrizko artapenik gabe uzten dira bazterrean. Pobreziak jendeen bizi kalitatean eta baita bizirauteko itxaropenean ere eragina dauka, eta asko dira hori gure begien aurrean gertatzen dela adierazten duten ikerlan estatistikoak.
Diru publikoa etekin pribatuetara bideratzeko logika neoliberala beste honetan ere nabari da: gero eta tratamendu garestiagoak batzuentzako eta aldi berean gero eta mediku gutxiago, gero eta minutu gutxiagoko bisitak, gero eta diru gutxiago artatze pertsonalizaturako. Sos guztiak diagnostiko garestitan, tratamendu garestitan, botika garestitan doaz... nahiz eta horien eraginkortasuna demostratu gabe egon. Hau baita multinazionalek lortutako garaipen funtsezkoenetakoa.
Bobignyko biltzarrean azken hizlarietakoa Nicole Delepine izan zen. Pediatra eta onkologoa, besteren artean publikatuak dauzka “La face cachée des medicaments” (Botiken alde ezkutua) eta “Le cancer, un fleau qui raporte” (Kantzerra, etekin handiko negozioa). Berotzen da eta berotzen du Delepinek.
Hipokratesen zina (“Lehenbizi, kalterik ez egitea”) ahazturik mediku morroi bihurtu dela gaurkoa. Akulturazio estrategien mende: hiru urte baino zaharragoa dena ahaztu dugu! 1990 arte erabilitako terapiak baztertu dira, baita eraginkorrak ere. Medikuntza salgai dago. Burtsan kotizatzen da. Gainera, Frantzian 2017an Gizarte Segurantzak bere monopolioa galduko du.
Multinazionalek ezarri dituzten protokoloen aurrean bakarrik daude bai medikua eta bai gaixoa. Azken urteotan minbiziarentzako baina baita gaixotasun immnunitario askorentzako erabiltzen diren terapia berri ugari ez daude nahikoa frogatuta, arrisku handiak dauzkate, farmaindustriak lortu du horiek pasaraztea lehen botikak merkaturatzeko zeuden kontrol eta testak bortxatuta.
Ororen buru, zioen Delepinek, bere eskuetara iristen diren gaixo askori osasun sistemak dilema beldurgarria eskaintzen dio aukeran: edo onartzen duzu nik eskainitako tratamenduaren giza-akuri izatea, edo bazterrean utziko zaitut abandonaturik, eutanasia faktikoa.
“Hain beltz bukatu behar al duk artikulua” kexa liteke irakurlea. Ez arrazoirik gabe. Bada egia on bat ere: badira mediku kritikoak egoera hau salatzen ari direnak. Argian horien berri ere eman eta emango dugu. Bobignyn esan zituztenak, Interneten azaldu ahala, webgunean laburbilduko ditugu.
Marc Jamoulle mediku belgikarrak definiturik, munduan zabalduta dago frantsesez prevention quaternaire deitua. Bobignyko jardunaldietan hark egin bezala azaltzea merezi du: gero eta gehiago herritarrak prebentzioa behar duela gehiegizko osasungintzak ezarritako medikalizaziotik babesteko.
Lehen prebentzioa da gaixotasunen kausak ebitatzea; txertoekin, esaterako. Bigarrena, gaixotasuna garaiz harrapatuta larriagotzea eragoztea. Hirugarren mailakoa, gaixotasun batek larri edo kronikoa izateagatik sortu ditzakeen ondorioak saihestea.
Baina gizartea gehiegizko medikaliazio, diagnostikatze eta tratamenduen gurpilean erori denean, herritarraren osasun onak eskatzen du laugarren mailako prebentzioa, kuaternarioa, Jamoullek honela definitu duena: “Gehiegizko medikalizazio arriskuan dagoen pertsona edo populazioa identifikatu, medikuntzaren esku-hartze inbasiboetatik babestu eta proposatzea zainketa eta tratamendu etikoki onargarriak”.
Hortxe kokatzen da farmaindustriaren eta mediku onen arteko borrokagunea. Mediku ona osasuntsu dagoen herritarrak osasuntsu jarrai dezan saiatzen da. Osasungintzako sos guztiak berentzat nahi dituzten multinazionalek konbentzitu nahi dute osasun on hori itxurazkoa duela, gaixotasuna garatzen ari dela barruan. Denok hil behar dugula ahantzarazita.
Udazken betean gaudela arnas bideei erreparatu beharra daukagu, garai honetan ia gehienok izango baitugu katarroren bat. Hori bakarrik denean gustura, arnasbideetako gaitz larriagoak zeharo gaiztotuta dabilzkigulako azkenaldian. Gure artean aurre zaintza egitea ohitura zabaldua... [+]
Artea eta zientzia elkarrengandik oso urrun egon daitezkeela dirudien arren, biak gustuko ditu Maider Mimi (Maider Triviño) zientzialari eta artistak (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1997). Ikerkuntzan, antzerkian, musikan, bakarrizketetan, poesian eta beste gauza askotan dabil... [+]
EHUn Medikuntza euskaraz ikasteko plaza gehiago behar al diren galdetuta, hori EHUk erabaki behar duela erantzun zuen berriki Jaurlaritzak. Orain, ordea, datorren ikasturterako Medikuntzan 40 plaza gehiago eskaintzeko akordioa egin du Jaurlaritzak unibertsitate publikoarekin,... [+]
Biziki ernegatzen nauen kontua da nola mintzo ohi zaion sendagile zenbait pazienteari. Minaz mintzo zaizkigu umeak bagina bezala. Dagoneko giltzurrun bi transplante egin dizkidatenez gero, badakit zertaz ari naizen: besteak beste, tutu bat zakilaren barnean jarri didate bietan... [+]
Enpresak 2020tik eskaintzen zituen anbulantzia zerbitzuak Bizkaian eta Araban, eta “Irtenbiderik egokiena” dela balioetsi du Jaurlaritzak. Osasun Sailak “kontratuak betetzen direla ziurtatzearren” jarraipen-batzorde bat sortuko duela iragarri du.
Eusko Legebiltzarrera heldu da gaia, eta pobrea izan da Eusko Jaurlaritzaren erantzuna. Osakidetzak medikuak falta dituen arren, apenas handitu diren Medikuntza ikasteko plazak EHUn. Gainera, karrera euskaraz ikasteko plaza gutxiago eskaintzen dituzte espainolez baino, nahiz eta... [+]
Krisi egoeran idatzitako gogoetak eta lagungarri egin zaizkion tresnak jasotzen ditu Iratxe Etxebarria kazetariaren 7.300 miligramo eszitalopram liburuak.
Xumea, alaia eta energia handikoa da Olga Garate (Iruñea, 1964). Bizikletan ibiltzea dauka pasio eta familia da bere lehentasuna. Erizain laguntzailea da, eta lana “izugarri” gustuko duen arren, behin betiko lanerako ezintasuna eman diote, minbizi kronikoa... [+]
Hori esan zidan ikasle ohiak, asko kostata jarri zuen salaketa hilabeteak pasata ez aurrera ez atzera zegoela epaitegian eta, psikologoak aholkatuta, bortxaketa salaketa kendu egin zuela. Eta ni isilik, ezin asmatu zer esan oraindik ere antsietate zantzuak zituen gazteari... [+]
Sare Elkarteak antolaturik chemsex fenomeno soziokulturalaren inguruan mintzatzeko jardunaldiak antolatu dituzte Iruñean.
Onintza Enbeitak bere urriaren 1eko zutabean lodifobia salatu zuen ginekologoari egindako bisita batean bizi izandakoaren harira. Denok gorputz berean sartzeko tema denok bizi dugula esan genezake, eta esaten da, eta egia da, denok entzun ditugu zerak, baina egia da baita ere... [+]
Sinadura bilketa abiatuko dute Aiaraldea osoan osasun sistema “publiko eta duina” aldarrikatzeko. Hala jakinarazi dute gaur goizean Urduñako Kontsultategiaren aurrean eginiko agerraldian. Aiaraldeko hainbat herritako bizilagunak bildu dira bertan, Osakidetzan... [+]
Bada urtebete udazkeneko bederatziurrenak nola egin artikulua idatzi nuela eta berriz ere urtaroak eskatzen digun lanaz idatzi beharra daukat. Izan ere, gibel garbiketa egiteko sasoia dugula esanez publikazio dezente ari naiz ikusten sare sozialetan eta kezka eragin dit. Orain... [+]
Alzheimerraren inguruan haurrekin naturaltasunez hitz egitea du helburu ‘Arrain bat bezala’ antzezlanak. “Zenbat eta lehenago landu orduan eta gutxiago estigmatizatzen da”, nabarmendu du Ana Maestrojuán zuzendariak.